Emozioak
Txinpartaduna aparta da, aparduna, ardoaren usain eta zaporeak galdu gabe abentura freskoa burbuila artean.
Ekoizpen mota guztiak sorkuntza prozesuak dira eta pasioz jarduten denean ziur artelan bihurtuko direla. Interesanteagoak zaizkit ekoizle txikien lanak, beste zerbait daukate, benetakoagoak dira eta esango nuke gainera azken urteetako joerak horrantz garamatzala, hots, produktu ahalik eta naturalenen aldera eta industrialen kontrara.
Gustuko dut ardoa izan txuria, gorria, beltza zein urdina. Baina sorkuntza prozesuan ardogintza beste interesatzen zait mahastigintza. Izan ere, edariak sabela elikatuko dit, baina, ekoizpenaren zatirik txikienean parte hartze hutsarekin, mahats bilketan esaterako, ale gozoen zukutan blai emozioak dantzan jartzen zaizkit, eta apardunaren burbuila zoroak lez luzaroan diraute buruan.
Aspaldiko ametsa izan dut ardoa egitea, mahastia zaintzetik botilaratzeraino eta ez da egun bateko lana, ez horixe. Urte askotako ahalegina da, hasera geldokoa, mahats-landareak landatzen dituzunetik mahastia zaintzera bizitza osoan. Aurrena mahatsa, gero ardoa. Botilaratzea urrun dago oraindik, baina, mahastia eta biok elkarri limurtzen ariko bagina bezala, irrika tanta jario etengabean daramat barrutik.
Mahasti gaztea martxan da, nahiz ez dakidan inoiz mahasti txukunik osatuko dudan, ez mahats sanorik bilduko, ez botilarik betetzerik lortuko… Baina, dagoeneko, aitzurkada bakoitza, kimaketa, ureztatzea, luartzea, hostoak kentzea edo gorrinaren eta zurinaren kontrako borroka, pasioz bizi ditut lortu nahi dudana begitantzen, ardo apardunarekin amesten…
Edozein delarik emaitza, aspertzea garestiegi ateratzen delakoan nago.
Izan ere, zer da bizitza emoziorik gabe? Zenbat ordainduko zenuke pasioak bizitza blaitu dakizun? •




