Imanol ALVAREZ VARELA Filosofia irakaslea

Zer da filosofia eta zertarako balio du?

Galderak egiteak eta erantzun koherenteak ematen saiatzeak ezaugarritzen dute filosofia.
Galderak egiteak eta erantzun koherenteak ematen saiatzeak ezaugarritzen dute filosofia. (GETTY IMAGES)

Irakurle, soinu banda jartzera gonbidatzen zaitugu: “Filosofi aldaketak” (Beti Mugan); “Valor de uso” (Goxuan salsa); “Inmolazioa” (Anari). Aspaldi ospatutako kafe filosofiko batean jorratutako bi galdera nagusiak dira izenburukoak. Ni, “Oiloarrautza” izeneko eleberri filosofiko bat aurkezten ari nintzen, eta filosofiari sarrera nobelatu bat den aldetik, egokia iruditu zitzaidan hasieratik hastea.

Baina zer da orduan filosofia? Hurbilketa kontzeptual batekin hasten saiatuko naiz. Ezagutzen mapan kokatu beharko bagenu, subjetibitate hutsaren eta objetibitatearen artean kokatzen diren gaiak aztertzen ditu filosofiak. Matematikan edo geografian, naturalak edo kulturalak izan daitezkeen egia-eremu bi aipatzeko, bost bider hiru beti izango dira hamabost, eta, Frantziako hiriburua, Paris. Beste muturrean, norbaiti gustukoen duen kolorea edo platera zein den galdetuz gero, ezinezkoa da erantzuna txarto egotea, eta zentzugabekeria bat dirudi argudioak eskatzea. Bi mutur horien artean kokatzen den eremu zabalari argudiaketaren erreinua deitu diezaiokegu beraz, eta bertan kokatzen diren galderek erantzun ezberdinak izan ahal badituzte ere, ikuspuntu bat defendatzeko ematen ditugun argudioen kopuruak eta kalitateak erantzunen mailaketa bat ahalbidetzen du.

Honezkero suposatuko zenuten hemen kokatzen dela filosofia, baina hemen kokatzen den guztia filosofia al da? Hitzaren esanahi klasikoari erreparatuz gero, ez. Zuzenean edo zeharka, bizitzaren gai handiekin lotuta dauden galderak soilik kontsideratuko ditugu hertsiki filosofikoak: zoriontasuna, errealitatea, ezagutza, natura-kultura, gizakia, gizartea, etika, estetika edo politika bezalako auziak aztertzen dituztenak, alegia. Horrek ez du esan nahi, ordea, eremu hori osatzen duten beste gaiak ez direnik garrantzitsuak edo interesgarriak. Ez eta auzi filosofikoekin lotuta egon ezin daitezkeenik ere. Pringles-ak patatak ote diren galdetzen badizuet, filosofiatik kanpo kokatzen den galdera inozo baten aurrean gaudela pentsatu dezakegu. Baina argudioen bilaketan oinarritutako fundamentuzko hausnarketa bat eginez gero, «zerk egiten du zerbait zerbait hori izatea?», galdera metafisiko klasikoarekin egingo genuke topo. Lur eremu bat zer den edo pertsona baten generoa zein den planteatzen dugun kasuetan agertuko zaizkigun antzeko zalantzak eta argudioak azalaraziz. Kontzeptualki, beraz, erantzun posible ezberdinak dituzten bizitzarekin lotutako auzi garrantzitsuak aztertzen ditu filosofiak. Praktikan, argudiatu daitezkeen auzi guztietara zabalduko nuke nik filosofiaren definizio malguago bat, filosofatzea, gaia jorratzeko moduarekin lotuz.

GALDERAK ETA ERANTZUNAK

Prozedurari dagokionez, bi elementuk ezaugarritzen dute praktika filosofikoa: galderen planteamendua eta erantzun argudiatu eta koherenteak emateko saiakera. Biak ala biak ezinbestean agertu behar dira, eta garrantzi bera dute filosofia egiterakoan. Lehena kritikotasunarekin dago lotuta, eta askotan gaizki ulertzen ari bagara ere, pentsamendu kritikoa ez da hedatuta dauden ikuspuntu edo iritzien kontrakoa aldarrikatzea. Kritikoki pentsatzea, ideia oro zalantzan jartzea da, gehiengoenak edo gutxiengoenak, politikoki zuzenak edo ez-zuzenak, besteenak edo nireak… diren kontuan hartu gabe, arrazoizkotasunaren iragazkitik pasatuz. Bigarrena argudiaketarekin lotuta dago eta ikuspuntu baten alde ditugun arrazoiak plazaratzean datza. Tradizio filosofiko eta kulturalak galderen gutxieste bat eta erantzunen gehiegizko aldarrikatze bat egin badu ere, aspaldian, joera hori bezain arriskutsua den kontrako joera garatzen ari gara batzuetan. Prozedura filosofikoa osatzen duten bi elementu horiek gaur egun duten intzidentzia aztertu beharko banu, gaizki ulertutako kritikotasunaren izaera aldarrikatzailearen erromantizazioa dela eta, edo argudiaketa sendo eta zuzenak eraikitzeak eskatzen duen zailtasuna tarteko, benetako kritikotasun falta eta galderen gainbalorazio bat sumatzen dut gizartearen sektore aurrerakoien artean (hain arriskutsua izan daitezkeen gehiegikeria moraletan erori gabe, beti espero dut gehiago sektore aurrerakoiengandik eta hortik nire kritika).

