Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Uliako gizona

Arreta eman dit azken hilabeteotan. Egunero-egunero goizeko 8ak aldera agertu da auzoko plazan. Bera eta bere zama guztia, barraskilo baten antzera ‘etxea’ gainean daramalako. Bizkarrean hartuta, poltsatzar beltz bat eta beste hiruzpalau txikiagoak. Gizona ez da mehea, ez da zaharra ere; 45 urte inguru dituela esango nuke, baina begi-bistakoa da oso pisutsuak direla bere ondasun guztiak, nekez mugitzen du hori guztia.

Plazako kafetegia ireki orduko, barrura sartu, poltsa handia eta txikiak txoko batean utzi, eta inorekin hi-tzik egin gabe kafe bat hartzen du, lasai-lasai, pentsakor, burumakur. Gero hasperen luzea eginda traste guztiak bizkarreratzen ditu berriz eta Donostiako erdialdera abiatzen da. Ez dakit zertan ematen duen eguna, kalean eske akaso, edo ez. Magrebtarra ez da, afrikarra ere ez, Kaukaso aldekoa akaso. Berdin dio.

Ulian mendi bueltan ari naizelarik, iluntze aldera, hiruzpalau aldiz topatu dut berriz gizona, oraingoan gorako bideari ekinez, eta goraino kargaturik berriz. Lehenengo eskailera zati luzea gaindituta, bigarrenaren erdian eseri da une batez, lur jota. Igoeraren zein puntutan dagoen ikusita, mendi tontorrean lo egiten duela argi geratu zait, itsaso gaineko 150 edo 200 metrotara. Ez da asko ibilalditxo baterako, baina ez da erraza izango zama hori guztia haraino igotzea. Etxola batean pasako du gaua edo aire zabalean?

Guztira hamar aldiz-edo ikusi dudala uste dut. Horietako bederatzitan triste baina lasai zegoen gizona, baina beste batean aztoraturik topatu dut. Arratsalde parteko joan-etorrian zen, goranzko bidean. Bat-batean poltsa guztiak bota ditu lurrera bortizki eta oihuka hasi da, biraoka, ez inoren aurka itxuraz, bere burua madarikatzen ariko balitz bezala, ulertezin egin zaidan hizkuntza batean. Ez dakit zer esan duen, jakina, baina guztiz ulergarria egin zait erreakzioa. Hurrengo egunean berriz goizeko kafea lasai antzera hartuko duela seguru nago.

Albisteak ez zuen oihartzun handirik izan, baina iazko martxoan etorkinen «kanpaleku» bat sakabanatu zuten Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak alde horretan, Uliako lehenengo maldetan, Manteo delako parajean, gizonak lo egiten duen tokian baino dexente beherago. PPk hori seinalatu ondoren egin zuten. LABek salatu zuenez, kanpaleku hori aspaldi kontrolatuta zuen Udaltzaingoak eta bertan ez zen arazorik, ez segurtasun aldetik, ez osasun aldetik ere.

Eskandalagarria iruditu zitzaidan hiritik aldenduta den gunean ere lo egin ezin izatea, bestelako alternatibarik ez bada. Horren ostean beste kanpaleku txiki batzuk sortu dira, jakina, tartean Urumea ondoko zubi baten azpikoa, Egia eta Loiola auzoen artean. Bertan lo egiten duen baten bat emakume italiar bat bortxatzen saiatu dela irakurri dut duela aste batzuk. Eskandalagarria eta salagarria han ere, nola ez.

Nik ez dakit Uliako gizona berez arriskutsua den edo ez. Goizeroko jokabideari erreparatua, ezetz esango nuke, baina gaueko beroaldi hari kasu eginez gero, ezin izango nuke guztiz ziurtatu. Edozein pertsonaren izaera aldakorra alde batera utzita, bistan da zein den testuinguru arriskutsuena; baldintza duinak hondatzen dituena, bizitzari garatzeko zirrikiturik uzten ez diona. Segurtasunaren izenean testuinguru arrisku-tsuak biderkatzen segitzea makabroa da, makabroa bere zentzu zabalenean.

Ceutan gertatutakoa ikuspegi geopolitikoz azter dezakegu. Donostian hamaiketako soil bat banatzeko elkartasun ekimenari jarritako trabak klabe elektoralean aztertu ditzakegun bezalaxe. Baina funtsean dena sinpleagoa dela antzematen dut Uliako gizonari erreparatuta. Ez dakigu, ordea, nor den, zenbat diren, non egiten duten lo, nola lagundu diezaiekegun eta nola lagundu diezaguketen. Hortik hasi behar litzateke. •