Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Herriaren erretratu on bat

Zugazart-en tira batzuekin egindako muntaia.
Zugazart-en tira batzuekin egindako muntaia. (GAUR8)

Pena handia daukat, baina egia esan behar badizuet, ez nuen uste Zugazart zazpi urtez GARAko marrazkilaria izango zenik. Izan den bezain oparoa izango zela, bai; baina aldi laburragoa aurreikusten nuen. Ez Unai Iturriarengatik, ez bainuen ezagutzen, baizik eta gauzek hartu duten abiaduragatik. Beste proiekturen bat gurutzatuko zela eta Unaik utzi egin beharko gintuela sinisten nuen. Egia esateko, gure herriaren eskalak ez du hori gertatzea laguntzen, baina daukan egituraketak ere ez dio mesederik egiten.

Guztira 2.000 tira baino gehiago izan dira, izugarrikeria hutsa. Gure proiektuaren ezaugarri orokorra da hori, maiz larritzen nauena. Egunero kaleratzeak, hainbeste produktu eta kanal izateak, ekoizpena izugarria eta gobernagaitza izatea dakar. Batzuetan, gauzak ezin dira askoz hobeto esan-edo. Eta beti ez diogu zuku guztia ateratzen. Zugazart ez da salbuespena, ondare aberatsa utzi duen arren.

Tirak berrikusiz, herriko hamaika kausak, beren eskaerak, jarrerak, akatsak edo garaipenak biltzen dituzten binetak azaltzen dira. Palestina; euskararen aurkako erasoak eta horiei nola aurre egin; kulturaren eta sortzaileen kezkak; euskal presoak eta askatasuna; errepresioa eta erresistentzia; memoria historikoa eta inpunitatea; beste herriekiko elkartasuna; feminismoa eta feministak; hango eta hemengo borroka soziolaboralak; politika publikoen kritika… Dena dago bilduta, aldakorra baina antzematen erraza den estiloarekin. Jakina, Zugazartek euskara izan du ardatz, horixe delarik bere ekarpenaren alderdi nabarmenetako bat.

Gero “biktimak” daude, nolabait esateko, gure herriaren kontakizunean hain garrantzitsuak direnak. Zugazarten Urkullu fantasia bat da. Bihar, 7Kn aterako den elkarrizketan, pertsonaiak Urkullutik zenbat duen eta beretik zenbat duen aipatzen du Unaik. Honezkero, Euskal Herri Langilearena da. Benetako Urkullu irudikatzen dut, haserre agertzeagatik haserre.

Collageak asko gustatzen zaizkit, betidanik. Adibidez, aurtengo egutegia, Unaik Joxe Azurmendiren heriotzaren harira egindako ilustrazioa berreskuratzen duena, zoragarria da. Jabetzen naiz beste batzuek gehiago gozatuko zutela hitz-jokoekin, hieroglifoekin, Iturriaga bertsolariaren alderdiarekin, tirei hainbesteko jokoa ematen dien horrekin.

Unaik bere marrazkietan hobekien islatu duen gauzetako bat gure garaiko giza harremanak dira: bikoteak, laguntasunak, gurasoak eta seme-alabak… Jakina, animaliekiko harremana ere oso gizatiarra da, “Txakurre”-ren aurrean makurtu denean bezala.

Denbora honetan guztian Unai ezagutzen joan naiz, eta hori ere plazera izan da. Harritzen nau marrazkilari gisa iruzurti sentitzeak. Uste duena baino marrazkilari hobea da, pentsatzen duen bezain sortzaile ona edo are eta hobea ere bada. Artista da, finean. Bere izaera obsesiboak larritasunaren eta samurtasunaren arteko zerbait eragiten dit. Ikasi du tira bakoitzarekin bere burua ez torturatzen -lanbide honetan ezinbestean ikasten den zerbait-, baina etengabe zalantza egiten jarraitzen du. Ziurrenik, izaera obsesiboarekin batera, horixe da bere diskurtsoari sakontasuna ematen diona. Gustatzen zait zerbaitez harro agertzen denean. Unai aldi honetan GARAko marrazkilaria izanak harrotasunez betetzen gaitu gu.

Gure kausak, gure protagonistak, gure miseriak, gure balioak, gure lekua munduan… Hori da Unaik urte hauetan islatu duena, zorrotz, graziaz eta elegante. Horixe da, azken finean, gure lana. Tasio gogoan, nola ez… Eskerrik asko, Unai! Eta ongi etorri, Exprai! •