Aurreko paragrafoaren harira, batzuetan filosofiarekin nahasten ditugun baina filosofia ez diren pare bat kontu aipatuko nituzke hemen. Lehena, kritikotasun faltarekin edo kritikotasuna gaizki ulertzearekin lotuta, dogmatismoaren arriskua da. Autoritatearen argudioak ezin du inoiz lekurik izan filosofian, eta hori, pertsona zein kolektiboei aplikatu behar zaie. Jarrera filosofikoak edozein ideia aztertu eta arrazoizkotasunaren iragazkitik pasatzera behartzen gaitu, jatorria edonor edo edozein delarik. Bigarrena, ordea, argudiaketarekin dago lotuta, horien zorroztasun faltarekin hain zuzen ere. Filosofatzeak zorroztasun arrazionala eskatzen duen heinean, filosofia ezin delako dibagazio hutsa izan. Gizartean hedatuta dagoen estereotipo kaltegarriaren kontra, akaso merezitakoa, filosofatzea ez da ideia abstraktu eta ulergaitzak bata bestearen atzean botatzea, botatzen ditugun ideiak arrazoietan oinarritu eta diskurtso koherenteak eraikitzea baizik.

ZERTARAKO FILOSOFIA?

Behin filosofia zer den definitzen saiatu eta gero, izenburuan planteatutako bigarren galderari helduko diogu: «zertarako filosofia?». Hasteko, galderaren pertinentzia eta erantzun bat emateko beharra azpimarratuko nituzke. Are gehiago, kontrakoa, anti-filosofikoa litzatekeela uste dut. Badago tradizio filosofikoan, filosofiaren balioa, erabilgarritasun praktikotik aldentzen den diziplina gisa justifikatzeko joera, jakintza motarik askeena dela argudiatuz. Ni ez nator bat ideia horrekin. Errealitatearen behaketatik sortzen da hausnarketa filosofikoa, eta haren ulermenaren bitartez, errealitatean eragin eta hobeto bizitzen lagundu behar digun ezagutzaren diziplina bat da filosofia niretzat. Ez zait bizitza on bat baino helburu praktikoagorik okurritzen. Egia da filosofiak ez digula bermatzen bizitza hobeago bat, ulermen maila altuago batek bizitza kontzienteago bat bermatzen badigu ere, horrek ez gaituelako zertan zoriontsuago bilakatu behar. Baina lehen esan bezala, beti lortzen ez bada ere, bizitza hobeago bat helburu gisa izatea, nahikoa iruditzen zait filosofiaren beharra justifikatzeko.

Norbanakoaren ikuspuntutik begira jarraituz gero, Sokratesek, hausnarketarik gabeko bizitza batek ez duela merezi esaten zuen. Ez dakit bakoitzaren izaeraren araberako kontu bat ez ote den, baina munduaren inguruan hausnartzeko gaitasunak bizitza interesgarriagoa bilakatzen duela esango nuke. Bizitza hobeago bat bizitzeko ematen dizkigun aukerez gain. Eta ikuspegi sozial batetik begiratzen badiogu kontu horri, hausnarketa filosofikorako gaitasuna garatzen duten banakoz osatutako gizarte bat, ikuspegi etikoa barne noski, gaitasun bera garatzen ez duten banakoz osatutako gizarte bat baino desiragarriagoa litzatekeela adostu dezakegula uste dut. Sokrates izan zen, hemen ere, politika instituzionalean parte hartu beharrean, filosofia irakastea, politika egiteko bere modua zela zioena.

