Kazetaria / Periodista

Borrokalari indigenek AEBko armada garaitu zutenetik 150 urte bete dira

Little Bighorngo batailan indigenek AEBko armada garaitu zutenetik 150 urte bete dira. Lakotek eta txeieneek bereziki baina Ipar Amerikako mugimendu indigenak oro har, beren borrokaren une gorenetako gisa aldarrikatzen dute.

Little Bighorngo guda gogoratzen duen monumentu nazionala.
Little Bighorngo guda gogoratzen duen monumentu nazionala. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Nire birraitona Little Bighorngo batailan egon zen. Ameriketako Estatu Batuei bandera harrapatu genien. Herri gutxik esan dezakete hori. Errusiak edo Txinak ere ez». Duela hilabete Eugene Alexis nakota tribuko hizkuntza-arduradunak esandako hitzak dira, mende eta erdi lehenagoko gertaerak zenbaterainoko inpaktua izan duen azpimarratzen. 1876ko ekainaren 25ean eta 26an, lakotek, iparraldeko txeieneek eta arapahoek osatutako borrokalarien batasunak Ameriketako Estatu Batuetako Armadako Zalditeriako Zazpigarren Erregimentu ezaguna txikitu zuten. Bataila hartan lakotek Armada estatubatuarrari harrapatutako bandera Standing Rock erreserban dago gaur egun.

Nazio bat Ameriketako Estatu Batuei guda-zelaian gailendu zitzaien lehen aldia izan zen. Baita azkena ere. Little Bighorn izena geratu da historia-liburu gehienetan. Bertako indigenek “belar koipetsu” deitzen diote Little Bighorn ibaiari, eta «Custerren azken defentsa» ere esan izan zaio. Borrokaldi hartan Tȟatȟáŋka Íyotake (Zezen Eseri) eta Tȟašúŋke Witkó (Zaldi Ero) buruzagiek gidatutako gudariek Zalditeriako Zazpigarren Erregimeneko buruzagi militarra hil zuten, beste 250 soldadurekin.

CUSTERREN AZKENA

Custer azkena izan West Point-eko akademia militarreko graduazioan, eta ez zirudien ezertan nabarmenduko zenik. Baina handik gutxira Gerra Zibila piztu, eta Batasunaren aldeko borrokaldiek eskala militarrean gorantz egitea ahalbidetu zioten; 1865eko apirilean, Lee jeneral eta presidente konfederatuaren errendizioan egon zen.

Gerra amaituta, mendebaldera bidali zuten Custer, «indiar gerretara». Gerra zibilak ahuldutako armadak porrot mingarria jasan zuen Maȟpíya Lúta edo Hodei Gorri buruzagi lakotaren esku, ordura arteko handiena. Hala, 1868an lakota indigenek garaipen gisa irakur litekeen hitzarmena sinatu zuten Gobernuarekin, Fort Laramieko Ituna. Horren bidez, Siux Erreserba Handia sortu zen. 240.000 kilometro karratuko lurralde burujabe erraldoia zen (Euskal Herria halako hamabi) eta Bozeman Trail kolono zurien mendebalderanzko bidearen itxiera zekarren. Lurraldearen erdialdean lakotentzako sakratuak diren Mendi Beltzak zeuden.

