Aitor Servier

Bertso txikietan

«Elkarbizitza jokoan, eta zu berriz bertso txikietan», abesten du Ruper Ordorikak “Zaindu maite duzun hori” kantuan. Baiki, elkarbizitza ez ezik, bertze gauza ainitz jokoan daude. Hausnarketa eguna da gaur Hego Euskal Herrian eta dozenaka herritar Canon Français-en proiektu erreakzionarioari aurre egiten ari dira Biarritzen. Bada, gizonezkook idatziko historiaren gurpilak menosturiko bertso eta bertsolari ez hain txikiez mintzatuko natzaizue gaur.

2000ko hamarkadaren hastapenean Azkaineko ikastolan ikasi nuen, prefabrikatu batzuetan. Orduko irakasleen ekinari zor diet euskara eta sormenerako jaidura. Handik urte gutira bertso eskolan hasi nintzen, eta gaur arte… Anomalia da, inondik ere, ez ikastolan ez bertso eskolan, Maria Luixa Erdozioren berri jaso ez izana. Azkaineko Patinenia etxaldean sortu zen Erdozio, Ipar Euskal Herrian plazaz plaza kantatu zuen lehen emazte bertsolarietako bat. Lore jokoetan bi aldiz gailendu zen, 1869an eta 1875ean. Mariana Hargain Ezpeletarrarekin eta «Aña Deabrua» erraten zioten Mariana Etxegarai Lekondarrarekin aritu zen kantari. Oroimen selektiboaren higaduraren poderioz, ez zaigu Erdozioren bat-bateko edo idatzizko bertsorik iritsi.

Azkaineko plaza bati Maria Luixa Erdozio izena jarri zioten 2024an. Ekitaldi hartan, Maddi Ane Txoperenak ondu zituen aitzindariaren omenezko bertsoak. Eta nik Txoperena lagunari esker harilkatu ditut egungo gai guziak; honela kantatu baitzuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako Biarritzeko saioan: «Miarritzeraino heldu da Frantziako Canon-a/ faxismoari kulturaz eman nahi diona forma/ erakutsi nahi duena zer den frantziar pertsona/ zer egoki, zer kanpoko, zer andrea, zer gizona».

Nago bertso horri balizko PP-Vox gobernu baten edo Erdoziok pairaturiko zapalkuntzen oihartzuna ere ez ote darion. •