Pasioa behar da, gero!
Ikastolako patioan normalean mutilek bakarrik jokatzen zuten futbolean; besteok (neskek eta mutil ez-normatiboek, garai hartan ez baikenekien zer zen ez-binarioa izatea, eta, marikoia zer zen bagenekien arren, ez genuen ondo ulertu) petrilean eserita egoten ginen, baina beraien festa partikularrera gonbidatzen gintuzten noizean behin. Aldizkako eskuzabaltasun ariketa horietan, futbolean onenak ziren bi mutilek hartzen zuten taldeak osatzeko ardura. Elkarren aurka jokatu behar zuten derrigorrez, lehia ahalik eta paretsuena izan zedin bermatzeko eta, bidenabar, haien arteko mutil-dema elikatzeko. Gu guztion aurrean jartzen ziren biak, eta txandaka esaten zituzten aukeratutako jokalarien izenak. Neskak mutilen izenak ahitu zain egoten ziren, M. eta ni salbu, gehien-gehienetan bizpahiru mutil-izenen aurretik eskatzen baitzituzten gureak. Harro desfilatzen nuen nire hautatzailearen bizkarrera, baina pena ematen zidaten atzetik aukeratzen zituzten mutilek: M. eta ni mutilen kategoriara ‘igotzeak’ automatikoki eragiten zuen bizpahiru mutil horiek nesken kategoriara ‘jaistea’.
Berez, nire aurretik aukeratzen zituzten bizpahiru mutilek baino hobeto jokatzen nuen futbolean, baina anaitasunagatik hartzen zituzten ni baino lehen, haien ‘berezko’ kategoriari euts ziezaioten: mutilak ziren, beraz, futbolari onak. Kuriosoa da; horrek ez ninduen haserretzen; M. nire aurretik aukeratzeak, aldiz, bai. Mutiletan infiltratu nintekeen arren, ongi erakutsi baitzidaten zein zen niri zegokidan kategoria.
Arratsalde batean, futbolean on-ona zen hautatzaileetako batek desafioa bota zidan: ea nork egiten zituen baloiarekin toke gehiago. Bera hasi zen, eta ez dut ondo gogoan, baina uste dut hogeita hamar inguru egin zituela. Primeran akordatzen naiz nik ehun pasa egin nituela. Ehun! Baloia erortzen utzi nuen. Biok bakarrik ginen, inork ez zuen gertatu zena ikusi. Nik amari bakarrik kontatu nion; uste dut ez zidala sinetsi, eta ez dut uste hark inori kontatu zionik. Ziur nago, hala ere, patriarkatuari hankazpian juanikote bat atera zitzaiola orduan.
Urte batzuk beranduago, beste desafio bat bota zidan futboleko entrenatzaileak: ezetz zelaitik aldageletaraino bidea baloia lurrera erori gabe tokeak eginez eraman. Arrazoi zuen; behin erori zitzaidan baloia, baina entrenatzaileak (gizonezkoa) ez zuen begiratu ere egin erronka gaindituko nuela egiaztatzeko, eta berdin-berdin jan nuen agindu zidan txokolatina.
18 urterekin talde handiago batek fitxatu ninduen (asko gustatzen zitzaidan “fitxatu” hitza erabiltzea), eta nire gurasoek ordaindu behar izan zuten fitxa. Garai horretan, ikastolako patioko hautatzaileetako bat ere fitxatu zuen beste klub batek, baina hari jokatzeagatik ordaindu egiten zioten, bere taldea nirea baino kategoria bat beherago zegoen arren.
Hogei urterekin utzi nuen futbola, jadanik jolasteko adinik ez nuela ulertuta, eta ez nituen ulertzen jokatzen jarraitzeko hautua egin zuten emakumezko futbolari zaharragoak. Pasioa behar da, gero, etengabe kanpora bultzatzen zaituen leku baten barruan geratzeko.
Kirola, egun antolatzen den eran, sistema binarioa eta zisheteropatriarkala betikotzeko tresna eraginkorrenetako bat denez gero, ez dut imajinatu ere egin nahi zer nolako esperientziak idatz ditzaketen pertsona transek. Zer nolako pasioa behar duen trans batek profesional mailan aritzeko. Eta zenbaterainoko grina pizten duen faxismoak Nazioarteko Olinpiar Batzordean, emakume transei parte hartzea debekatzera iristeko. Transfobiarekin ez dago jolasik; haren kontra jokatzea dagokigu. Nik transak, marikak, bollerak eta ez-binarioak nahi ditut nire taldean, eta, noski, M. ere bai. •
Zero

Euskaraz «ez du berdin sonatzen»? Idatzian euskara esanindartzeko gakoak

«Behin errotonda bati buelta eman genion hernaniar bat bonboarekin kabinan eserita»

