GAUR8

Roberta Cowell, lasterketa-pilotu ospetsua eta Erresuma Batuko lehen emakume transgeneroa

2011ko urriaren 11n, 93 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten Hamptoneko (Londres) babes ofizialeko etxebizitza batean. Betty bakarrik bizi zen, kaxaz eta poltsaz inguratuta. Auzokideek ez zekiten Roberta Cowell zela, pilotu ospetsua eta Erresuma Batuko lehen emakume transgeneroa.

Roberta Cowell, 1954ko irudi batean.
Roberta Cowell, 1954ko irudi batean. (Hulton DEUTSCH | GETTY IMAGES)

Gaur hamabost urte hil zen Roberta Elizabeth Marshall Cowell (Croydon, Erresuma Batua,1918ko apirilaren 8a – Londres, 2011ko urriaren 11), Erresuma Batuko azken mende erdiko istorio zirraragarrienetako bat zuen emakumea, Roberta Cowell  Erresuma Batuan sexua berresleitzeko operazioa egin zuen lehen emakume transgeneroa izan zelako (1951n). 

Horrez gain, lasterketa-pilotu ospetsua izan zen, eta erreportaje eta aldizkari ugaritan agertu zen. 

Roberta gizonezko jaio zen, Robert bataiatu zuten. Aita Britainiar Inperioko Ordenako Sir Ernest Marshall Cowell dibisioko jenerala eta zirujaua zuen. 

Gaztetatik ingenieritza eta abiadura maite zituen Robertak. Eta txikitatik ez zen gizona sentitzen. Londresko University Collegen eman zituen urteetan, Diana Margaret Zelma Carpenter ezagutu –hark ere ingeniaritza ikasi zuen–, 1941eko ekainean ezkondu eta bi alaba izan zituzten.

1944ko azaroan, Bigarren Mundu Gerran, Alemaniaren mugaren gainean bere hegazkina eraitsi egin zuten eta ofizilendako gatibu-esparrura eraman zuten. Han bere gorputza eta generoa benetan sentitzen zuenarekin bat ez zetorrelako erabaki sendo bat hartu zuen: askapenaren ondoren (urtebete geroago) eta Erresuma Batura itzuli ondoren, sexua emakume gisa berresleitzeko bidaia hasi zuen (1950), emaztearengandik banandu zen, izena aldatu eta 1951ko maiatzean baginoplastia ebakuntza egin zion Harold Gillies Zeelanda Berriko zirujau ospetsuak, ‘kirurgia plastikoaren aita’.

1954tik aurrera, autoekiko zaletasuna berreskuratu eta hainbat lasterketatan parte hartu zuen, arrakasta garrantzitsuak lortuz. Denbora gutxian, Roberta Cowell famatu eta eredu bihurtu zen trans mugimenduentzat. Eta gero, ahanztura.