
Abuztuak 26an eginiko epaiketaren ostean Metak 16.680 milioi dolar (14.300 milioi euro) ordainduko ditu adingabeen eta sare sozialen auzibidearen harira ikerketa ekiditeko. Ameriketako Estatu Batuetako 50 estatuetatik 29k adingabeei «adikzioa» eragitea leporatu diote Metari. Akordio horren harira, teknologia konpainiak zenbait neurri ezarri beharko ditu: adingabeek haren sare sozialak erabiltzen eman dezaketen denbora bi ordura mugatzea; eskola orduetan jakinarazpenik ez jasotzea; gauerditik goizeko seiak arte sareetara sartzea eragoztea; guraso kontrolerako tresnak sendotzea; adina egiaztatzeko mekanismoak indartzea... AEBn bakarrik eta epez mugatua.
Aurretik, Los Angelesko epaimahai herritar batek Silicon Valleyk bi hamarkadaz saihestu zuena egitea lortu zuen: haren produktuen diseinua epaitzea. Metak eta YouTubek arduragabekeriaz jokatu zutela ebatzi zuen epaimahaiak, beren plataformak eraiki eta ustiatzeko moduagatik. Kalte ordainak, ordea, hutsaren hurrengoa izan dira milaka milioi fakturatzen dituzten korporazio horientzat. Epaimahaiak frogatutzat eman zituen, besteak beste, bi enpresek bazekitela -edo jakin behar zutela- beren zerbitzuak arriskutsuak zirela adingabeentzat, eta ez zutela horren berri behar bezala eman. Horren ondotik, beste hainbat epai ere etorri dira Metaren, Facebooken eta Instagramen aurka; adibidez, adingabeak harraparien aurrean babesteko neurririk ez hartzeagatik. Eta, Europak ere bide beretik jo dezake hurrengo hilabeteetan. Tabakoarekin gertatutakoa ari da gertatzen orain sare sozial pribatiboekin.
Australiak, 2025eko abenduaren 10ean, sare sozialetarako sarbidea debekatu zien hamasei urtetik beherakoei, eta berehala bihurtu zen esportaziorako eredu: Indonesia, Malaysia, Brasil, Grezia, Erresuma Batua, Frantzia, Espainia. Hogei jurisdikziotik gora ari dira neurriaren bertsioren bat kopiatzen edo iragartzen.
Lehen datu enpirikoek, ordea, ez dute eraginkortasuna berresten. Gazteek bide berriak aurkitu dituzte muga horiek saihesteko. Australiako eSafety agentzia arauemaileak berretsi zuen diagnostikoa aurtengo uztail amaieran: hamasei urtetik beherako hamarretik zortzik baino gehiagok sare sozialetan jarraitzen dute, eta arrazoi nagusia da plataformek ez dutela adin egiaztapen eraginkorrik ezartzen. Datu deserosoago bat ere badakar: debekuaren ondoren, gutxitu egin da gurasoek seme-alaben ohitura digitalei buruz duten ezagutza. Zerbait legez kanpokotzat jotzen denean, etxean hartaz hitz egiteari uzten zaio.
2026ko uztailaren 21ean, Frantziako Parlamentuak behin betiko onartu zuen hamabost urtetik beherakoei sare sozialak debekatzeko legea. Hiru aste geroago, abuztuaren 14an, Konstituzio Kontseiluak legearen ardatz zen artikulua baliogabetu zuen: adierazpen eta komunikazio askatasunaren aurkako neurriz kanpokotzat jo zuen, eta pribatutasun bermerik aurreikusten ez zuela ohartarazi.
Arrazoibide bera egiten du aspalditik kritika teknopolitikoak. Kontseiluak ohartarazi zuen debekua orokorregia zela -adingabeen osasunerako arriskurik frogatu ez duten zerbitzuei ere aplika dakiekeela- eta ez zituela kontuan hartzen adina, heldutasuna eta familia egoera. Eta, batez ere, hau: hamabost urtetik beherakoei sarbidea ukatzeak, definizioz, erabiltzaile guztiei sartu aurretik adina egiaztatzeko eskatzen du, helduei ere bai. Haurren babesa izan daiteke, beraz, Internet osoan identifikazio unibertsala ezartzeko palanka. Kontrol parentalak hor daude, erabili edo ez; zergatik neurri guztiak agortu ez direnenean neurri berriak eta gogorragoak martxan jarri?
NON KOKATZEN DA ERANTZUKIZUNA
Hor dago korapiloa. Ez dago adin egiaztapeneko sistema neutralik: edo dokumentazio ofizialean oinarritzen da -eta orduan identitate legala eta nabigazioa lotzen ditu-, edo aurpegiaren estimazio biometrikoan -eta orduan aurpegia eskaneatzea bihurtzen du sarbide bidesari-. Eskubideen defentsan diharduten zenbait eragilek ohartarazi dute neurri horrek datu arrasto berriak, zibersegurtasun gorabehera berriak eta zelatatze gaitasun berriak sortzen dituela, korporatiboak zein estatalak.
Frantzian, zentroko, eskuineko eta muturreko eskuineko botoekin atera zen aurrera legea, eta Frantzia Intsumisoaren, Alderdi Sozialistaren eta ekologisten diputatuek jarri zuten errekurtsoa. Espainian, koalizio gobernu progresista batek bultzatzen du hamasei urtetik beherakoen debekua.
