GAUR8
Elkarrizketa
Marisa BARRENA LARRUZEA
Wikilaria

«Asko hunkitu naute gerra garaian fusilatutako emakumeen istorioek»

Ehunka emakumeren biografiak editatu ditu euskaraz, eta Wikipediara igo, kontakizun horiek Internet bezalako plaza batera eramanez. Talde-lan horretaz hitz egin du Marisa Barrenak, bizipenei, minbiziari edo torturari iskin egin gabe.

Marisa Barrena, elkarrizketarako ateratako argazkian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Psikopedagogoa, wikilari euskalduna eta feminista». Horrela aurkezten du bere burua X sarean Marisa Barrena Larruzeak (Zornotza, 1951), zornotzarra oso txiolari aktiboa ere badelako. X-ko eta Facebook-eko plaza publikoak wikilari gisa egiten duen lana zabaltzeko baliatzen ditu, baita aldarrikapenak egiteko ere, beharrezkoa bada. Militante feminista honen biografiak biltzen dituen alderdi ezberdinen inguruan solastatu da GAUR8rekin, Andragunean, Durangon, Euskal WikiEmakumeok proiektua martxoaren 8ra zifra itzel batekin heldu denean: 9.000 emakumeren biografiak eraman baitituzte Wikipediara, eta euskaraz.

Euskal WikiEmakumeok taldeak milaka emakumeren biografiak sortu ditu. Zeregin horretan zu kide zaren Durangokoa dago, baina talde gehiago ere badaude. Zein da funtzionamendua?

Talde gisa Durangon 2020an hasi ginen. Nik aurretik zerbait egiten nuen, baina pixka bat erdipurdi. 2020an antolatu genuen ikastaro bat. Mentxu Ramilok eman zuen, bera izan zen Wikiemakumeok taldearen sortzailea. Guk argi izan genuen hasieratik gehienok euskaraz editatuko genuela. Horrela, 2020an hasi ginen, eta harrezkero, Andragunean biltzen gara, ostiralero-ostiralero. Gero, sare sozialei esker sortu zen Oiartzungoekin harremana, eta taldea sortu zuten. Oso talde aktiboa da, oso emakume aktiboak dira. Ondoren, Ondarroatik deitu ziguten. Formakuntza eman genuen eta astero biltzen dira orain, eta noizbehinka joaten gara haiekin pixka bat lana partekatzera... Lekeition ere badago beste talde bat euskaraz editatzen duena, eta beste talde txiki bat Artean, Arratian. Pixka bat saretuta gaude euskaraz editatzen dugun Euskal WikiEmakumeok. Beren kabuz egiten duten wikilari asko daude, baina guk bi helburutan bat egiten dugu: emakumeak bistaratzea eta euskara bultzatzea.

Eta bost urtetan, 9.000 biografia osatu dituzue.

Martxoaren 8rako geneukan erronka, baina pixka bat aurreratu gara, eta oso pozik gaude. 9.000 asko dira. Horietatik %10 sorkuntzatik dator, asko dira, eh! Inongo Wikipediatan egon ez diren emakumeak dira, nik esaten dut “gerizpeko loreak” direla. Zer gauzak egin zituzten eta ez ziren inon, ez ziren inongo Wikipediatan, eta oso zaila da, zeren batzuetan aspaldiko emakumeenak dira eta ez dira inon agertzen edo gutxi agertzen dira, eta Wikipedian sinesgarritasuna izateko erreferentziak eduki behar dituzte, nondik atera dugun informazio hori..., baina antzinakoekin oso zaila da. Egungoekin errazagoa da, zeren kazetariok lan handia egiten duzue eta batean eta bestean egoten da. Hala ere, ahalegin hori egiten dugu eta pozik gaude gerizpeko lore horiek “wikipediaratu” ditugulako.

Nolakoa da zuen lana?

Guk ez dugu sortzen, gu biltzaileak gara. Ez da iritzi artikulu bat egitea. Wikipediak baditu bere arauak, neutroa izan behar du, eta neutraltasun hori zaindu behar dugu. Beste gauza bat da kazetari batek zerbait idatzi badu, zeren  jarri dezakegu zita gisa. Nondik hartzen dugu informazioa horiek egiteko? Egunkarietatik, irratitik, telebistatik, liburuetatik... Eta zuok kazetariok idatzi duzuena antolatzen dugu Wikipediaren arauetara edo estilora egokituta.

