
Hasi aurretik, aitortza bat: Europako iparraldeko egungo emakume idazleen ordezkari paregabe den arren, eta Danimarkan bereziki ezaguna, Vita Anderseni (Kopenhage, Danimarka, 1944ko urriaren 29a - 2021eko uztailaren 20a) buruz dakiguna oso azalekoa da. Are gehiago, ez diogu ezer irakurri, batez ere, eta tamalez, bere liburuek ez direlako euskarara, gaztelaniara edo frantsesara itzuli. Guk, bederen, ez dugu itzulpenik aurkitu.
Kopenhagen jaiota, haurtzaroan haurrentzako babes-etxe ugarietatik pasatu zen Vita Andersen, eta haren idazlanetan islatzen da horren eragin gordina. Bere lehen lana, ‘Tryghedsnarkomaner’ poesia bilduma, 1977an argitaratu zen eta berehalako ospea eman zion. Emakume gazteek maitasunarekiko, gorputzarekiko eta kontsumoarekiko duten jarrera deskribatu zuen oso modu xume eta naturalean.
Bere ikuspegitik, haurtzaroko, familiako eta beste zenbait barne arazo, egoera politiko eta sozialarekin loturik daudela salatzen zuen Andersenek; arazoak konpondu nahi badira, beraz, aitortu eta onartu egin behar dira, eta horretarako behar-beharrezkoa da argitara ematea. Ikuspuntu hauek guztiak, bere lanik onenetakotzat jotzen den ‘Hold kæft og vær smuk’ (1978) nobelan agertzen dira.
1987an ‘Hva' for en hånd vil du ha'’ eleberria argitaratu zuen, ama baten eta bere alabaren arteko harreman zorigaiztokoari buruzkoa –Danimarkako Editoreen Elkartearen Kritikaren saria irabazi zuen– eta gero haurrentzako bi eleberri argitaratu zituen: ‘Petruskas laksko’ (1989), eta ‘Sebastians kærlighed’ (1992).