Mendiok izan ziren zurien lukurreriaren pizgarri eta itunean sinatutakoa hautsi zuena, eta Custer jenerala izan zen horren guztiaren arduradun: 1874ko udarako, mila soldadu bidali zituen, ofizialki postu militar bat sortzeko kokapenen bila, baina urre miaketak egitera egiaz. Zezen Eserik aurreko urteetan hunkpapa lakoten lurraldea igaro nahi zuten trenbide-egitasmoei eraso egin zien, baina, harroputz, belarraren sustraietan ere urrea zegoela esan zuen Custer jeneralak. Milaka kolono zuri lakoten lurralderantz abiatu ziren. Indigenen erresistentzia kolono-taldeen karabanei erasoz iritsi zen. Armadak ere lehen kolonoak kanporatu zituen 1875eko hasieran. Handik gutxira, dena aldatu zen. Zenbait lakota buruzagi Washingtonera joan ziren 1875ean, Gobernuari sinatutakoa bete zezala eskatzera. Ulysses S. Grant AEBko presidenteak bestelako asmoa zuen, eta 25.000 dolar eskaini zituen lakotek Mendi Beltzak utz zitzaten, eta Indiar Lurraldera, gaur egungo Oklahomara, joan zitezen. Hodei Gorrik leku hura arrotza zitzaiela eta etxean geratu nahi zutela erantzun zion, nahi bazuten, kolono zuriei emateko Oklahoma. Bitartean, Zezen Eseri geroz eta buruzagi errespetatuagoa bihurtu zen. Era berean, bisontea gutxituz zihoan, AEBk berariaz landutako politika baten ondorioz: Ordokietako herri nomaden oinarrizko elikagaia ezabatuz, gosea ekarri eta Washingtonen aginduetara jartzeko beste neurri bat bihurtu zen.

Grant presidenteak, probokaziorik gabe indigenei eraso ziela argudiatu ez zedin, beteko ez zen agindu bat eman zuen: kanpoan ehiza-taldeetan ziren lakota eta txeiene guztiek beren erreserbaren mugen barna behar zuten 1876ko otsailaren lehenerako. Osterantzean, etsai izendatuko zituela gaztigatu zien.

Martxoaren 17an, negua amaitu gabe, Montanako lurraldean txeieneen kanpamentu bati eraso zioten, Zaldi Zoro bertan zelakoan. Soldaduek herria txikitzea lortu bazuten ere, txeieneek militarrek atzemandako zaldietako batzuk berreskuratzea lortu zuten biharamunean. Are garrantzitsuago, erasoak txeieneen eta lakoten arteko erresistentzia-koalizioa sendotzea ekarri zuen. Ameriketako Estatu Batuek, ordokietako negu luzearen zailtasunen jakitun, gerra udaberri amaierara atzeratu zuten, ekainera.

GARAIPEN INDIGENA

Lehen batailen ostean, lakoten, txeieneen eta arapahoen kanpamentuan 10.000 lagun inguru zeuden udako solstizioko dantzarako. Bestela ere, udako kanpainetarako elkartu ohi ziren, ordurako ordokietan barna zebiltzan bisonteak ohi baino askoz gutxiago ziren arren. Udako dantzaren zeremonian, Zezen Eserik profezia bat izan zuen: hildako estatubatuarrak eta garaipen indigena. Profeziak are gehiago hauspotu zuen kanpalekuan bildutakoen gogoa. Soldaduak crow eta arikara indigenen laguntzarekin natibo errebeldeen bila ari zirela jakinik, are zentzu handiagoa zuen elkartuta egoteak. Ekainaren 25ean begiztatu zuen kanpalekua George Armstrong Custer jenerala buru zuen AEBko Zalditeriako Zazpigarren Erregimentuak. Hamabi dibisioz eta 700 soldaduz osatutako indarra zen.

Custer's Last Stand hilerria, Montanako estatuan. (WIKIPEDIA)

Custerrek indigenak ezustean harrapatuko zituen erasoa nahi zuen, baina ordurako indigenek militarren arrastoen berri zutelakoan, berehala ekitea erabaki zuen. Esploratzaile batek inoiz ikusi zuen talde handiena zela ohartarazita ere, entzungor egin zion jeneralak. Aurpegi Erdi Hori (Ischu Shi Dish, Half Yellow Face) crow esploratzaileak profetikoki esan zion: «Zu eta biok ezagutzen ez dugun bide batetik joango gara gaur etxera».

Handik zenbait ordutara, 268 militar hilik zeuden gudu-zelaian. 55 zaurituetako seik ere ez zuten bizia salbatzerik lortu. Indigenen artean zailagoa da zenbaketa, gorpuak jaso eta kanpalekua berehala sakabanatu zelako. 30 eta 40 borrokalariren arteko hildako-kopurua aipatu izan da, baita borrokan parte hartzen ari ez ziren hamar emakume eta haur ere.

