
‘El Cid’ proiektuaren atzean ekoizle estatubatuar garrantzitsu bat zegoen, Samuel Bronston, 60-70. hamarkadetan Estatu espainiarrean film ugari filmatu zituena, hala nola ‘55 Days at Peking’ (1963). Hasiera-hasieratik asmo bat zuen: Erdi Aroko western egingo zuten, pertsonaia mitiko batean oinarrituta.
Horregatik aukeratu zuen Anthony Mann zuzendari gisa. Gary Cooper protagonista zuen ‘Man of the West’ (1958) filmerekin arrakasta lortu berri zuen zinegileak, eta cowboyen istorio dexenteren egilea zen ere, esaterako ‘Winchester ’73’ (1950) edo ‘The Far Country’ (1954).
Hartu beharreko hurrengo erabakia zen garrantzitsuena: Gaztelako heroi handiaren azalean sartuko zen protagonista nor izango zen? Charlton Heston hautatu zuten, garai hartan ekoizpen epiko handietako aktore bihurtuta, ‘Ben-Hur’ (1959) eta ‘The Ten Commandments’ (1956) filmetan protagonista izan ondoren.
Jimena Sophia Loren izango zen. Baina, antza, akats handia izan zen; aktore italiarra beste protagonistarekin eta filmearen talde guztiarekin haserre ibili zelako.
Philip Yordan eta Fredric Frank gidoilariek beraien gustura faltsutu zuten istorioa, entretenigarria egiteko asmoarekin. Eta Heston musulmanen aurkako heroia bihurtu zuten –frankismoa, pozik–, ‘ahazturik’ Cid mertzenario bat zela eta bere borroketan buruzagi ezberdinen –kristauak zein musulmanak– aginduetara jarri zela.
Bitxikeria bat: sareetan fake albiste bat zabaldu berri da, esanez, aurten Rodrigo Diaz de Vivar zinemara itzuliko dela Daniel Craigek (James Bond) gorpuztuta.


