Askotariko ahotsak klabe eta tonu berean
Duela ia hogei urte zabaldu zuen GAUR8k bere lehenengo leihoa. Harrezkero, beste 999 zabaldu ditu munduaren, Euskal Herriaren eta jendearen berri eman eta haien protagonismoa nabarmentzen. Gogoan dut proposatu zidaten lehenengo erreportajea, Afganistango emakumeen ingurukoa, mundutik joatea infernua uztea dela dioten emakumeena. Ondoren, aldi batez astekaria barru-barrutik ezagutzeko aukera izan nuen. Suertea, alegia.
Etxe goxoa da GAUR8, berehalakotasunaren presiorik gabekoa, “beste patxada batean” irakurria izateko egina. Ez lanik gabekoa, ordea, eta batzuetan nabarmena da puzzlea garaiz osatzeko presioa. Sarritan, ostegunetan, Amagoia, Asier eta Mikel imajinatzen ditut, orrialdeak ixten. «Halakoren elkarrizketari begiratu bat emango diozu? Erreportaje hori ixteko moduan dago. Kolaborazio hori nik hartuko dut, lasai...» Eta arratsean, edo gauean, errotatibara deitu eta dena ondo dagoela entzun ondoren, arnasa sakon hartu eta aurkibideari begiratuko diote. Beste bat. Txukun geratu da.
Ostiralean, martxan da hurrengo astekoa, edukiak “banatuta”; asteko kolaboratzaileei gogorarazpena bidali, ahaztu gabe. Egia esateko, ez dakit beharrezkoa den, jende arduratsua da eta. Protokoloa da, errituala, edo agurtzeko aitzakia.
Elkarrizketa koral bat, dio Nerea Ibarzabalek. Abesbatza horretako kide gisa, aitor egin behar dut ahots kaxkar samarra daukadala, baina mundua azaltzeko, mundua pentsatzeko klabe berean abesten dugu denok. Euskaraz. Hainbat tinbretako ahotsak daude abesbatzan, baina kontua da tonu berean abestea, askotariko ikuspegiek balio bertsuak gidari dituztela: askatasuna, elkartasuna, bizikidetza... •


