Asier Aiestaran
Kazetaria

Bizitzen jarraitu

Etxera iritsi da, eta deabruak infernuko sua piztu du. Oihuak, mehatxuak, danbatekoak. Tenperaturak gora egin du, nola ez, sugarrak zugana iristen badira ia. Edozein txikikeria izan liteke txinparta, hori gutxienekoa da. Desorduak, deslekuak, desmemoria.

Etxea esan dut, baina lau horma horiek agian ez dira etxe. Bizileku? Baliteke, batzuetan bai. Komeni denean. Imajinatu dut pisu txiki ilun bat, zikin samarra, baina agian da loft dotorea, mimoz apaindua, ongi zaindua.

Zaila da emozioen joan-etorria ulertzea. Badago dominazioa, erdeinua, gorrotoa. Eta indarkeria. Berbala ziur, fisikoa ez dakit. Eta posible da gidoietan bezala esatea “Leku berean, beste egun eta ordu batean”? Eta protagonista berberak ikustea beste emozio gurutzaketa batean? Barrez, konfiantzan, patxaroso, lasai. Zail egiten zait sinistea, baina ezin dut erabat uka.

Eta gero maitasuna dago. Edo hobe esanda, beharra. Edo gauza bera da? Baina beharra bada, zerena zehazki? Zer da benetan asetzen zaituena? Hiru kafe? Bost garagardo? Zazpi raya? Denek elkarren beharra dute? Batzuek besteek baino gehiago? Ez dakit. Ihes egin nahi eta ezina alde guztietan, ihes egin nahi eta beti leku berean amaitzea. Partida amaitu eta beti beste bat hastea. Nahigabe dirudi, baina agian ez dago nahigaberik.

Zaila da azaltzea. Ingurukoentzat seguru, beraientzat gehiago pentsatzen dut. Eta zer egin? Nork? Nola? Zergatik? Amesgaizto bat izan zela pentsa zenezake, eta bizitzen jarraitu. Amesgaizto bat izan zela pentsa dezakete, eta bizitzen jarraitu. Edo ezer pentsatu ez, eta, batez ere, bizitzen jarraitu. •