Mijo Lizarzaburu
EHUko ikerlaria eta militante transfeminista

Udaltzaingoaren indarkeriak erailak

Euskal Herriko talde antirrazistek urteak daramatzate udaltzaingoaren jardun arrazistaren berri ematen. Bilbon kaleko saltzaileen aurkako jazarpen etengabea, identifikazioak edo salmentan dituzten produktuen konfiskazioak ohiko bihurtu dira jada. Donostian ere berdina gertatzen da kale egoeran dauden gazte magrebtarren aurka egiten dituzten esku-hartze neurrigabeekin, Tabakalera inguruko guneek aire libreko komisaria itxura hartu dute aspalditik. Donostiako Udalak, gainera, atxilotutako pertsonen jatorria ezagutaraztea erabaki du, migrazioaren eta delinkuentziaren arteko lotura indartzen lagunduz.

Eta ez dituzte soilik pertsona migratzaile eta arrazializatuak jazartzen, haiekiko elkartasuna erakusten duten herritarrekin ere berdina gertatzen da. Manteroekin Bat plataformak salatu zuenez kaleko saltzaile baten aurkako operazioa gelditzen saiatu zen emakume bati urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, udaltzainak pertsona bat ito nahian zeudela ikusi eta kexatzeagatik. KASek ere salatu du afari solidarioak kriminalizatzeaz gain, debekua ekiditen saiatu diren kideak identifikatu izan dituztela, kaleetan zehar ogitartekoak banatzen egotearen krimen onartezinagatik.

Ez dira gertakari isolatuak, ezta udaltzain jakin batzuen aurreiritzi indibidualen ondorio hutsak ere. Poliziaren arrazakeria sistemikoa da, erabaki politikoen, araudi instituzionalen eta polizia indar ezberdinen jarduera-protokolo normalduen ondorioa delako. Erregimen kolonialak sortutako pobreziaren kriminalizazioak, pertsona migratzaileen eta arrazializatuen aurkako jazarpenak eta hiri eredu jakin batean lekurik ez dutenen kanporatzeak logika berari erantzuten diote. Eta hori ulertzen ez duenak, irakurri dezala Txago taldeak egiten dituen estatu indarkeriaren erregistroak, ea patroi sistemikorik aurkitzen duen.

Baina bada egoera hori are larriago bihurtzen duen beste erabaki politiko bat ere. 2024ko martxoan, Eusko Jaurlaritzak 24/2024 Dekretua onartu zuen, udaltzainek bide publikoko ohiko segurtasun zerbitzuetan suzko armak eramateko betebeharra orokortu zuena. Polizia ekipamendua homogeneizatzeko neurri gisa aurkeztu zen, baina segurtasun eredu jakin baten aldeko apustu instituzionala da. Udaltzainak armatzea ez da premia objektibo baten ondorioa, erabaki politikoa da, eta haren ondorioak aztertu eta horien gaineko erantzukizunak hartu behar dira.

Zer gerta liteke udaltzainei taser pistolak emanez gero? Eta suzko armak eskuetan jarriz gero? Zer atera liteke gaizki? Ba erabaki horien ondorioz Ander eta Babacar erail dituzte. Are gehiago, poliziek herritar arrazializatuekin edo osasun mental arazoak dituztenekin duten jarrera kontuan hartuta, zaila da Ander eta Babacar azkenak izango direla sinestea.

Urriaren 3an 10.000 pertsonatik gora batu zituen manifestazioa egin zen Santurtzin Justizia Anderrentzat plataformak deituta; Ander «polizia-indarkeriaren biktima» dela aitortzeko eta «taser pistolen erabilera debekatzeko» eskatu zuten bertan. Bihar, urriaren 25a, Babacar Wellerentzat justizia eskatuko duten hiru mobilizazio daude deituta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan. Gasteizko Postas kalean hamaiketan, eta Donostiako Bulebarrean eta Bilboko Plaza Biribilean hamabietan.

Ezin dugu auzotarrak erailtzen dituen polizia normalizatu. Polizia gehiagok, kontrol gehiagok eta arma gehiagok ekartzen duten gauza bakarra heriotza delako, beste segurtasun eredu bat aldarrikatu behar dugu, arazo sozialak konpontzeko baliabide materialak bermatzen dituena, ez arrazakeria eta polizia indarkeria betikotzen dituena. •