Lan horretan hunkitu zaituzten istorioak daude.

Azkenean, maitatu egiten dituzu. Nik batzuetan “gure neskak” deitzen diet. Azkenean, zure parte bezala dira, batez ere sorkuntzakoak direnak. Itzulpenetan desberdina da, itzultzen dugunean mekanikoagoa da, eta egiten dugu pentsatzen dugulako presentzia izan behar duela euskarak, baina sortzen dugunean... ez dakit zein ekarri gogora. Julie Andrienne Karrikaburu, adibidez. Zuberoan jaio zen 1827an, eta emakume hau musikologoa zen, piano jotzailea... Maila altuko emakumea zen, garai hartan, pentsa ezazu. Emakume honek lehenengo euskal kantutegia egin zuen. Zergatik hunkitu ninduen? Nire etxean musikaz inguratuta bizi naiz, partituraz beteta, eta sekula ez nuen imajinatuko lehenengo kantutegia emakume batek egin zuenik.

Maite Idirini esker jakin nuen, Maite Idirinek egin zuen ahalegin bat emakume hauek bistaratzen. Berarentzat erreferente bat izan zen, eta niretzat aurkikuntza baten gisakoa izan zen. Beste asko daude, bat aipatzearren, oraintsu egin dudan bat: Elordi Garcia Insausti, “Imparable hasta la médula. El cáncer como aprendizaje de vida” liburuaren egilea. Liburu hau irakurri nuen minbiziarekin egon nintzen garaian, eta pentsatu nuen “emakume honek sekulako curriculuma dauka (kazetaria, idazlea, telebista aurkezlea...). Pentsatu nuen egongo zela Wikipedian, eta ez zegoen. Maitasun handiz egin dut.

Ahanzturan geratuko liratekeen ehunka emakumeren profilak azaleratu dituzue, eta oso izaera anitzekoak, gainera, aitortza izan duten emakumeak eta inongo aitortzarik izan ez dutenak.

Emaginak, adibidez. Oso garrantzitsuak izan dira gure iraganean. Medikuntzak baztertu zituen, baina herri guztietan mundu guztiak daki emagina nor izan zen eta zenbat haur jaio ziren berarekin. Beste kolektibo bat, erraketistak, adibidez; agertu ere ez ziren egiten, gero egon da horretan lanean ibili den jendea, baina Wikipedian ez zeuden. Batzuetan aipatzen ditugu pandero-jotzaileak, gure Maurizia mundu guztiak ezagutzen du. Oraindik buruan daukat Mauriziarekin batera Elisa eta Juanita ikusi izana, hirukotea. Hori zen niretzat, bueno... Hirurak batera ikusita dauzkat gaztetan plazan, Euban. Orain pentsatzen dut zer emakume ahaldunduak ziren, zein ausartak...

Asko hunkitu naute gerra garaian fusilatu zituzten emakumeek. Batzuetan ez bakarrik fusilatu, bortxatu eta torturatu ere egin zituztelako, eta hor Nafarroan ikaragarriak egin zituzten. Nafarroako liburu batetik hartu ditugu datuak eta hainbat ekarri ditugu Wikipediara, baina asko falta dira. Gure gogoa eta ametsa da wikilari kopurua gehitzea da, gutxi gara. Hau ez da gainean daramazun zerbait, hau egiten duzun bitartean ikasten duzu, deskubritzen duzu, eta gure adinean, jubilatuta gaudenok denbora daukagu, formazioa ere nolabait badaukagu... Batzuetan asmatu egiten dituzte guretzat gauzak, zaharrak entretenitzeko. Nik honetan disfrutatzen dut, negar ere egiten dut. Orain, tratamenduan nagoela, esaten dut askotan niretzat terapia bat izan dela, zeren badaukat ilusioa egiteko, ardura...

(Marisol RAMIREZ / FOKU)

Proiektu bat izatea.

