Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Zer ez duten egingo, zer bai, eta zer egingo dugun

Melillan piztu zituen Francok bere estatu-kolpearen sugarrak duela 90 urte, eta orain Ceutatik zapaldu du azeleragailua aliantza neofrankistak, Moncloarako bidean. Afrika aldean sortu da zurrunbiloa, gugandik oso urrun, baina orduan bezala Euskal Herria bete-betean joko du ondorioak, azkenean, eta hala dirudi, Madrilen ultraeskuina agintean bada. Esango nuke Euskal Herriari Ceuta berari baino gehiago eragingo diola (liokeela, nahiago baduzue) gobernu aldaketak.

Ceuta se defiende” baino lelo tranpatiagorik ezin liteke asmatu. Izan ere, zer egingo lukete Feijook eta Abascalek horrelako iritsiera masibo baten aurrean, Sanchezek egin ez duena? Marokoren aurkako gerra abiatu? Ez. Etorkinak tirokatu? Ez dut uste. Kontrakoa agian, Marokorekin harreman diplomatikoak estutu, horrelako gertaerak ekidite aldera? Ezta ere. Afrikan bi kolonia izateak Espainiari eragiten dion ahuldadeaz hausnartu? Bai zera…

Ustelkeria ez, migrazioa hautatu du eskuinak erasoaldia bururaino eramateko, eta hor agerikoagoak dira bere gezurrak. Adibidez, ezohiko erregularizazio prozesuaren aurka egin dute PPk eta Voxek, jakina, baina beren herrietan dagoen pobreziari ihes eginda etorri diren etorkin horiek hartuko dituzte lanesku merke gisa inolako errukirik gabe (eta inolako eskubiderik gabe, ahal badute).

Zer ez duten egingo sumatu daiteke. Baina zer egingo duten, are argiago, hau ez baita izango eskuinak agintea hartzen duen lehen aldia, eta, nazioarteko ispiluak ere, izan badira. “Ezkutu soziala” delakoaren kontrako motozerra laster piztuko dute, esaterako; gehien dutenentzako zergak jaitsiko dituzte, gizarte asistentzia ahulduko dute eta zerbitzu publikoak murriztuko dituzte. Berehala nabarituko dute poltsikoan eskuinzale bilakatutako heldu eta gazte askok, Euskal Herrian ere bai; ez omen dute horrelakorik espero.

Aurreikuspen gehiago, spoiler egiteko beharrik gabe: euskararen kontrako oldarraldia azkartu egingo da; Gernikako Estatutua ez da osatuko, baizik eta, beharbada, birzentralizazioa ezarri; Foru Hobekuntza ere ez da eraberrituko; errepresioa areagotuko da, maila handian eta txikian, kartzelatzeetatik hasi eta adierazpen askatasuna murriztu arte; alde bakarreko memoria inposatuko da, eta beste aldekoa jazarriko.

Hori guztia ez da berria, badakit, baina areagotu eta larriagotu egingo da, ikusiko dugu noraino. Horrek guztiak Euskal Herriaren gehiengoaren nahiak kinka larrian jarriko ditu, eta aurre egitea ez da erraza izango. Testuinguru nahasian arrisku erantsia dago, gainera, barne mailakoa: euskal gizartean arrakala berriak sortzearena, dirua eta eskubideak dituztenen eta ez dituztenen artean, elkarbizitza arloan, harreman politikoetan, jada gaiztotua dagoen poliziaren jardunarekin... Beste spoiler bat: hainbeste goraipatzen duten segurtasunak okerrera egingo du, ez hobera.

Zer ez duten egingo aurreikus daiteke, beraz, eta zer egingo duten badakigu, aurretik pairatu dugulako. Hirugarren galdera bat dago airean, zailagoa: zer egingo dugun guk, euskal herritarrok oro har. Aurre egin edo gotorlekuan itxoin, ekaitza noiz pasako zain (eta laburra izan daitekeela da nire uste oso apala)? Busti ala aterpetu? Burua hotz eta bihotza bero jardun edo burua bero eta bihotza hotz? Batasun dinamikak trinkotu edo nork bere kabuz ekin? “Ceuta se defiende”-koen aurrean Euskal Herria, geure burua, babestu beharko dugu, baina nola egingo dugun hausnartzea eta ahal bada adostea herri gisako behar larria da. •