Gorka Zozaia
Kimikaria

Izarren hautsa... bizigai!

Ez dira ehun urte bete lehen izarrarteko molekula antzeman zenetik.
Ez dira ehun urte bete lehen izarrarteko molekula antzeman zenetik. (GETTY)

Egun batean, ustekabean, bilakatu ei zen izarren hautsa bizigai, Leteren poema gogoangarriaren arabera. Ez dugu, jakina, kreazionismo kutsuko baieztapen idealista horregatik kantzelatuko zer eta materialismoaren eta dialektikaren oda handia den kanta hori. Misterioak, erlijiosoak lasaitzen dituen bezala, zientzialariak kitzikatu egiten ditu, eta, bizitzaren adreiluen xerkan, pausu handiak egin dira azken hamarkada hauetan. Azkena, lehen azukre molekula topatu dutenean Esne Bidearen erdigunean, izarrarteko eremuan, Lurretik 26.700 bat argi-urtera. Uztailean argitaratu zen aurkikuntza “Nature Astronomy” aldizkarian eta sinatzaileen artean EHUko bi ikerlari daude. Aurkikuntzaren garrantzia ulertzeko, astrokimikaz zertzelada bi egin beharrean naiz.

Astrokimikak espazioko kimika aztertzen du, bertan topatzen diren espezieak eta erreakzioak, ez soilik izarretakoak, baita izarrarteko espaziokoak ere. Gauza jakina da ezagutzen ditugun naturako elementu kimikoak izarretan sortzen direla (tira, hidrogenoa eta helioa Big Bangean, eta, burdina baina astunagoak, supernobetan), baina horren ezaguna ez dena da konposatu kimikoak ere sortzen direla espazioan. XVII. mendetik aurrera espektropia bidez espazioko elementuak behatu ditugun arren, ez dira ehun urte bete lehen izarrarteko molekula antzeman genuenetik. Radioastronomiak CH eta CN espezieen seinaleak eman zizkigun 1937an, dexente beranduago (1963) aurkituko zen OH, izarrarteko oxigenoaren iturria, eta apurtxo bat beranduago, 1969an, lehen molekula poliatomiko eta organikoa; formaldehidoa. Jarraian aurkituko ziren bizitzarako garrantzitsuak diren bestelako molekulak, ura eta karbono monoxidoa bezala, eta teknika zein jakin-mina areagotu ahala heldu dira glizina (2009) eta propileno oxidoa (2016), lehen molekula kirala, bizitzaren jatorria azaltzeko giltzarri izan litekeena.

Ordutik hona, ehunka espezie topatu dira, baina uztailekoa izan da lehen aldia azukre bat antzeman dela izarrarteko espazioan (lehenago meteorito edo asteroideetan aurkitu baitira). Eritrulosa da antzemandako espeziea, masusta gorrietan topa daitekeen lau karbonoko azukre bat, eta, erabili dituzten ereduen arabera, bi karbonoko egitura bi elkartuz sortu dena espazioko hauts-pikorretan. Azukrea funtsezkoa da bizitzarako, ez soilik energia iturri eta biltegi gisa jarduten duelako, baita informazio genetikoaren hezurdura osatzen duelako ere. Azukreak nola sortu ziren argitzea, beraz, gakoa da bizitzaren sorrera ulertzeko, eta orain badakigu izarrarteko espazioan sintetizatzen ahal direla. Hortik Lurreko (eta edonongo) bizitzaren jatorrirako bidea luzea da oraindik, oinarrizko adreilu horietatik bizitzarako beharrezkoa den konplexutasun kimikorako trantsizioa bezain luzea. Jakin badakigu Lurrera espazioko material ugari heldu zela bizitza agertu baino lehen, eta litekeena da izarrarteko oinarrizko adreilu horietatik sintetizatu izana lehen biomolekulak. Adreilu horiek zeintzuk izan zitezkeen ulertzen ari gara, baina misterioak hor datza. •