
Mamu zahar-berri batek zeharkatzen du Europa: nazionalismoak. Ustez polo ezberdinetatik bada ere, «lehentasun nazionalak» hauspoa hartzen ari dira han eta hemen. Euskal Herrian aspalditik geunden gaitz horrek kutsatuta, baina azken hilabeteetan berriz indartu egin da: beste langileekiko bereizketa bilatzen zuen greba nazionalista, Enplegu Publikoaren Lege segregatzailea, Unibertsitatera Sartzeko Probako zero diskriminatzaileak, Munduko Kopa bake-bakean ikusteko ezina... Hark esaten zuen bezala, inork ez zidan esan espainola izatea zein nekeza den. Horren aurrean, eusko labela kenduko didaten beldurrak gainditu, eta zenbait puntu argitzea erabaki dut:
• Ni, berez, Espainiaren alde-alde ere ez nago. Ni euskaldunen alde nago. Eta euskaldunek Espainiarekin jokatzen dutelako babesten dut Espainia (eta ez Didier Deschampsen Frantzia edo Iñaki Williamsen Ghana).
• Sekulako auzo-lotsa sentiarazi dit Rajoyk. Nazio espainoleko kide izateko erabakigarria ez da abizena, jatorria edo azal kolorea, baizik eta Espainiari ekarpena egiteko borondatea eta nahia (nahia apal xamarra bada, NANa). Espainia hori maite dutenena da. Eta maite ez dutenena ere bai, familia handi bat baikara, banaezina (alegia, familia bat garela, baina osatzen dutenen borondatearen gainetik dagoena... Bestela esanda, familia moderno eta mestizo bat, baina sakratua, dibortziorako eskubiderik gabe... En fin, ulertzen da).
• Inklusibotasunaren erakusle, edozein dela ere abizena, jatorria edo azal kolorea, jokalari guztiek dute Espainiako selekzioarekin jokatzeko aukera. Pentsa, horrenbestekoa da aukera, ez jokatzeko aukera ez dela existitu ere egiten: ohore handia delako... eta, egiari zor, bestela 2-5 urtez inhabilitatu ditzaketelako. Badakizue, badaezpada, inori futbola eta politika nahastea okurritu ez dakion.
• Ni ez naiz nazionalista, ni konstituzionalista naiz. Eta Konstituzioak argi jartzen du: «Konstituzioa Espainiako nazioaren batasun zatiezinean oinarritzen da». A, eta honakoa: «Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dute».
• Eskubideen alde nagoelako nago erabakitzeko eskubidearen kontra. Eskubidea, zer eta erabakitzeko? Bozkatzeko? Halakorik... Zer izango da hurrengoa, burujabetza, lurraldetasuna... independentzia?! Zer nahi duzue, XIX. mendera itzuli?! («Indar Armatuek Espainiaren ‘subiranotasuna’ eta ‘independentzia’ bermatzeko eta haren ‘lurralde-osotasuna’ defendatzeko eginkizuna dute»... ejem, ejem).
• Muga guztien kontra nago. Horregatik, ez dut sekula parte hartuko Hendaiaren eta Irunen arteko muga desegiteko manifestazioan.
• «Lehentasun nazionala» ez, lehentasun soziala da gurea: aberatsei lehentasunez ematen zaie nazionalitate espainola; paperik gabekoen seme-alabetako askok, aldiz, ez dute hiritartasun espainolik, nahiz eta Espainian jaio. «Iure sanguinis» esaten diogu, Espainian nazionalitatea odolez transmititzen dela esatea ez baita oso itxurosoa.
Hala ere, lasai, horiek nahiko erraz lortzen dute hiritartasuna. Askok espainoltasuna frogatzeko azterketa etniko (barka, zibiko) bat baino ez dute gainditu behar, honakoa bezain galdera unibertsalekin: «¿Qué acontecimiento popular tiene lugar en Buñol (Valencia) el último miércoles de agosto?». Txa-txa-txan: «La Tomatina!». Ji, ji, ji, dibertigarria eta guzti da.
• Eta zu bitartean haserre? Horrelako kontuak umorez hartu behar dira: “Ocho apellidos vascos”, “Ocho apellidos catalanes”, Ocho apellidos espa... espa... espaciales!
• Identitateen aurrean benetan axola duten gauzak jarri behar dira erdigunean. Adibidez, Frantzian (eta Ipar Euskal Herrian) 1.823 euroko gutxieneko soldata izatea, zoragarri; Hego Euskal Herrian, aldiz, 1.500 eurokoa beharrean 1.200ekoa izan behar da, benetan axola duena langileriaren (hots, Espainiaren) batasuna baita.
• Enplegu Publikorako Legeek ez dute saritu behar jatorria, baizik eta formazioa eta meritua. Esaterako, Espainia osoan funtzionario izateko gaztelera jakitea beharrezkoa da, baina, nazionalitate espainola izanez gero, ez da gaztelaniaren jakintza frogatu behar; nazionalitate espainola ez dutenek, aldiz, bai. Euskararekin, eskatzen den kasuetan, denek ziurtatu behar dute jakintza, euskara ama hizkuntza izan edo ez. Hau da, gaztelerarekin nazionalitate espainola dutenak saritzen dira; euskararekin formazioa. Hortaz, gazteleraren eskakizunak diskrimina... Oh wait, argudioz nahastu naiz.
• Hizkuntza aniztasuna oso garrantzitsua da. Hain da garrantzitsua, non bertako ikasleei bertako hizkuntza ukatzeko aukera bermatu behar zaien ikastetxeei eta gurasoei. Ez ikasteko eskubidea, suspenditua izateko debekua; hori bezain sinplea da (fisika, matematika, biologia, historia, gaztelera eta beste ikasgai guztietan izan ezik).
• Nazionalismoa bidaiatuz sendatzen da. Uztailaren 14an Frantziako desfile militar internazionala ikusiz... Edo urriaren 12an Kolonek egindako bidaia kosmopolita gogoratuz.
• Azken batean, errespetua baino ez dugu eskatzen. Munduko Kopan bakoitzak bere taldearen gola lasai ospatu ahal izatea; guk gurearena eta zuek zuenarena... Alegia, bakoitzak beretik, denok Espainiarena.
Izan ere, zintzoak izanda, berez-berez... nork ez du espainola izatea ospatu nahi? Erresuminduek, autoritarioek... Ba horiek, izorra daitezela, espainolak baitira! Hori da gure destino unibertsala, eta gustatu ala ez, gustatu egin behar da. ¡Viva España!
Edo, nahiago baduzue, zuen erara: Aurrera, Espainia!
Ikusten ze irekiak garen? Gurea ez baita nazionalismoa, gurea sentimendu bat da, nazio supra-nazional bat: «munduko Errege» dena, beste behin «mundua konkistatu duena»... Eta ondorioz, munduko hiritar egiten gaituena.

Espainol ez-nazionalista baten adierazpena (parodikoa, edo ez hainbeste)

«Motorra eta martxak aldatu behar zaizkio abertzaletasunari, softwarea aktualizatu behar da»

«Udan nabaritzen da jende gehiago dabilela, baina ez da garai batean bezala»

«Gerra Zibilak etena ekarri zuen euskal kulturara, baina ez zen basamortua izan»

