GAUR8

Genero ikuspegia duten hirigintza jarduketak bultzatuko ditu Gipuzkoako Aldundiak sei herritan

Gipuzkoako Foru Aldundiak 115.000 euroko zuzkidura duten laguntzak berritu ditu udal gehiagotara heldu eta  hirigintza arloan genero ikuspegia duten lanak egin ditzaten. Abaltzisketa, Soraluze, Pasaia, Larraul, Irura eta Arrasate dira finatziazioa jasoko dutenak.

Arrasaten, genero ikuspegidun hiri diagnostikoa egingo dute finantziazioari esker.
Arrasaten, genero ikuspegidun hiri diagnostikoa egingo dute finantziazioari esker. (Jon URBE | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Sailak genero ikusoegia duten hirigintzako jarduerak finantzatuko ditu Abaltzisketan, Soraluzen, Pasaian, Larraulen, Iruran eta Arrasaten. Guztira, 115.000 euro baino gehiago bideratuko dira udaletara, eta horietatik %84 lanak egiteko izango da. 

Azahara Dominguez diputatuak azaldu du aurten berritu egin dituztela genero-ikuspegia txertatzeko laguntzak, herri gehiago inplikatzeko asmoz. «Kaleak, plazak, parkeak edo ekipamenduak diseinatzeko moduak berdintasunean nola mugitzen garen, nola bizi garen elkarrekin eta nola gozatzen dugun espazio publikoaz baldintzatzen du. Horregatik, ezinbestekoa da herritarren esperientzia eta premien aniztasuna kontuan hartuko duen ikuspegia txertatzea», adierazi du Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Foru diputatuak.

Zehaztu duenez, laguntza horiei esker, besteak beste, Abaltzisketako hainbat eremutako argiak hobetu ahal izango dira. Horren helburua da segurtasuna handitzea, batez ere emakumeena. Era berean, Soraluzen komun publiko berriak eraikitzeko proiektua dago,  eskuragarriagoak eta seguruagoak izan daitezen.

Pasaiako «mapa morea» ere egingo da, puntu ilunak identifikatu eta genero-ikuspegidun hiri-diagnostikoa egin ahal izateko, eta Larraul eta Asteasu arteko oinezkoentzako bidean argiak jarriko dira, batez ere emakumeentzako ibilbide segurua bermatzeko.

Irurako San Migel plaza, bestalde, genero-ikuspegiz oinezkoentzako bihurtu eta eraldatuko da, espazio publikoaren irisgarritasuna, segurtasuna eta erabilera hobetzeko, eta genero-ikuspegidun hiri-diagnostiko bat egingo da, Arrasateko hirigintza-plangintza berriaren oinarri izateko. 

Dominguezek «oso positibotzat» jo du Gipuzkoako udalek dirulaguntzen deialdian egindako aldaketen aurrean emandako erantzuna; izan ere, «iaz bi udalek bakarrik aurkeztu zituzten eskaerak, eta aurten, berriz, seik».

Ildo horretan, «Gipuzkoa berdinzaleago baterantz aurrera egitea erronka partekatua da, eta erakunde guztien konpromisoa eta lankidetza eskatzen du», azpimarratu du.