GAUR8

40 urte ETB2 emititzen hasi zenetik

1986ko maiatzaren 31n, Euskal Telebistaren gaztelaniazko katea emititzen hasi zen. Lehen urrats haietatik ez da polemikatik salbu egon ETB2, euskararen sustapenarentzat lagungarria ez izateaz gain, egoera alegal batean aireratu eta arlo politikoan eztabaida sutsuak eragin zituelako. 

‘El Conquistador del Caribe’ da egun ETB2ko izarra.
‘El Conquistador del Caribe’ da egun ETB2ko izarra. (EITB)

Gurean TVEren monopolioa hausteko sortu zen ETB2. Duela 40 urte, gaur bezalako egun batean hasi zen emititzen; hau da, ETB1 baino hiru urte geroago eta, horrela, RTVEren monopoliotik kanpo bi kanal eta gaztelaniazko lehen kanala zituen lehen telebista autonomikoa bihurtu zuen EITB erakunde publikoa. 

Jose Mari Gorordo, gerora Bilboko alkatea izango zena, orduko EITBko zuzendari nagusia zen (1985-1987). Bere blogean kontatu izan du nola ‘kozinatu’ zen gaztelaniazko kanalaren sorrera. Inork ez zuen argi ikusten. 

Hauxe irakur daiteke: «1986. urtea. Telebista bakarra zegoen, TVE, %100 inguruko audientzia portzentajerekin. EITB telebista-kanal bakarra zuen, euskaraz, eta albistegi bat eguerdian, gaztelaniaz. ETB-2ren agerraldiak oihartzun politiko handia izan zuen, baita nazioartean ere. Kanala martxan jarri zenean, arazoak izan ziren. Aurretik, EAJk berak ez zuen argi ikusten eta PSOEren Gobernu zentrala kontra zegoen. Beste talde politiko batzuk eta enpresa-interes pribatuak ere aurka agertu ziren. Nire harridura adierazi nien eta ez zuten beste erremediorik izan: Ardanza zela aurka zegoena aitortu zidaten». 

40 urteren buruan, gizartea, hedabideak eta gure errealitate soziolinguistikoa erabat aldatu dira. EITBren eredua dago zalantzan. Aurten, gainera, ETB3 y ETB4 itxi dituzte.