Ilargi Avila
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Gorka Bidarte
Baso-suhiltzailea

«Suteak luzatzen direnean gau osoan lan egiten egon gaitezke»

Gorka Bidarte baso-suhiltzailea Tafallako suhiltzaile parkean, lanean erabiltzen duen materialarekin.
Gorka Bidarte baso-suhiltzailea Tafallako suhiltzaile parkean, lanean erabiltzen duen materialarekin. (Iñigo URIZ | FOKU)

Klima-aldaketa dela eta, azken urteetan baso-suteak maizago gertatzen hasi dira, eta Euskal Herriko flora eta fauna suntsitzen ari dira. Gorka Bidarte, 42 urteko espartzarra, 15 urte darama Nafarroako suhiltzaile parke ezberdinetan, baso-suhitzaile gisa lanean, suteak itzaltzen eta prebenitzen. Bere osabak probara aurkeztera animatu zuen.

Nolakoa da lanpostua lortzeko gainditu behar den proba? Prozesu luzea eta zaila al da?

Lehen, urtero proba fisiko bat pasatu behar zen udan lan egiteko. Estabilizazio prozesua dela eta, lankide berri batzuk probak egin gabe sartu dira. Langabe-poltsatik ere lankide batzuk etorri dira. Orain, lehen aldiz, oposizio bat antolatu du Nafarroako Gobernuak, bete gabe dauden plazak finkatzeko. Gehienok Nafarroako Gobernuko langileak gara; beste batzuek kontratu administratiboa daukate.

Nola prestatzen da proba? Zer motatako galderak eta ariketak gainditu behar dituzue?

Orain arte, Nafarroako Suhiltzaile Zerbitzuak daukan baso suteen liburuxka bat ikasi behar zen eta Nafarroako geografia ere bai. Batez ere baso suteak zer diren jakitea eskatzen da, non sartzen zaren jakiteko. Proba fisikoari dagokionez, ni sartu nintzenean proba Cooper testean eta baloi bat jaurtitzean zetzan. Orain, motxila batean 12 kilo sartu eta mendian bueltatxo bat eman behar da denbora jakin batean. Esan bezala, orain oposizioa izango denez, aldaketak egon daitezke.

Zein dira baso-suhiltzaile izateko ezinbesteko baldintzak?

Baldintzarik ez dugu. Batzuk fisikoki oso ondo daude eta kristoren lana egiten dute. Beste batzuk helduagoak dira, baina kristoren esperientzia daukate eta askotan zer egin eta zer ez egin gomendatzen digute. Gero, denetarik egiten duten pertsona oso langileak daude. Brigadetan pertsona ezberdinak gaude, baina guztiok egiten dugu ekarpenen bat. Talde sendoa gara.

Baso-suhiltzaileak basoetan eta mendietan suteak itzaltzen imajinatu ohi ditugu, baina ziur beste lan batzuk ere egiten dituzuela. Zer funtzio bete behar ditu baso-suhiltzaile batek? Zertan datza zuen lana?

Gure funtzio nagusiak suteak itzaltzea eta prebentzio lanak egitea dira. Sute guztietan hainbat arlo kontrolpean izan behar ditugu: non daukagun eremu segurua, sutearen zer partetan gauden, nondik ihes egin dezakegun, zer landare mota erretzen ari den, zer eguraldi egiten duen eta zer espero den… Segurtasunarekin lan egiteko gauza aunitz.

Udan batez ere suak itzaltzen ditugu eta neguan prebentzioari garrantzi handiagoa ematen diogu, nahiz eta baso sute asko izan, batez ere Baztanen eta Pirinioetan. Neguko suteak ez dira hain ‘mediatikoak’ eta nire ustez ez zaie daukaten garrantzia ematen. Denboraldi horretan lan fisiko handia egiten dugu, izan ere, ezin gara kamioiekin mendietara igo eta suteak urik gabe itzaltzen ditugu. Asko ikasten da neguko suteekin.

Neguan bakarrik 54 lagun gaude eta prebentzio arloan lan handia dago egiteko. Nafarroako Gobernuak kontratazio kopurua handitu behar du lan potentea egiteko aukera izan dezagun. Prebentzioan hainbat lan sartzen ditugu: erreketak egin, zonak ezagutu, ur baltsak sasitu helikopteroek ura arazorik gabe hartzeko, hidranteak berrikusi, etab.

Kontatuko al zenuke baso-sute bat gertatzen denean zer urrats egiten dituzuen? Nola antolatzen zarete esku-hartzeetan?