Bai, eta taldeak niri ikaragarrizko indarra ematen dit, ilusioa, lana partekatzea, erronkak jartzea... Lantaldea azpimarratzen dut, eta hori psikopedagogiatik datorkit beharbada. Beti ez daukazu umore, indar edo gogo bera, ez duzu argazkirik aurkitzen,  jaiotza eguna... Taldean beti dago baten bat horretan abila dena. Lehen ez dut aipatu, baina Euskal WikiEmakumeok badaukagu beste abantaila bat: Euskal Wikilari elkartea dago, elkarte gisa eratua, eta horren parte gara. Hortik jasotzen dugu aholkularitza, babesa, eta euskal Wikipediaren ardura daukan elkartearen partaide garen aldetik, gurea proiektuetako bat da. Batzuetan erronkak ere jasotzen ditugu. 2027rako 30.000ra heldu nahiko genuke, elkarte gisa ez, Euskal Wikiemakumeok gisa baizik. Talde lan handia egiten da, eta etxetik ere egiten dugu; ostiralekoarekin ezingo genuke kopurura heldu, baina hemen pilak kargatzen ditugu.

Zure kasuan, gainera, lan hori sareratzen duzu.

Sareratzen dut emakumeak bistaratzeko eta zelanbait gure lana ere bistaratzeko. Adibidez, wikilari batzuk sarearen bidez hurbiltzen dira. Ostiralero gogorarazten dut arratsaldeko 16.00etan zabalduko ditugula ateak... Modu bat da egiten dugunaren berri emateko ere, baina batez ere helburua da emakumeak hor egotea. Sarritan jarraitzaileak ez direnek edo sarean ikusi dutenek galdetzen digute nondik ateratzen ditugun datuak... Institutu batean gertatu zitzaidan, M8aren harira joan nintzen Euskal WikiEmakumeok zer zen esplikatzera, eta sartu nintzenean, ikasle batzuei entzun nien “joe, amona hori dator kontatzera zer den Wikipedia?”. Honela esan nien: “Amona naiz, baina wikilaria ere banaiz, eta oso pozik nago, amonak ere wikilariak izan daitezke. Amona batzuek zortea izan dugu eta ikasi egin dugu, eta gainera denbora daukagu egiteko eta disfrutatzen dugu egiten”.

Sarean orain arte eroso ibili naiz, orain uste dut Mastodonera joango naizela; Twitter, X horretan eta Facebooken ipintzen dut, jarraitzaileak oso ezberdinak direlako. Jarraitzailea den eta “atsegin dut” jartzen duen jende desberdina dago, nire adineko jende asko ibiltzen da Facebooken, begiratzen behintzat.

Irudien kudeaketa ere zaila izango da askotan.

Egile eskubideengatik egoten dira arazoak, baina pixka bat bilatu dugu erdibide bat ilustratzaileen laguntzarekin. Baditugu ilustratzaile oso onak. Maitane Azurmendik, esaterako, ehun bat egin ditu gure enkarguz, eta beste ehun bat aparte. Orain berri batzuk hasi dira, eta datorren urterako uste dut beste ehun bat irudi izango ditugula ilustratzaileek eginak. Badaukagu beste proiektu bat esku artean, Durangoko Institutuko ikasleekin. Batxilergokoa ilustrazio batzuk egiten ari dira Wikipediarako. Oso gauza politak egin dituzte. Uste dut haientzat ere pozgarria izango dela. Esaten diet haiek ere egun batean artistak izan daitezkeela eta satisfazioa ematen duela.

Beti esaten dugu liberatzen dugun momentutik ez dela gurea, denona dela, eta guk egin duguna beste bat joango da hobetzen, hornitzen, itzultzen... Pozgarria da institutukoa, gazteak ere sar daitezen mundu horretan. Honek dedikazioa eskatzen du, denbora... eta ulertzen dut lanagatik, umeengatik, jendeak ezin duela guk beste denbora dedikatu, horregatik gaude jubilatu asko lan honetan, eta asko irakaskuntzatik gatoz, zergatik? Erreferente falta ikusi dugulako gure testuetan, eta erreferenteak behar ditugu. Eskolan oso garrantzitsua da, betiko eredua ez errepikatzeko. Begira zer gizarte konplikatua daukagun, erreferenteak inportanteak dira, eta Wikipediak bisita asko ditu. Ahalik eta txukunen eta zehatzen egin behar dugu. Ea wikilari gehiago lortzen dugun, hori da gure ametsa.

