Leire Etxeberria Lizaso eta Itsaslore Yarza Lopez

Pornoa filosofiaren plazara

Pornoa industria oso handia da, aldeko eta kontrako argudioak pilatzen dituena.
Pornoa industria oso handia da, aldeko eta kontrako argudioak pilatzen dituena. (GETTY IMAGES)

Irakurle, soinu banda jartzera gonbidatzen zaitugu: “Neskaren kanta” (Verde Prato); “Haizea” (Maruxak, Altxa Lili); “Apar arrunak” (Gari); laugarrena, zure irudimenaren esku!

«Pornografia desagertuko balitz, indarkeria sexuala desagertuko litzateke?». Hortxe Berastegiko pote filosofikorako sortutako izenburua (trago baten bueltan hausnartzeko guneak dira pote filosofikoak, Euskal Herrian zehar topatuko dituzunak). Iradokitzailea, ezta? Lukene Piñeiro Alberdiren “Pornografiari eta prostituzioari buruz. Eztabaidak feminismoaren baitan” gradu amaierako lana izan zen saioaren eta, ondorioz, gure hausnarketa honen abiapuntua.

Pornografiaz eztabaidatzen hasi baino lehen, filosofoak galdetuko luke: «Zer da pornografia?». Hel diezaiogun galderari geuk ere. Ea: material pornografikoa da kitzikapena helburu duen material oro, non ekintza sexualak irudikatzen diren. Idatzizkoa, irudizkoa edo ikus-entzunezkoa izan daiteke.

Hitzak, jatorrian, prostitutei (porne) buruzko testuei egiten zien erreferentzia. Pornografia betidanik existitu ote den esatera ez gara ausartuko, baina argi dago artearen historian zehar plazer sexuala eta erotismoa eguneroko iruditeriaren parte izan direla; antzinatik izan da arte erotikoa, gorputz biluzi, desira eta ekintza sexualak irudikatu dituen artea. Burura datozkigu Indiako eskultura tantriko esplizituak edo “Kama-sutra” testu hinduistaren ilustrazioak, baita antzinako Greziako jainko eta jainkosen arteko amodio eta desamodioen irudikapenak ere. Hala izanik, artea al da pornografia? Gaur egungo pornografia hegemonikoan kitzikapen azkarra eta harreman sexualen irudikapen gordina gailentzen dira. Gaur egun nagusi den pornoari artea dei diezaiokegu? Zer uste duzu zuk, irakurle?

Pornografiaren egungo forma garapen historiko jakin baten emaitza izan da. XIX. mendean, argazkigintzaren sorrerarekin eduki esplizituagoek lekua hartu zuten, eta aisialdiaren eta entretenimenduaren zati bihurtu zen. Aspaldikoak irudituko zaizkizu, ala ez, daukazun adinaren arabera, bideoklubak (Z belaunaldikoentzat oharra: bilatu Interneten edo galdetu etxean). Bertan, gortina beltz batekin babestua, “X” bideoen atala zegoen. Ba al dakizu noiztik existitzen diren film horiek? Adi, bitxikeria dator: Alfontso XIII.a izan zen Espainiako Estatuko lehen porno-zinema zuzendaria. Borboiak bere estatusa baliatuz, fantasia sexualak errealitate bihurtu zituen filmetan. Pelikula horiek galdutzat jo ziren, baina 1990eko hamarkadan Valentziako moja komentu batean (bai, ondo irakurri duzu, moja komentu batean) agertu ziren hiru: “El confesor”, “El ministro” eta “Consultorio de señoras”.

Interneten sorrerarekin etorri zen kontsumoaren inguruko aldaketa nagusia. Sareen hedapenarekin batera, industriaren hazkundea ere etorri da. Piñeirok bere lanean gogorarazten digun moduan, pornografia da gaur egun hirugarren aberastasun iturri handiena, armen eta drogen trafikoaren atzetik. Urtero 97 bilioi dolar sortzen dituen industriaz ari gara.

Horrek guztiak erakusten digu gai konplexu baten aurrean gaudela, eta hortaz, gaiarekiko askotariko jarrerak daude. Labur ditzagun Piñeirok zerrendatzen dituen pornoaren kontrako eta aldeko argudioak, hausnarketan murgiltzeko baliagarriak izango zaizkizunak.

