GAUR8

UEMAk kultur ekitaldiak programatzeko hizkuntza irizpideak bildu ditu gida batean

Kultur ekitaldien eta gainerakoen programazioan bidelagun diren hizkuntza irizpideak landu eta gida batean jaso ditu UEMAk. Ekimenaren harira gogoratu dute kultura «funtsezko euskarria» dela hizkuntza baten transmisioa, egunerokotasuna eta biziraupena bermatzeko.

Kultur programaziorako hizkuntza irizpideak jaso ditu gida batean UEMAk.
Kultur programaziorako hizkuntza irizpideak jaso ditu gida batean UEMAk. (UEMA)

UEMAk kultur programaziorako hizkuntza irizpideak landu eta gida batean bildu ditu. Azaldu duenez, udalerri euskaldunen izaera eta errealitate soziolinguistikoa «ezinbestean» islatu behar delako udalak antolatutako, diruz lagundutako eta baimendutako ekitaldietan.

Izan ere, UEMAren arabera, hizkuntza baten transmisioa, egunerokotasuna eta biziraupena bermatzeko «funtsezko euskarria» da kultura, «iruditeria kolektiboa eta identitate partekatua» eraikitzen dituelako eta «berebiziko eragina» duelako belaunaldi berrien hizkuntza ohituretan, bereziki ahozkotasuna eta jariotasuna lantzeko orduan.

Horregatik, udalak ardura handia du ekitaldiak programatzerakoan, eta horretan bidelagun izateko asmoz landu du UEMAk gida. Ekainean helarazi zuen mankomunitateko kide diren 120 udaletara, bertako udal arduradunek eta teknikariek kontuan har dezaten.

Kultur programaziorako hizkuntza irizpideak biltzen dituen gidak 14 orrialde ditu, eta testu soil gisa biltzen ditu irizpideak eta gainerakoak. Horren osagarri, berriz, beste dokumentu bat ere prestatu du UEMAk udalentzat, ‘Euskaraz programatzeko gida’ izenekoa, testu soila baztertuta, hizkuntza irizpideak eta gainerakoak labur, zehatz eta modu ikusgarrian erakusten dituena.