Antoni Gaudiren azken etxea izan zen Bartzelonako Casa Batllo ezaguneko hirugarren solairua bisitatu daiteke jada, lehen aldiz. Urtarrilean bigarren solairua ere zabaldu zuten, arte galeria bilakatu dutena. Lau milioi euroko inbertsioarekin, arkitektu katalanaren etxea zaharberritu dute, jatorrizko egitura eta diseinua mantenduz.
«2019ra arte etxe honetan bizi izan zen Marimon Ballo andreak 70 urte eman zituen hemen. Bere amaginarrebaren etxera etorri zen bizitzera, eta hura Ballo jaun-andreen alaba zen. Bere amaginarrebarekin urte ugari bizi izan zen, eta horregatik 1920ko, 1930eko eta 1940ko hamarkadetako gauzak azaldu ahal izan zizkigun, gerora, etxea aztertuz, baieztatu ahal izan ditugunak. Geruza berrien azpian jatorrizko egitura aurkitu dugu», azaldu du Xavier Villanueva zaharberritze arkitektuak.
Geruzaz geruza, hamarkadaz hamarkada, aro desberdinak azaleratzen joan dira, eta orain ikusten diren estuko hormak, sabaietan ikusten diren elementu margotuak, sabaiko estuko lanaren uhin formak, etxearen barneko eta kanpoko zurgintza guztia, elementu zirkularrak dituzten moldurak, ate eta leihoetako burdineria guztia, zoruak, labeko estaldura... etxean ikusten den guztia, aurretik bazegoen etxean, baina izkutuan.
Villanuevarentzat etxeko gauzarik bereziena koloreen eta argiaren transizioa da. «Pintura geruzen eta horma-paperaren azpian agertu dira estuko hauek. Tonu horixkatik berdeetara, eta gero arrosetara igarotzen dira, guztia kolore eta argi trantsizio bikain batekin. 20 metro baino luzeagoak diren etxeetan, askotan, barne patioetara ematen duten eremu ilunagoak daude. Hemen, ohartuko zara gela guztietako argi kantitatea apartekoa dela».
Casa Batlloko arduraduna den Blanca Quintanak azaldu bezala, nahiz eta hirugarren solairu hau bisita kulturalaren baitan ikusi ahalko den, ideia da espazio pribatuak eskaintzea eta bezeroek behar dutena erreserbatu ahal izatea.