PORNOGRAFIAREN AURKAKO ARGUDIO FEMINISTAK: ABOLIZIONISTAK

Horien arabera, pornografia ezin da entretenimendu huts gisa ulertu; gizartean dauden botere harremanen isla da, eta, aldi berean, harreman horiek indartu eta emakumeen mendekotasuna betikotzen du. Pornoak emakumeak desiraren objektu bihurtzen ditu, beren desira propioak eraikitzeko aukera kentzen die, subjektu izateko aukera ukatzen zaie, eta indarkeriaren normalizazioa sustatzen du.

Interneten hedapenarekin batera, gazte askorentzat pornografia bihurtu da sexualitatearen lehen informazio iturri nagusietako bat, eta analfabetismo digitalak agerian uzten du edukia ulertzeko, interpretatzeko eta kritikoki aztertzeko gaitasun falta. Horrek nabarmen eragin lezake iruditeria pornografikoak praktika sexualetan erreproduzitzeko joera.

Horrez gain, industrian bertan lan egiten duten emakume askok min fisikoa eta psikologikoa jasaten dutela salatzen dute. Gainera, emakumeen gorputzak eta sexualitatea modu jakin batean irudikatzeak emakume guztiei buruzko iruditeria sozial bat eraikitzen laguntzen du, zurruna eta zapaltzailea; gizonengan ere ondorioak dituena. Izan ere, rol jakin batzuk barneratzeko arriskua aipatzen dute, enpatia galtzea, indarkeriaren errepikapena (“monkey see, monkey do” logikaren arabera), bai eta autoestimuarekin lotutako arazoak ere.

PORNOGRAFIAREN ALDEKO ARGUDIO FEMINISTAK: ERREGULAZIONISTAK ETA «PROSEX» IKUSPEGIA

Erregulazionismoaren eta prosex delako korrontearen ikuspegien arabera, arazoa ez litzateke pornografia bera izango, baizik eta industria nola antolatuta dagoen; zer kondiziotan ekoizten den eta zer botere harreman erreproduzitzen dituen. Arazoa ez da pornoa, baizik eta hori ekoitzia izan den estruktura zisheteronormatiboa.

Korronte honetan kokatzen diren pentsalari batzuek emakumeen aurkako indarkeria sexualaren eta pornografiaren kontsumoaren artean harreman kausal zuzena baieztatzeko froga enpiriko nahikorik ez dagoela diote. Maitasun erromantikoan oinarritutako filmek, telesailek edo abestiek ere iruditeria jakin batzuk transmititzen dituzte. Pornoa soilik seinalatzeak errudun sentsazioa eragiten du eta emakumeon sexu “onak” leuna eta goxoa izan behar duela iradoki, horrek dakartzan arriskuekin: sexu gogorra gustuko izateak, “gaizto” bilakatzen gaitu.

Nola ikasi dugu sexualitateari buruz dakiguna? Noraino izan da ikasketa kontzientea? (GETTY IMAGES)

Beste argudio baten arabera, pornografiaren industrian parte hartzen duten emakume askok autonomiaz eta borondatez hartzen dute bertan lan egiteko erabakia, ez dira automatikoki biktima gisa ulertu behar. Gainera, pornografia debekatzea adierazpen askatasunaren aurkako neurria litzatekeela diote batzuek, eta zentsuraren atea ireki lezake, beste adierazpen artistiko edo kultural batzuk ere debekatzeko.

Azkenik, pornografia feminista garatzeko proposamena ere agertzen da. Pornografia ez da berez baztertu beharreko praktika bat; aitzitik, emakumeen desirak, plazera, autonomia eta adostasuna erdigunean jarriko dituen pornografia bat sortzea posible eta desiragarria litzateke.

SEXU HEZIKETA, NON ZAUDE?

Filosofo gisa asmoa ez da behin betiko erantzunak ematea, baizik eta galderak egitea, hausnarketarako bideak irekitzea: Nola ikasi dugu sexualitateari buruz dakigun guztia? Zenbateraino izan da ikaskuntza kontzientea? Zenbateraino ikasi dugu inkontzienteki, isiltasunaren bidez edo omisioaren bidez?

Sexu heziketaren garrantzian (formalean zein informalean) bat egiten dute aurretik aurkeztutako bi korronte feministek. Ikastetxean eman ditugun orduak eta orduak kontuan izanik, zein neurritan esan dezakezu, irakurle, bizitzaren parte den sexualitateari lekua egin zaiola? Ez dugu merezi platano eta kondoitik harago doan formakuntza integral bat? Poteoan errepikatu zen gaur egun sexu heziketa askotan berandu iristen dela, eskoletan ordu gutxi eskaintzen zaizkiola eta ez dagoela zeharka txertatuta. Zergatik ez sortu horretarako ikasgai propio bat? Nola sortu daiteke begirada kritikoa? Nerabeekin pornoa ikustea aukera bat izan daiteke? Eta zuk, zer deritzozu?