Sokratesek esaten zuen hausnarketarik gabeko bizitza batek ez duela merezi. Filosofiak bizitza kontzienteagoa egin dezake. (GETTY IMAGES)

Ohikoa da filosofiaren aportazioa gutxiesten duten diskurtsoak entzutea. Ohikoa den bezala ere, haien aurrean, filosofiaren berebiziko garrantzia aldarrikatzen duten diskurtsoak entzutea. Egia da izaera berezia duen ezagutza mota bat dela filosofia. Besteak hartatik eratortzeak, eta diziplina bakoitzak bere buruaren gaineko hausnarketaren atzean filosofia egoteak dakar hori. Baina handinahikeria intelektualetan erori gabe, ezagutza mota guztien beharra du gizarteak funtzionatzeko. Aurrekoan, institutuan, arbel digitalen gaineko formakuntza batean txundituta nengoen ni teknologia horrek gure esku jartzen dituen baliabide guztiekin. Arbel moduan erabiltzen dugunean gure letra inperfektua momentuan aldatu eta grafia estandar “perfektu” bilakatzeko aukerak zer pentsatu eman zidan arte. Nolako harremana sustatzen ari gara horrekin inperfektutasunarekin, gizakiak, mundua eta bizitza, askotan, inperfektuak direla kontuan hartuta? Nolako ondorioak ditu horrek frustrazioaren kudeaketan? Horrekin esan nahi dudana da, nahiz eta auzi horiek dikotomia baztertzaile baten bidez planteatzeko joera dugun, biak ala biak behar ditugula gizarte hobeago bat eraikitzeko: aurrerapen teknologikoak eta haien inguruan hausnartzeko gaitasuna.

Bukatzeko, orain arte egindako hurbilketa estandarretik aldentzen diren bi kontu aipatu nahiko nituzke. Lehena filosofatzearen aldeko aldarri bat da, komunitatean eta elkarrizketaren bidez egiten den jarduera gisa ulertuta. Beharrezkoa bezain garrantzitsua eta egingarria da zorroztasun filosofikoa alde batera uzten ez duten elkarrizketa filosofikoak sustatzea, eta, txikitatik hasteak, ikaragarri errazten du ohitura batzuen barneraketa eta hausnarketarekiko atxikimendua garatzea. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailan klaseak ematen ditudan guztietan hausnartzea zer den galdetu ohi dut lehen egunetan, eta, erantzuna, zerbait gaizki egin dugunean egindakoari buruz pentsatzea dela izaten da. Guk geuk haurren hausnarketari ematen diogun lekua eta esanahia hori den bitartean, ezer gutxi espero dezakegu.

Bigarrena, ikuspegi arrazionaletik haratago doan filosofiaren ikuspegi bat barneratzearen beharrarekin dago lotuta. Azken urteetan ugaritu diren alderdi emozionalaren gaineko baieztapen eta ikuspegi hutsaletan erori gabe, garrantzitsua iruditzen zait tradizio filosofikoak mantendu ohi duen gizakiaren ikuspegi arrazionalistegia errebisatzea. Arrazionalak bezain emozionalak gara gizakiak, eta, banaka zein taldean hausnartzen dugunean, biak jartzen dira jokoan. Are gehiago, emozioek baldintzatzen dute gure pentsamendua, gure pentsamenduak gure emozioak baldintzatzen dituen baino dexente gehiago. Eta hala ere, paradoxikoki, horren gaineko kontzientzia hartzea ulermenaren bidez egin beharreko zerbait da; hori bai da mundua ulertzeko gure modua. Ez da gustuko toki bat izaten filosofo askorentzat emozioen eremua, arrazoia gurtzera eta arrazoia izatera ohituegiak akaso. Mundu zabalera eta arrazionaltasunetik hausnartzera ohituta gaude. Ekuazioari barnerako begirada eta alderdi emozionala gehitzeak ikaragarri aberastu dezake hausnarketa, ordea.

Baina ez dut artikulu hau proposamen konkreturik gabe itxi nahi. Koherentea izan nahi dut idatzitakoarekin, alabaina. Argi gera bedi ezer ez dela ezertan panazea, baina zinez uste dut azken paragrafoetan azaldu dudan nire filosofia ulertzeko moduarekin bat datorren “Haur filosofiaren metodologia”-k (“Elkarrizketa argudiatu kooperatibo” gisa ere deitu izan duguna Euskal Herrian azken urteetan), onura handia ekar diezaiokeela filosofiari eta gizarteari. Elkarrizketa filosofikoetan oinarrituta, Sokratesen “Maieutika” eta Habermasen “Etika diskurtsiboa” uztartzen dituen proposamena da Mathew Lipmanek 60ko hamarkadan hasitakoa. Metodologikoki, denborak eta zabalkundeak dakarren aniztasunaren barruan bada ere, oinarrian dauden helburuak beti dira berdinak: txikitatik hausnarketa filosofikorako gaitasuna garatzea, eta hori bera, komunitatean egitea, elkarbizitzen ikasten ari garen bitartean. Hausnarketa filosofikoa, errealitatean jatorria duen abstrakzio prozesu gisa ulertuta, bakoitzaren errealitatera bueltatu eta hobekuntza bat eskain diezagukeen zerbait dela sinisten badugu behintzat, ahalik eta jende gehienari heltzea izan behar delako, nire ustez, haren helburu nagusia: elkarrekin filosofatzen ikastea, alegia.