Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Amagoia eta biok

Gutxi falta da GAUR8ren 1.000. zenbakia argitaratzeko. Ia hogei urte daramatzagu lan honetan. Kalkuluak egiteko, “Egin”-ek 21 urte biziraun zituen, ito zuten arte. Zenbaki biribil hori dela medio, ospatzeko asmoa dugu, urriaren 15ean Errenteriako Lekuona Fabrikan egingo dugun ekitaldian.

Efemeridea, atzera begira jartzeko baino gehiago, aurrera begira kokatzeko baliatu nahi dugu. Pudorea ematen digun arren, geure burua erreibindikatzeko tenorea dela iruditzen zaigu. Inor gutxietsi gabe, noski. Jarri genituen helburuetako asko bete ditugulako, eta urrats berriak egiteko kondizioak sortu ditugulako.

EUSKARAZ BESTE INON ESANGO EZ ZIRENAK

Hasieratik, gure asmoa eduki interesgarriak egitea zen. Urteotan, «euskara da gure territorio libre bakarra» esaldiari zentzua ematen ahalegindu gara. Adibidez, ezker abertzalearen estrategia aldaketaren garaian, beste inon azaltzen ez ziren edukiak argitaratzen genituen. Erredakzioan metatzen zen ezagutzagatik eta kazetaritzatik eragiteko genuen gogoagatik zen hori posible. Imanol Muruak, “Ekarri armak” liburuan, gure taldearen gogo hori nabarmentzen du. Inork ezagutzen ez zituenean, gurean idazten zuten, besteak beste, Gorka Elejabarrietak eta Pello Otxandianok.

Bestelako joerak ere aztertu nahi genituen. Feminismoaren olatuan buru-belarri busti ginen. Hemengo eta atzerriko abertzaletasunari buruz asko idatzi dugu. Zenbait alorretan egin dugun ekarpena aipatu nahiko nuke, hala nola hirigintzan, informatikan, bertsolaritzan, osasungintzan, komikigintzan…

Euskal Herrian gauzak egiten dituen jendea, gauzak ondo egiten dituen jendea nabarmentzen saiatu gara.

EUSKARAZ, LAGUNTZA ETA IRISMENA

Euskarara jauzi egin nahi zutenak laguntzen ahalegindu gara. Kalitatezko edukiek jendea euskaraz irakurtzeko esfortzua egitera bultzatuko zutela sinetsita geunden. Euskalduntzen saiatu den jendeari babesa eman diogu, zubi lan hori gure xedeen parte delako.

Dirulaguntzen sistemarekin beti izan gara oso kritiko, besteak beste, gure komunikabideak baztertzeko jartzen zituzten baldintzak betetzen genituenean baldintzak aldatzen zituztelako. Adibidez, une batean irismenari garrantzi berezia eman zioten, baina, gure irismenaz konturatu zirenean, hori mugatu zuten.

Izan ere, zabalpen handiena duen euskarazko astekaria da GAUR8. Gainera, larunbatero eta urte guztian GARArekin kioskoetara banatzen da; eta NAIZen ere jartzen da eskuragarri. Ondorioz, sarri, gehien irakurtzen diren euskarazko artikuluak astekari honetakoak dira.

EUSKARAZ, EUSKARATIK ETA HERRIARENTZAT

Hasieratik nahi izan genuen trantsizio teknologikoan ekarpena egin, baina bide hori ez da zuzena izan. Paperaren eta saguaren arteko maitasuna ez zen berehalakoa izan. Paperean bikaintasuna bilatzen genuen bitartean, Interneten hankamotz ibili gara, luzaroan.

Hori bai, GAUR8k NAIZen jaiotzan eragin zuen, eta bertan taldeak eman zuen «transmedia» jiteari jarraika, belaunaldi berrien bultzadaz, fokua audientzietan jarriko duen kazetaritza ari gara garatzen.

Kolaboratzaileen artean, Oier Gorosabel da hasieratik dagoen bakarra. Lantaldetik, Amagoia Mujika eta biok geratzen gara. Produktu honetan, nik ez dut apenas agindu eta berak ez dit batere kasurik egin. Atera kontuak, mila zenbaki on atera baitira. Meritua, jakina, idatzi, zuzendu eta marraztu duten guztiena da. •