
Bermeoko Udalak abian jarriko du ekimen berria herriko kirol klubetan euskararen presentzia eta erabilera indartzeko, bereziki gazte eta nerabeen artean euskaraz aritzeko aukerak areagotzeko, eta horretarako, Urdaibai Eskubaloi Taldeak, Bermeo Futbol Taldeak, Xixili Gimnastika Taldeak eta Urdaibai Arraun Taldeak bat egin dute Udalak bultzatutako egitasmoarekin.
Ekimenaren aurkezpenean, Bermeoko Udaleko Euskara zinegotzi Iker Bilbao San Nicolasek azaldu du kirolak gazteen egunerokoan duen presentzia baliatu nahi dela euskararen erabileran eragiteko. Entrenamenduak, partidak, talde barruko harremanak eta klubek sare sozialen bidez duten jarduna hizkuntza ohituretan eragiteko aukerak ere badirela nabarmendu du.
Egitasmoaren garapenean, Bermeoko Udala Ebete kooperatibarekin ari da elkarlanean. Ebeteko Markel Barojak adierazi duenez, hizkuntza zerbitzuaren laguntzarekin, klub bakoitzaren errealitatea aztertu eta euskararen erabileran eragiteko neurri zehatzak identifikatuko dira, betiere klub bakoitzaren ezaugarriak, beharrak eta aukerak kontuan hartuta.
Izan ere, egitasmoaren helburua ez da klub guztiek bide bera egitea, baizik eta bakoitzak bere egoeratik abiatuta urrats zehatzak ematea. Horren erakusgarri dira klub bakoitzak datozen hilabeteetarako zehaztu dituen erronkak eta konpromisoak.
Bermeoko Urdaibai Eskubaloi Taldeak, Bermeo Futbol Taldeak, Xixili Gimnastika Taldeak eta Urdaibai Arraun Taldeak egitasmoarekin bat egin badute ere, ekimena ez da lau klub horietara mugatzen, Bermeoko Zesta Eskola ere hizkuntza proiektu propioa diseinatzeko prozesuan baitago eta, horretarako, Ebeteko hizkuntza zerbitzuarekin harremanetan ari da.
Bermeoko Udalak eta Ebetek urteak daramatzate elkarlanean, herriko gazteen kirol esparruan euskara gehiago entzun eta erabiltzeko aukerak sustatzeko. Oraingo egitasmoarekin, elkarlan horretan beste urrats bat emango da, kirol klubak prozesuaren erdigunean jarrita eta bakoitzaren errealitatetik abiatutako neurriak bultzatuz.

Egia Kermanentzat: bide judizialean itxaropen eskasa eta jendarteari kontatzeko behar larria

«Kutxak zabaltzen hasitakoan harrituta galdetzen nuen: ‘Hau guztia Imanol Urbietarena da?’»