Artearen historian plazer sexuala eta erotismoa eguneroko iruditeriaren parte izan dira. (GETTY IMAGES)

Ez da harritzekoa hainbat egilek kalitatezko hezkuntza sexuala ezartzeko beharra azpimarratzea. Hezkuntza horrek kontzientzia emozionalean eta genero ikuspegian oinarritu behar du, eta ez du soilik haurrei zuzendua izan behar, baizik eta egungo eta etorkizuneko pertsona orori ere. Gogora dezagun heziketa ez dela soilik eskolan gertatzen, eta gizarte gisa, pornografiaren inguruko hausnarketa hori guztia egitea ezinbestekoa da.

POTEO FILOSOFIKOA BERASTEGIN

Gaiak eztabaida luze baterako bideak irekitzen ditu, ezta? Hala gertatu zitzaigun Berastegin. Egun bero hartan garunak ere irakite puntura eraman genituen solasaldian zehar: Nola hautsi dezakegu sexuaren inguruan dagoen tabua? Porno amateurra, askea al da? Non gelditzen da euskal pornoa? Ideiak bor-bor, bertaratutako emakume batek (kuriosoa: kontsumitzaileen ia gehiengoa, gizonak; hausnarketan, ia gehiengoa, emakumeak) argi esan zuen porno feminista-hezitzaile-berdinzale bat ezinbestekoa dela, emakumeon edota gorputz disidenteon desirak erreproduzituko lituzkeen ekoizpen bat. Baieztapen horri beste baten galdera: diru publikoz ordaindu behar ote litzateke? Zalantza hau etorri zitzaigun ate joka: ea haurrentzako eskuragarri jarri beharko liratekeen ekoizpen horiek; hezitzaileak izanik, zergatik ez? Gehienok haurrentzako egokitasuna ezbaian jarri genuen. Orduan plazaratu zen horrenbestetan entzun dugun ideia beldurgarri hau: umeek zortzi urte dituztenetik pornoa kontsumitzen dutela. Baina, gauza bera da kontsumitzea eta ikustea? Hiriguneetan eta landa eremuan kontsumoa akaso desberdina izango litzatekeela seinalatu zuen batek; herri txikietan kontsumoa berantiarragoa izan zitekeela aipatu zen, eta gehiengoaren oniritzia jaso zuen (Berastegiarrok… hartu arnasa!), eta mahaigaineratu zen CISek argitaratutako datuen arabera kontsumo gehiena 20-24 adin tartean kokatzen dela. Pertsona batek segurtasun osoz bereizi zituen bi porno feminista posible: heziketarako pornoa eta gozamenerako pornoa. Dena den, ezin izan genuen zehaztu zein desira piztuko lukeen bakoitzak, ezta desira naturalik dagoen ala ez (posiblea al da?).

Poteo filosofikoan ez ginen ondorio jakin batera iritsi, eta, ziurrenik, hori da espero zitekeen emaitzarik zintzoena. Pornografiaz hitz egiteak sexualitateaz, hezkuntzaz, botereaz, desiraz, askatasunaz eta berdintasunaz hitz egitea eskatzen du. Erantzunak eman baino, galdera gehiago sortzen dituen gaia da.

Agian, horixe da filosofiaren ekarpenik handiena ere: ziurtasun faltsuak baztertu, galdera egokiak egin eta elkarrizketarako espazioak irekitzea. Eta, sexualitateri dagokionez, elkarrizketa horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira.

 

HAUSNARKETARAKO ZIZKA-MIZKAK:

June Fernandez: «Pornorako sarbidea izatea gure erotikaren parte da».

Andrea Dworkin: «Pornografia emakumeen aurkako gorrotoaren ospakizuna da».

Robin Morgan: «Pornografia teoria da; bortxaketa praktika da».

Mijo Lizarzaburu: «Arazoa ez da pornoa, arazoa sexualitate patriarkala da».

PORNOGRAFIARI BURUZ EUSKARAZ ARITZEKO BALIABIDEAK:

Geruzak. “Desira” eta “Maitasuna” bideoak.

Zinegoak eta ZineGogoak.

Hiruki Larroxaren baliabideak.

“Pikara Magazine” (artikulu eta erreportajeak).