GAUR8

Natalia Ginzburg, idazle handi baten xalotasun sakona

Duela 35 urte hil zen Natalia Ginzburg idazlea, XX. mendeko italiar literaturako ahots berezienetako bat eta baita ere herrialde horrek eman duen idazle handienetako bat ere. Zintzoa, izugarri gizatiarra eta prosa hunkigarriaren egilea, bere liburuetan munduaren biografia egiten jakin zuen.

Natalia Ginzburg idazlea, 1956ko argazki batean.
Natalia Ginzburg idazlea, 1956ko argazki batean. (EZEZAGUNA | WIKIMEDIA)

Elena Ferrantek, Italo Calvinok eta Rachel Cuskek miretsitako maistra da. Bere liburuek ez dute inor epel uzten. Zinemara eramana izan da askotan, bere liburuak ‘txikiak’ zirela esaten zuen arren. Natalia Ginzburg (Palermo, 1916ko uztailaren 14a – Erroma, 1991ko urriaren 8), idazle italiarraz ari gara, gaur 35 urte hil zen idazleaz.

Idazle txiki batek ez du handi batek bezala idazteko gaitasuna, baina bai hark bezala sentitzekoa. Halatsu zioen Natalia Ginzburgek. Bat gentozkeen bere buruaz ari izan ez balitz. Hitz horiekin eta beste askorekin bere umiltasuna erakutsi zuen, inondik inora ez bere txikitasuna. Izan ere, esan genezake Natalia Ginzburgen obra gauza txikien handitasunaren erakusgarri bikaina dela, idatzi zuen GAUR8n Xabier Izagak. 

Natalia Levi sortzez, ama katolikoa eta aita judua zituen, baina ez ziren praktikanteak eta, Nataliak idatzi zuenez, ateoak zirela esan ohi zuten. Gazte hasi zen idazten eta bi senar izan zituen: Leone Ginzburgekin, jatorri errusiarreko intelektual komunista eta antifaxista, Mussoliniren Gobernuak 1944an atxilotu eta hiltzeraino torturatu zuena, eta Gabriele Baldini unibertsitateko irakasle eta ingeles literaturako aditua, 1969an hil zitzaiona.

1963an argitaratu zuen bere lanik ospetsuena –‘Familiako lexikoa’ liburu autobiografikoa, Strega sari garrantzitsua irabazi zuena– eta ordutik kontakizunak eta eleberriak ez ezik, saiakerak eta antzerki lanak ere idatzi zituen. Horietatik asko euskarara ekarria izan dira. Alderdi Komunistako diputatu ere hautatu zuten.