GAUR8

Valentziako metroaren istripua, bi hamarkaden buruan ahaztu ez den tragedia

Gaur 20 urte bete dira Valentzian 2006ko metro-istripu larria gertatu zenetik: 43 pertsona hil eta beste 47 zauritu ziren. PPk egin zuen kudeaketa politiko polemikoa da ziurrenik gaur egun oraindik ere gehien oroitzen dena; are gehiago, 2024ko Danaren kudeaketan orduko ajeak sumatu dira.

Hildakoen omenez eraikitako monumentua.
Hildakoen omenez eraikitako monumentua. (WIKIPEDIA COMMONS)

2006ko uztailaren 3a astelehena zen. 13.03ak aldera, 150 pertsona zeramatzan Metrovalenciako tren baten bi bagoi errailetatik atera ziren Jesusen geltokitik gertu dagoen bihurgune batean. 43 pertsona hil ziren –horietatik 21 Torrente herriko biztanleak– eta beste 47 zauritu. Larrialdi-sistemak huts egin zuen. Eta ez zen lehen aldia.

Valentziako Generalitatearen Trenbideen (FGV) mendeko da Metrovalencia sarea. Eta orduan gertatutakoa Europan lur azpiko tren batean gertatutako tragediarik handiena izan zen. Halere, dagoeneko itxita dagoen Canal 9 telebista publikoan ez zuten albistegia zabaldu tragediarekin, Aita Santuaren bisitarekin baizik.

Benedikto XVI.a Aita Santuak Valentzian lur hartu baino egun batzuk lehenago gertatu zen ezbeharra eta horrek Francisco Camps PP buru zuen Valentziako Gobernua baldintzatu omen zuen. Lehenengo istripua ezkutatu zuten eta gero hil zen metro gidariari soilik leporatzen zion bertsioa zabaldu zuten.

Kudeaketa politikoa, beraz, lotsagarria izan zen. PPren jokabide baten isla, 2024an gertatu zen Danarekin ikusi zen bezala.

Bi hamarkaden buruan, Barret Films produkzio-etxe valentziarrak ‘0 responsables’ (‘0 arduradun’) berriz abiaraztea erabaki du. Tragediaren bertsio ofiziala dinamitatu zuen web-dokumentala berriz aktibo dago 2024ko urriaren 29ko Danaren kudeaketarekin dituen paralelismoak seinalatzeko.

2012an hasi zen Barret biktimengana hurbiltzen, istripuaren seigarren urteurrenean. Ikus-entzunezko baten enkargua jaso zuenean, Valentziako gizarteak bizkarra eman zion errealitate batekin topo egin zuten. Jordi Evoleren ‘Salvados’en esku utzi zuen egin zuten ikerketa guztia eta 2013ko apirilaren 28eko ‘Salvados’-en emanaldi batek historia aldatu zuen. 

Gorteetako orduko presidente Juan Cotinok Évoleren galderei eman zion erantzuna –«Ez dut ezer esateko, ez zuri eta ez inori»– itxikeria instituzionalaren adibide bihurtu zen. Erreakzioa berehalakoa izan zen. 

2014ko otsailean, Auzitegiak auzia berriro ireki zuen. Horren ondorioz, espetxe-zigorra ezarri zien Generalitateko lau zuzendariei, zuhurtziagabekeria astunagatiko 43 homizidio delitu egotzita.