GAUR8

Sofia Casanova, Estatuko lehen gerra korrespontsala

Gaur 165 urte jaio zen Galizan Sofía Casanova kazetaria. Estatuko lehen gerra korrespontsala izan zen lehen Mundu Gerran ‘ABC’ egunkari kontserbadorearentzat eta 36. Gerran Frankoren alde jo zuen sutsuki, baina naziak Polonian sartu zirenean gogor kritikatu zituen eta ‘ABC’-k kaleratu egin zuen.

Sofia Casanova, Bilboko Etxe Galegoan, 1926. urtean.
Sofia Casanova, Bilboko Etxe Galegoan, 1926. urtean. (ARCHIVO DA EMIGRACIÓN GALEGA)

Sofía Guadalupe Pérez Casanova de Lutosławski (Culleredo, Galiza, 1861eko irailaren 30a – Poznań, Polonia, 1958ko urtarrilaren 16a) ez zen bere garaiko ohiko emakumea. Ez zuen haurtzaro erraza izan, aitak familia utzi zuelako anaia gazteena jaio zenean.

Halere, Madrilen egin zituen ikasketak eta han Wincenty Lutosławski izeneko irakasle, filosofo eta diplomatiko poloniar xelebre bat aurkeztu zioten, Sofiaren bizitza betiko aldatuko zuena. 1887ean ezkondu ziren eta Poloniako iparraldeko Drozdowon herrian errotu ziren.

Bikoteak lau alaba izan zituen, eta horietako bat disenteriaz hil zen. Senarraren karrera diplomatikoak Londres, Mosku, Paris eta Erromara eraman zituen eta horrek sei hizkuntza ikastera bultzatu zuen. Baina banandu ziren azkenean eta Sofia Madrilen finkatu zen eta han hedabide garrantzitsuenen kolaboratzaile gisa hasi zen, hala nola ‘El Liberal’, ‘El Imparcial’, ‘ABC’ eta ‘Blanco y Negro’-n.

Lehen Mundu Gerrak alabak bisitatzen harrapatu zuen, Alemaniako mugatik gertu. Poloniako hiriburutik ‘ABC’ egunkarirako kronikak idazten hasi eta Ekialdeko Europako Gerra Korrespontsala izendatu zuen egunkariak.

Varsovia ebakuatu zutenean, alabekin San Petersburgora alde egin zuen eta bertan, Tsarisen Errusiaren gainbeheraren, Romanovtarren Gorte Inperialaren eta Urriko Iraultzaren lekuko izango zen. Egonaldian Rasputinen heriotzaren lekuko ere izan zen eta Trotski elkarrizketatu zuen. Errusiako matxinadetan, kolpe bat jaso zuen begi batean, eta horrek betiko ikusmen-arazoak sortu zizkion.

Varsovian berriz, 36. Gerrari buruz idatzi zuen. Frankoren alde zegoen erabat, faxistak, idatzi zuen ‘La Voz de Galicia’-n, «garapen eta distira uneak ekarriko zituelako Espainiarentzat». Francok deitu zion Burgosera, eta han elkarrizketatu ahal izan zion Sofiak. Hura Penintsulara egingo zuen azken bidaia izango zen, Polonian Gabonak igarotzen ari zenean Bigarren Mundu Gerra piztu zelako.

Eta hara non, faxismoa zer zen ohartuta, salatu zituen irmoki kontzentrazio esparruetan naziek egindako basakeriak eta Poloniaren okupazio alemaniarraren aurka sutsuki idatzi zuen ere... Hori ez zen ‘ABC’-ren gustukoa izan eta kaleratu egin zuten. Galizako Consello da Culturan aurkituko duzue bere biografia zehatza.