Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Eskuineko beldurra gora, ezkerreko beldurra behera

Duela aste batzuk, Gasteizko Legebiltzarrean oso gutxitan agertzen den gaia jorratu zuten: delitu zibernetikoena. EH Bilduk egindako galderei erantzunez, Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuak azaldu zuen urtero 28.000 inguru gertatzen direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hori delitu guztien %20 dela. Kreditu-txartel bidezko ordainketen etengabeko hedapenak zerikusi handia du horrekin. Hobeto ulertzeko, egunero mota horretako 76 lapurreta gertatzen dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bakarrik kontuan harturik. Lapurreta horiek ez dira labana eskuan egiten, jakina, eta ez dira prentsako titularretan agertzen (ezta “Loquenotecuentande...” motako sare sozialetako kontuetan ere).

Legebiltzarreko saioan argi geratu zenez, litekeena da delitu zibernetiko horiek 28.000 baino askoz gehiago izatea. Alde batetik, komisaria batean salatzeko urratsa ematen baduzu, laster azalduko dizute ia ezinezkoa izango dela dirua berreskuratzea. Bestetik, horrelako lapurreta bat jasan duzula kontatzeko lotsa izaten da askotan. Izan ere, labanaz lapurtu badizute, biktima sentituko zara arrazoi osoz, baina, txartel bidez lapurtu badizute, tonto sentituko zara, ez besterik.

Beraz, nolabait, delinkuentzia zibernetikoa ikusezina da. Lehendik ezagutzen genuen “delinkuentzia zuria” delakoari batzen zaio. Ustelkeria, adibidez: Espainiako Estatuan ondasun publikorako 60.000 milioi euroko galera kalkulatzen da urtero. Jar dezagun berriro giza eskalan kopuru hori: 1.224 euro pertsona bakoitzeko, argiagoa ikusten da orain, ezta?

Ustelkeria puri-purian dago eztabaida politikoan, etxebizitzaren prezioa bezalaxe: gaur egun inork ez du zalantzan jartzen eskala handiko lapurreta bat dagoela honetan, iraunkorra. Zenbait elikagairen edota gasolinaren prezioak etengabe puztu dira artifizialki azken urteetako krisi geopolitiko bakoitzean, gauzen benetako balioaren igoerarekin bat etorri gabe. Agiri ofizialen tasez ere hitz egin genezake, edo autoan eraman beharreko gauzez, edo beste hamaika kontuz...

Lapurtzen digute, bai, askok lapurtzen digute, baina dena ez da zigor penalaren arloan jazarria, ezta gizartean asumitua ere. Evaristo Paramosek duela 40 urte osatu zuen zerrenda, eta oraindik ere indarrean jarraitzen du ñabardura askoren beharrik gabe: «Banqueros, unos ladrones/ sin palancas y de día/ políticos estafadores/ juegan a vivir de ti/ fabricantes de armamento/ eso es jeta de cemento/ las religiones calmantes/ y las bandas de uniforme./ La droga publicitaria/ delito premeditado/ y la estafa inmobiliaria».

Aldea bada 40 urte hauetan, ordea. Eskuinak, bere tresneria osoarekin, delinkuentzia batzuk ikusgarriagoak eta beste batzuk ikusezinagoak izatea lortu du. Beldurra librea eta humanoa da, nola ez, batik bat lehen lapurreta xiringa batekin eta orain labana batekin egiten bada. Baina bidezkoa eta arrazoizkoa ere izan beharko luke. Eskuineko beldurrak ezkerreko beldurrak baino askoz pisu handiagoa du egun. Eta La Polla Recordsen kantu hark ere aurreikusi zuen zergatia: «Delincuencia es todo aquello que os puede quitar el chollo». •