Hego Euskal Herrian, guraso taldeek dekretu bat eskatzen dute mugikorrak ikasgeletatik kanporatzeko, eta EH Bilduk eta Sumarrek babestu dute eskaera Gasteizko Legebiltzarrean. Aurrean dute EAJren Hezkuntza Saila, erabakia ikastetxe bakoitzaren esku uztea nahiago duena. Ezker-eskuin ardatzak ez du gauza handirik azaltzen hemen.
Eztabaida antolatzen duena beste zerbait da: non kokatzen den erantzukizuna. Badago erabiltzaile adingabea erantzule egiten duen politika bat -debekatu, egiaztatu, kanpoan utzi-, eta badago produktua erantzule egiten duen beste bat -diseinu adiktiboa, datu erauzketa, jokabidean oinarritutako publizitatea, amaigabeko scroll-a-. Lehena merkea da, ikusgarria eta heldu askoren gustukoa. Bigarrena zailagoa da, enpresa horien negozio eredua ukitzen duelako.
NBEren Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoak hamar gomendioko marko bat argitaratu du aurten, mezu nagusi honekin: sarbidea eragozteak ez du ordezten plataformak seguru bihurtzeko lana. Hala ere, arau arkitektura horretan guztian ez dira haurrak eta nerabeak subjektu gisa agertzen. Haiei buruzko legeak egiten dira, ez haiekin batera, nahiz eta Haurren Eskubideen Konbentzioak entzunak izateko eskubidea aitortzen dien.
Instagramerako sarbidea mugatzeaz eztabaidatzen den bitartean, eztabaidarik gabe ari da normalizatzen eskolan bertan pairatzen duten etengabeko zelatatzea: bertaratzea biometriaren bidez kontrolatzea, errendimenduaren analisi algoritmikoa, jokabidearen jarraipena, ikasgelan sartutako txatbot korporatiboak eta azpiegitura pribatiboetan murgiltzea. Sare sozialak debekatzen dituzten gobernu berberak dira gure eskoletan korporazio horiekiko mendekotasuna sustatzen dutenak. Hor dago eztabaida publikoaren itsutasun handiena: umeari Instagram debekatzen zaio hamasei urte bete arte, eta, aldi berean, haren idazlanak, kalifikazioak, posta eta bideodeiak korporazio horien azpiegituran gordetzen dira.
Gurean, ordea, behetik iritsi da eztabaida. Altxa Burua 2019. urtean sortu zen, Zarauzko, Usurbilgo, Zumaiako eta Tolosako guraso batzuek lehen mugikorraren adina atzeratzeko egindako hitzarmen ahuletatik. Gaur egun, milaka familia biltzen ditu eta Argia saria ere jaso zuen. Lau helburu esplizitu ditu: Interneterako sarbidea duten gailuak ematea atzeratzea; eman ondoren, erabileran bidelagun izatea; eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzea; eta -hau da gakoa- digitalizazio «osasuntsu, libre eta ebidentzietan oinarritua» izan beharko lukeela.

Aukeratutako terminoa ez da ausazkoa: mugikorrik gabeko arnasguneak. Arnasgunea euskal soziolinguistikak sortutako kontzeptua da, hizkuntza gutxitu batek hizkuntza nagusiaren presiorik gabe arnasa hartzen duen eremua izendatzeko. Ez du debekurik izendatzen, gauza hauskor bat garatzeko babestutako ekosistema bat baizik. Debekuarena ez den beste gramatika bat da, azken finean bilatzen duena antzeko zerbait izan badaiteke ere.
Beste hainbat ekimen ere badira: “Gurea erabil dezakezu” kanpaina, zenbait kooperatibak egindako gidak, hala nola Izarkomek, edo Ipar Euskal Herrian udaberrian urtero milaka haur mugitzen dituen “Pantailak utzi” erronka.
«Funtsezko arazoa ez da haurrak plataformetan sartzea; plataformak haurrengana ez sartzea baizik». Esaldia Ursula von der Leyenena da. Produktua arautu beharko litzateke, ez haurtzaroa: diseinu adiktiboa auditatzea, adingabeei zuzendutako jokabide publizitatea debekatzea eta plataformei eskatzea froga dezatela beren interfazeak ez daudela adikziorako bideratuak.
Arnasguneen ideia ere, ekosistema teknologiko osasuntsu baten forman birdefinituta akaso, aintzat hartzekoa da. Probatzea merezi du agian, baina identifikazio unibertsalaren logikan sartu gabe. Familia, komunitate, eskola eta erakunde mailako akordioek funtzionatu dute inori NANa erakustera behartu gabe.
Horretarako, ordea, indarrak batu behar dira: erakunde publikoetako hezkuntza arduradunak, ikastetxeetako zuzendaritzak, guraso elkarteak, sindikatuak eta eragileak. Eta gaia unibertsitateraino eraman behar da, ez Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan geratu, orain arte fokua haurrengan jartzen ari bagara ere.
Hala ere, argi izan behar dugu debekua irtenbide partziala dela; funtzionatzen duenean ere, ez du ezer sortzen. Alternatibarik eraiki ezean, hamasei urte betetzean ekosistema toxiko berean murgilduko dira gazteak. Eta bertan murgiltzen diren belaunaldi berri horiek bi gauza topa ditzakete une horretan: Internet, bertan existitzeko bederen, identifikatu egin behar den leku bat izatea eta beren iritzia inoiz eskatu ez izanaren sentsazioa.