Gure parkean txirrina jotzean elkartzen gara eta lehenengo informazioa entzuten dugu. Non den, zer erretzen ari den, pertsonak edo animaliak arriskuan dauden ala ez. Jarraian, jantzi eta martxan jartzen gara. Gero, bidaian buruzagiek informazio gehiago ematen digute. Parke bakoitzak bere lan zona dauka, baina askotan beste parkeei laguntza ematera joaten gara.

Nolakoa da lanegun bat suterik ez dagoenean?

Suterik ez dagoen egunetan guk gure prestaketarekin jarraitzen dugu. Txandara sartzean informazio saio bat egiten dugu, zer eguraldi izango dugun jakiteko, zer errepide dauden moztuta ikusteko edota azken egunetan izandako suteak aztertzeko. Eguerdian eta arratsaldean maniobra ezberdinak egiten ditugu eta kirola ere bai, noski.

Urtean zenbat hilabetez egiten duzue lan? Zenbat irauten du baso-kanpainak?

Gaur egun bi kontratazio mota ditugu. Kontratu luzea, 9 hilabetez, 54 pertsonarentzat eta kontratazio motza, bakarrik 4 hilabetez, 180 pertsonarentzat. Neguko kanpaina urtarrilean hasi eta maiatzean bukatzen da eta udakoa ekainetik urriaren 15era arte irauten du. Gure ustez, 365 egunerako lana dago, 180 pertsonarentzat.

Zuen lan-antolamendua txandakakotasunean oinarritzen da. Nola funtzionatzen dute txandek?

Gure lan txandak printzipioz 12 ordukoak dira eta gaur lan egin eta gero bi egun jai ditugu. Horrela 9 hilabeteetan. Teorikoki horrela izan beharko litzateke, baina suteak luzatzen direnean gure ordutegia luzatzen da eta gau osoan lan egiten egon gaitezke. Suhiltzaile zerbitzua sutearen aurrean gehienez 8 ordu egoteko helburua ezarri da. Gaur egun, hainbat arrazoirengatik ezin da lortu, baina helburua positibotzat ikusten dugu.

Parke bakoitzak bere langile kopurua dauka. Adibidez, Tafallan, Lizarran eta Cordovillan egunero bi baso-brigada prest ditugu. Brigada bakoitza 3 gidari eta 2 peoiz osatzen da. Horrela, egunero hamar baso-suhiltzaile prest dauzkagu. Baso-suhiltzaile brigada beti kabo suhiltzaile baten ardurapean dago eta berak emandako aginduak betetzen ditugu.

Gutxi gorabehera, zenbat kobratzen du baso-suhiltzaile batek baso-kanpainaren denboraldian?

Nafarroan behintzat soldata nahiko ona da eta ez gara kexu. Gure arazo bakarra kontratu motzak dira. Lau hilabetez lan egiten duten lankideak prekarizatu-ta daude, ezinezkoa baita lau hilabeteko enplegu batekin bizitzea eta lehen esan dizudan bezala, lan asko dago egiteko.

Egoera hau dela eta, oso baliotsuak diren lankideak beste lanbide batzuetara joaten zaizkigu. Nafarroako Gobernuak Legebiltzarrean baso-suhiltzaile talde berezia sortuko zuela hitzeman zuen eta oraindik ez dago martxan. Honekin batera, aipatu bezala, kontratazio kopurua eta lan egunak handitzea gustatuko litzaiguke.

Nolakoa izan da zure esperientzia orain arte? Positiboa edo negatiboa izan dela esango zenuke?

Nire esperientzia oso positiboa izan da. Alde batetik, egiten dugun lana asko gustatzen zait, lan gogorra baina polita baita. Oso pozik joaten naiz lanera. Bestetik, gure artean daukagun giroa asko gustatzen zait. Azkenean elkarrekin ordu asko pasatzen ditugu. Gero, lanetik kanpo ere elkarrekin hainbat jarduera egiten ditugu. Bigarren familia moduko bat sortu dugu. Suhiltzaile parke guztietan kristoren giroa dago. Hau garrantzizkoa da gero, lan egitea tokatzen denerako.

Datorren urtean lanpostu horretan jarraitzea pentsatu duzu? Zergatik?

Urte askoz suhiltzaile finkoa izaten saiatu naiz. Azterketa teorikoak nahiko ongi egiten nituen, baina gero igeriketarekin topo egitean suspenditzen nuen. Aurten suhiltzaile subofizial oposiziora aurkeztu naiz eta gutxigatik plaza finkoa atera ez arren, interino bezala sartuko naiz irailetik aurrera. Pena handiz, baina baso-suhiltzaile postua utziko dut beste abentura bat hasteko. Betiko lankideak faltan botako ditut.