
Elhuyar Zientzia Azokan aurtengo edizioan izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek https://zientzia-azoka.elhuyar.eus/eu/parte-hartu/izen-ematea webgunearen bidez egin dezakete. 2027ko edizioa maiatzaren 5etik 8ra egingo da, Bilbon.
Lau egunetan zehar, DBHko eta Batxilergoko ikasleek ikasturtean zehar garatutako zientzia eta teknologiako proiektuak aurkeztuko dituzte azokan. Euskal Herriko ikastetxe guztietako gazteek parte hartu dezakete. Zientzia eta teknologiako proiektuak ezagutarazteaz gain, euskararen erabilera sustatzea ere bada Elhuyar Zientzia Azokaren asmoa.
Horrela, Elhuyar Zientzia Azokak, beste urte batez, gazteak eta ikertzaileak elkartuko ditu zientzia eta teknologia proiektuak garatzeko. Dagoeneko Euskal Zientzia eta Teknologia Sareko 200 ikertzaile baino gehiagok eman dute izena, gazteei beren ideiak garatzen eta proiektuak gauzatzen laguntzeko, eta horietatik %60 emakumeak dira.
Oraindik ere badute ikertzaileek aurtengo edizioan izena emateko aukera. «Ikertzaileen ekarpena funtsezkoa da gazteek beren jakin-minetik abiatuta ikertu, esperimentatu eta proposamen berriak garatzeko», adierazi dute.
Hala, Elhuyar Zientzia Azokak «ikasleen eta ikerketa munduko profesionalen arteko zubi-lana» egiten jarraituko du, «gazteek lehen eskutik ezagut dezaten zer den ikertzea eta zientzia eta teknologia eguneroko bizitzan aplikatzea».
2.500 ikerketa eta teknologia proiektu
Elhuyar Zientzia Azokak 15 urte beteko ditu aurten. 2013an lehen edizioa egin zenetik, gazteen ideiei eta zientziarako jakin-minari bidea ematen aritu da, eta 9.500 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte ekimenean. Guztira, 2.500 ikerketa eta teknologia proiektu baino gehiago aurkeztu dituzte.
Urte hauetan, gainera, azokak gero eta parte hartzaile gehiago eta askotarikoagoak bildu ditu. 2026an Bilbon egindako azken edizioan, 640 gaztek baino gehiagok 160 proiektu aurkeztu zituzten denera, eta nazioarteko parte hartzaileak ere izan ziren. «Zenbakiek erakusten dute Elhuyar Zientzia Azoka erreferente bihurtu dela gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzeko eta haien proiektuak ezagutarazteko, nabarmendu dute.
Saria lortzen dutenek aukera izango dute nazioarteko zenbait azoka bisitatzeko, bai eta Euskal Herriko ikerketa zentroetara hurbiltzeko ere, benetako profesionalak gertutik ezagutzeko.
Lakuako Gobernuak, FECYT Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioak, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioak, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Nafarroako Gobernuak, Euskadiko Parke Teknologikoak eta Erabik babesten dute zientzia azoka.


