Erdigunea
Aurreko astean egin zen Oñatin “International Association for the Economics of Participation” kongresua. Elkartea 1978an sortu zen eta, besteak beste, langileen jabetza, etekinen banaketa, kudeaketa parte hartzailea eta demokrazia ekonomikoa lantzen dituzten ikerlarien bilgunea da. Ez da gai hauetan dabilen sare bakarra, baina izango da zaharrenetakoa. Bertan elkartzen diren ikerlariek aztertzen dituzte parte hartzea haien jardunbidearen erdigunean kokatzen duten hainbat enpresa eredu, adibidez, kooperatibak. Aldiz, eredu zehatz batekin konprometitzeaz harago, elkarteko ikerlariak batzen dituen ideia bat datorrenekoa da: eskala, abiadura edo hierarkia ardatz dituen eredu ekonomiko batean ere ona da parte hartzea, eragin positiboa baitu produktibitatean, langileen ongizatean edo talentua erakartzeko gaitasunean. Bestela esanda, parte hartzea ekartzen dute ekonomiaren antolaketari buruzko debatearen erdigunera.
Lehen oinarria da langilea dela bere lanaren jabe eta, hortaz, badu bere lanaren antolaketan parte hartzeko eskubidea. Ikuspegi klasikoan lana soldataren truke saltzen da, soldatak ematen baitio pertsonari bere bizi proiektua garatzeko gaitasuna eta lanak, berriz, etekinak sortzeko gaitasuna enpresari. Hortaz, eredu honetan lanaren helburua, edo asmoa, ez du pertsonak zehazten, baizik eta enpresak edo, zuzendariaren bidez, enpresaren jabeek edo akziodunen taldeak. Aldiz, parte hartzearen ekonomiaren ikuspegitik, pertsonek erabaki dezakete elkarrekin lan egitea partekatzen duten helburu baten argitan, hain zuzen, haien lanaren jabe direlako. Behar dena da horretarako kondizio finantzario, organizatibo eta instituzionalak sortzea: langileen kapital ekarpenak lagundu, parte hartzea ahalbidetzen duten egituren garapena sustatu edo hautu hau egiten duten enpresen ardura fiskalak arindu.
Bigarren oinarria da parte hartzean oinarrituriko enpresek ekarpena egiten diotela inguruko komunitateari. Adibidez, komunitatean errotua dagoen enpresa batek nekez kutsatuko du bere ingurunea, baldin eta erabakiak hartzen dituena (langilea) eta sufritzen dituena (bizilaguna) pertsona berdina edo hurbilekoak badira. Bide beretik, jakin badakigu parte hartzean oinarrituriko enpresen dentsitatea handia den lurraldeetan (adibidez, Gipuzkoa) txikiagoak direla desberdinkeriak, edo ehun komunitarioa eta jarrera herrigileak indartsuagoak direla. Carol Patemanek (1970) azaltzen zuen, parte hartzean oinarrituriko enpresetan, langileek herritar gisa balioa ematen diegun gaitasunak jorratzen dituztela (adibidez, elkarrizketa, enpatia edo gatazken kudeaketa), eta, zeharka bada ere, komunitatearen ehun herrigilea indartu (spillover effect deiturikoa).
Azkenik, hirugarren oinarria da parte hartzeak ahalbidetzen duela langileak bere lanaren ardura hartzea eta horrek enpresaren jarduera orokorra hobetzen duela. Parte hartze finantzarioari erreparatzen badiogu, adibidez, ebidentziek erakusten dute eragin positiboa duela lanaren produktibitatean, enpleguaren egonkortasunean edo enpresen biziraupenean. Badira mugak hemen ere. Kasu, parte hartze finantzarioari buruz ari bagara, normalean, langile multzo txiki batek hartzen du enpresaren jabetzan sartzeko erabakia, eta motibazio nagusia mozkina da. Bada, langile-jabe kopurua txikia denean, mozkina handiagoa da. Aldiz, paradoxikoki, langile-jabe kopurua emendatzen den bezala txikitzen da langile-jabe bakoitzak lortzen duen etekina, eta horrekin batera ahultzen da engaiamendua eta ardura hartzeko motibazioa.
Bistan da, ez dago errezeta magikorik. Nolanahi ere, kongresuak erakutsi du nekez aterako dugula parte hartzea eztabaidaren periferiatik hiru oinarri horiek gabe. Parte hartzeak ez dio bakarrik balioa ematen langileen eskubideei eta komunitatearen ongizateari; horrez gain, enpresa proiektua bera bideragarri egiten laguntzen du. Hau da, ez da alternatiba on bat, enpresa proiektu hobea da. •



