Lur Albizu Etxetxipia
Abertzalea eta feminista

Natural

Uda bukatzen ari da, ematen ez badu ere. Su-etenen bat eman digute eguzkiak eta beroak, baina salbuespen izan dira egun horiek. Ingurua kiskali dute eta, onartu behar dut, kezkatu egiten nau. Hor nago: kezkaren eta beldurraren paralisian. Baina ez nentorren beroaz idaztera, aurreko zutabean egin nuen eta errepikatuko da gaia aurrerantzean ere.

Udako festak ere bukatzen ari dira eta, denbora baterako, laster txosnek lekua galduko dute eta aretoak, tabernak… izanen dira musikaren, gauaren, arratsaldeen eta jaien babesleku edo lekuko. Hala ere, bada, tamalez, aldatuko ez den zerbait. Ez du itxurarik, behintzat: espazio publikoaren, hau da, eszenatokien, zein neurri okupatuko dute oraingoan gizonezkoek?

Begira dezagun ingurura eta, salbuespenak salbuespen eta oreka ederrak egiten dituzten antolatzaileei eskerrak emanda, zenbat karteletan dago gizonezkoak ez diren gorputzen ia erabateko absentzia, ez bada erabatekoa? Zenbat espazio herrikoitan ageri dira hutsune itzel eta erraldoi horiek? Zenbateraino da zilegi natural egiten den, natural-natural egiten omen den horren justifikazioa?

Izan ere, ez gara salbuespenez ari, sistematikoki gertatzen ari den zerbaitez baizik: auzo eta herrietako jaiak, kontzertu bereziak, urtemuga bereziak, lagunen arteko, anaien arteko topaketak… Berezitasun bakoitzak ekartzen du, aldiro, justifikazio berri bat. Finean, emaitza beti izaten da berdina: gorputz konkretu batzuek hartzen dute espazioa, eszena, erdigunea eta mikrofonoa. Beraz, gorputz konkretu horiek dute ospea, prestigioa eta kapital sozial, politiko eta kulturala.

Pertzepzio kontua izanen da beharbada, edo azken urteetan gauza asko aldatu direla, uste duguna baino gehiago, eta motelago mugitu diren beste batzuk eskandalagarriagoak zaizkidala. Edo agian oker nabil eta ez naiz datuetan oinarritzen ari -egia borobila-. Baina ez dut leku gehiegitan eta maizegi ikusten emakume* edo sexu-genero disidenteak barnebiltzen dituen (eta modu duinean barnebiltzen dituen) kartelik, ez badira espresuki eduki eta ikuspegi feminista eta transfeministaz egiten direnak.

Duela urte batzuk kuotez mintzatzen ginen: egokiak ote ziren, noraino egiten ziguten mesede edo kalte, ez ote ginen apaingarri bilakatzen, derrigorrezko zerbait, emakume* izateagatik ez ote zuten gurekin kontatzen… Eztabaida interesgarria iruditzen zait; baina hemen normala, naturala eta berezkoa, nahigabekoa den horrek gorputz eta esanahi bakarra dituen bitartean, kuotak, zenbakiak eta minimoak behar ditu espazio publikotik sistematikoki kanporatua izan denak. Nahita edo konturatu gabe, errealitatea hori delako. Kuotak, minimoak eta zenbakiak behar ditugu, agian noizbait behar ez izateko. Bestela, espazio publikoaren segregazio batera jo dezakegulako: batzuk goian, beste batzuk behean, batzuk aktibo, beste batzuk pasibo, batzuk hizlari eta abeslari, beste batzuk entzule eta zale. Oinarrizko kontua da. Eta guztiok dakigu: batzuk igotzeko, beste batzuk jaitsi behar dira. •