
Tiziano Vecellio (Pieve di Cadore, 1488 edo 1490 - Venezia, 1576) artearen historiako margolari onenetarikoa izan zen. Erretratuaren edo paisaiaren maisua, nahi zuen generoa birtuosismo osoz margotzen zuen.
Kondairak dio bere jaiotza data faltsutu zuela (1490ean sortu ahal izan zen), zaharrago izanik bezero gehiago lortuko zuelakoan. Oso gazte hasi zen lanean, Veneziar Eskolako harrobiarekin, kolorearen erabilera modernoa ezaugarri zuen taldearekin.
1516an Veneziako errepublikako pintore izendatu zuten eta urte hartan bertan berealdiko arrakasta izan zuen ‘Jasokundea’ koadroaz.
Europa osotik iristen zitzaizkion enkarguak, batez ere goi karguen erretratuak. Horien artean zeuden Karlos V.a Alemaniako enperadorea –gorteko pintore izendatu zuten eta noblezia titulu bat eman zion– eta Felipe II.a, Espainiako erregea. Koroaren «lehen pintore» izendatu zuen honek.
Tiziano Kontrarreformako ‘soldadu’ kulturaletako bat izan zen. Eliza katolikoak bera bezalako artistak behar zituen bere ideologia zabaltzeko eta behar zuen ikonografia sortzeko, eta berak ahalik eta gehien aprobetxatu zituen enkargu horiek diru pixka bat ateratzeko. Izan ere, gizon aberatsa izan arren, guztiz zekena zen, beti pobrea izateaz kexatzen zena.
Baina, era berean, margolari handi bat izan zen. Erabili zituen koloreek artearen norabidea aldatu zuten. Tizianok zuzenean margotzen zuen mihisean, eta lortu zituen emaitzak berehalakotasun eta freskotasun hori adierazten dute. Bere bizitzako azken urteetan pintzelkada lodiez eta, askotan, pinturaz igurtziriko behatzen ukituez eratu zituen lanak, geroago inpresionistek erabili zituzten tekniken aitzindari.

