GAUR8

Bihotz Inguru baso-eskolako eredu pedagogikoaren inguruko liburua aurkeztuko dute Kaxildan

‘Fluir en esencia’, Kati Illarramendik Donostiako Bihotz Inguru baso-eskolak garatzen duen eredu pedagogikoan sakonduz ondu duen liburua, asteazkenean, urriaren 7an, aurkeztuko dute Kaxilda liburu-dendan.  

Bihotz Inguru baso-eskolan, naturan oinarritutako hezkuntza eredua garatzen dute curriculuma lantzeko.
Bihotz Inguru baso-eskolan, naturan oinarritutako hezkuntza eredua garatzen dute curriculuma lantzeko. (Bihotz Inguru )

Kati Illarramendi Bihotz Inguru baso-eskolako zuzendariak argitaratu berri duen ‘Fluir en esencia’ (Uno argitaletxea) liburua aurkeztuko du asteazkenean, urriaren 7an, Donostian, Kaxilda liburu-dendan. Ekitaldia 18.30ean hasiko da eta ordubete inguruko iraupena izango du, ‘Beste hezkuntza bat posiblea da?’ galderari erantzuteko.

‘Fluir en esencia. Educación del Fluir: un modelo pedagógico en sintonía con la vida’ da lanaren izenburua osoa. Bihotz -Inguru baso-eskolan lantzen duten eredu pedagogikoan sakontzen du, haren oinarri teorikoak, gogoetak eta tresnak aztertuz.

Hezkuntzaren inguruko hausnarketa bultzatzeko, gogoeta bat planteatu dute: «Eta heztea, batez ere, bizitza laguntzen ikastea balitz?». Lanak jorratzen duen gaiaren harira gogoratu dute «belaunaldiz belaunaldi» helduak «haurra moldatu, gidatu edo zuzentzearen ideiatik» saiatu garela hezten. 

Aurkezpenaren kartela.

«Hala ere, badirudi bizitzak beste bide bat jarraitzen duela: norberaren hazkunderako, ikaskuntzarako eta autoerrealizaziorako bultzada naturalarena. Eta heztea lurra prestatzea, aberastea eta haurraren benetako interesa loratzeko aukerak eskaintzea balitz?», adierazi dute.  

Azaldu dutenez, Jario Askearen Hezkuntza haurtzaroaren behaketan eta laguntzan, familiekin eta hezitzaileekin egindako lanean eta naturarekin harremanetan emandako hezkuntza-esperientzian oinarritzen den eta bi hamarkada baino gehiago duen eredu pedagogikoan oinarritzen da.

«Giza garapeneko prozesuen behaketan eta norberarenganako begirada kontzientean sustraitzen dituen ulermena da, benetako laguntza orok norberaren bilakaerarekiko konpromiso sakona eskatzen duela aitortuz», adierazi dute.

Kati Illarramendi psikopedagogoa eta ereduaren sortzailea, Bihotz Inguru baso-eskolako zuzendaria da 2016tik. Naturari lotutako hezkuntza-proiektua garatu du, eta horren ondoan, prestakuntza eta laguntza ematen die konpromisoa duten familiei, profesionalei eta erakundeei. Bi eta 6 urte bitarteko haurrak hartzen ditu baso-eskolak, «bizitza bizitzen ikastea» sustatzen duen aire zabaleko metodologia baten bidez.