EMAKUME BORROKALARIA

Emakume gehienek haurrak mendian gora borrokatik kanpo eraman zituzten, baina hainbat izan ziren borrokan parte hartu zuenak ere. Hamarkada luzez isilpean izan zen Mutsimiuma borrokalariaren izena esaterako (Buffalo Calf Road Woman edo Bufalokumearen Bideko Emakumea); duela hogei urte bakarrik, 2005ean, jakinarazi zuten kontalari txeieneek bere istorioa, 130 urteko isiltasuna hautsiz. «Gobernuaren mendekuen beldur» izan zuten kontakizuna isilpean: Mutsimiuma izan zen, txeieneek diotenez, Custer zalditik erauzi zuena. Ez pistolaz, makilaz edo borraz kolpatuta baizik.

Little Bighorn baino egun batzuk lehenago, ekainaren 17an, historia-liburuetan “Rosebud-eko bataila” izena daukan borrokaldia izan zen. Txeieneek baina, “neskak neba salbatu zuen bataila” deitzen diote. Zaldia bota berri zioten txeiene buruzagi bati, eta, hura akabatzera zihoazenean, arrebak, Mutsimiumak, zaldi gainean kargatu zuen estatubatuarren aurka, eta neba salbatzea lortu zuen. Handik bederatzi egunera, Custer jeneralari heriotza ekarri zion kolpea eman zion.

Little Bighorngo txikizioaren albistea AEBko ekialdeko hiri handietara iritsi zenerako, astebete baino gehiago igaro zen. 1876ko uztailaren 4a zen, herrialdearen independentzia-aldarrikapenaren urteurrena. Filadelfia izan zen ospakizunen gune nagusi, baina AEBko hiri eta herri gehienetan mendeurrena ospatzen ari zirela, Armadak jasandako porrot handiaren albisteak erabateko shock egoeran utzi zuen herrialdea.

MITOA

Custerren emazteak senarraren balentrien mitoa zabaldu zuen, eta zenbait hamarkada geroago, AEBko heroien kontakizun hori hauspotu zuen Hollywoodek. “Botak jantzita hil ziren” filmean Errol Flynn aktore ezagunak antzeztu zuen Custer heroiaren rola. 1970eko hamarkadan hasi ziren bertsio ofizial patriotikoak zalantzan jartzen zituzten pelikulak heltzen, Dustin Hoffman protagonista daukan “Little Big Man” (Gizon Handi Txikia) lanak, esaterako, Custer harroputz eta gerrazalea aurkezten du.

Uneko garaipenak, mendeku handiagoa izan zuen ondorio. Ibaiertzeko kanpamentua berehala mugitu behar izan zuten indigenek, eta talde bezala sakabanatu ziren: Zezen Eseri txeieneekin joan zen hasieran. Militarren presiopean eta gosetuta, errenditzea erabaki zuten txeieneek. Zaldi Erok ere, ia beste urtebetez borrokan eman ostean, bere burua entregatu zuen Fort Robinsonen 1877an, beste 900 lakota borrokalarirekin batera. Handik hiru hilabetetara, baionetaz hil zuten soldaduek.

Zezen Eserik lau urte eman zituen Kanadan erbestean. Gerora, 1890eko abenduan, atxilotzera zihoazen Standing Rock agentziako poliziek tiroka hil zuten. Handik bi aste eskasera, Wounded Kneen 300 lakota indigena sarraskituz hartu zuen AEBko Armadak Little Bighorngo porrotaren mendekua. 1980an, AEBko Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Mendi Beltzak indigenei kentzea legez kanpokoa izan zela, eta 105 milioi dolarreko kalte-ordaina agindu zuen. Lakotek ez zuten onartu, eta ez dute dirua ukitu: Mendi Beltzak itzultzea aldarrikatzen dute.