GAUR8

Duela 45 urte, Estatu frantsesean heriotza zigorra ezeztatu zen

1981eko urriaren 9an Estatu frantsesean heriotza zigorra bertan behera gelditu zen ofizialki François Mitterranden Gobernuak onartutako lege bati esker. Honen bultzatzaile nagusia Robert Badinter Justizia ministroa izan zen. Asanblea Nazionalean eman zuen hitzaldi historikoa funtsezkoa izan zen.

Robert Badinter abokatu eta Justizia ministroa. Cassin Fundazioko Ohorezko Batzordeko kidea zen ere.
Robert Badinter abokatu eta Justizia ministroa. Cassin Fundazioko Ohorezko Batzordeko kidea zen ere. (FONDATION RENÉ CASSIN )

Hexagonoan exekutatutako azkena Hamida Djandoubi izan zen, Marseillako espetxean, 1977ko irailaren 10ean. Gillotina erabili zen azken aldia ere izan zen, 1981eko urriaren 9an Mitterranden Gobernuak zigor hau ezeztatu zuelako eta, urte baten buruan, heriotza zigorraren abolizioa Konstituzioan txertatu zuelako Senatuak, etorkizunean zigor hori berriro ezartzea askoz zailagoa izan zedin.

Oso neurri zuhurra izan zen, etor zitezkeen aldaketa kontuan izanik. Izan ere, eskuinaren artean heriotza zigorrerakiko ‘nostalgia’ eman baita hamarkada hauetan Estatu frantsesean. 

Robert Badinteren heriotza-zigorraren aurkako borroka 1972ko azaroaren 28an hasi zen, abokatua zenean. Egun hartan, bere bezeroetako bat exekutatu egin zuten, bahituak hartzean konplize gisa kondenatu baitzuten. «Zin egin nion neure buruari, goiz hartan auzitegitik ateratzean, nire bizitza osoa heriotza zigorraren aurka borrokatuko nuela», adierazi zion Badinterek 2021ean AFP agentziari, bere bizi ibilbideari buruzko elkarrizketan.

Badinterek egindako borroka ez zen erraza izan, garai hartan Frantziako klase politikoa heriotza-zigorrari eustearen alde baitzegoen.

Zer esan heriotza zigorraren egoeraz gainontzeko herrialdeetan: Heriotzara kondenatutakoen exekuzioak gorenera iritsi dira azken hamarkadan AEBetan, eta Israelek urkagatiko heriotza zigorra ezarri ahal izango die «terroristatzat» jotzen dituen palestinarrei.