(Marisol RAMIREZ / FOKU)

Wikilaria, txiolaria, maistra, psikopedagogoa..., euskal dantzen munduarekin duzun lotura ere gehitu beharko genuke zure aurkezpenean.

Ez naiz dantzaria izan sekula, baina dantzazalea naiz. Kriskitin dantza taldean behar zuten norbait mugitzeko, eta laguntzaile sartu nintzen. Pixka bat sartzen hasten zara eta, nik beti eduki dudanez ukitu edo ardura feminista, esan nuen “parekotasuna non dago?”. Durangaldeko dantzetan gizonek egiten zuten beti Dantzari Dantza, eta hortik hasi ginen aldarrikatzen emakumeek ere dantza horiek egiteko aukera edo plaza izan zezatela. Pixka bat hor sartu nintzen, eta gero, 25. urteurrenean, liburu bat argitaratu genuen eta horren ardura hartu nuen. Dantzazalea naizenez, eta hor beti giro ona dagoenez, azpiegituran egon naiz, eta oraindik ere laguntzen ari naiz, baina batez ere ardura izan nuen edo kezka hori, emakumeek plazan dantza egiteko aukera izan dezaten, nahiz eta gure eskualdeko dantzak beti gizon dantzak izan diren.

Bularreko minbizia detektatu zizuten, publikoki adierazi zenuen eta aldarrikapena egin zenuen mamografiak egiteko adinaren inguruan.

Zalantzan egon nintzen publiko egin ala ez, zeren, azken batean, pentsatu daiteke zure bizitza kontatzea dela, eta ez zen hori nire helburua. Orain dela urtebete detektatu zidaten minbizia, bi tumore nituen bular batean. Beste proba sakonago bat egin zidaten eta beste bularrean ere tumorea aurkitu zidaten, orduan pentsatu nuen “kontatu behar dut? Ez dut kontatu behar?”. Lagunei esan nien, baina ikusten nuen erantzuna izaten zela “ai, koitadua”, eta ez nuen horretarako kontatzen. Nik ez dut hau eskatu, desgrazia bat da, oso gogorra da, baina kontatzen dut batez ere tumoreak akats administratibo bategatik aurkitu zizkidatelako. Nik 72 urte nituen orduan, eta [mamografiak egiteko] deia jaso nuen. Une hartan oso liatuta nenbilen zaintzarekin, amarekin eta... Pentsatu nuen Osakidetzak gauza on bat egin zuela, luzatu egin zuela 70 urte arteko epea. Frogara heldu nintzenean, fitxarik ez nuela esan zidaten, baina ez nion garrantzirik eman. Mamografia egin eta egun batzuetara deitu zidaten, “aizu, zerbait aurkitu dugu eta etor zaitez, sakontzeko”. Esan zidaten bi orbantxo ikusten zituztela, eta biopsia egin behar zidatela.

Biopsia egiten ari zela, profesionalak esan zidan “zortea izan duzu”. Nik esan nuen “onak dira?”. “Ez, zu ez zaude programaren barruan, 72 urte dituzu, programatik kanpo zaude”, “esto ha sido un error administrativo” esan zidan, erdaraz. Akats horrekin jarraituz, prozesua hasi zen, ebakuntza egiteko esan zidaten, eta gauza bera, “zu nola heldu zara ba hona?”. Medikuak zera esan zidan: “Bendito error, zeren berandu helduko zinateke”. Bitan esan zuen, “oso txarrak dira, baina txikiak dira”. Galdetu zidan ea ez nuen ezer aurkitu, eta nik ezetz. Berak egin zidanean azterketa, esan zidan normala zela, berak ere ez zituela aurkitzen. Horregatik egin nuen publiko, jakiteko 70 urtetik gora ere gerta daitekeela, niri gertatu zaidan bezala. Gero, han ikusi nuen nire adineko bat baino gehiago, eta 50 urtetik beherako emakume asko, oso gazteak, ama gazteak...

(Marisol RAMIREZ / FOKU)

Elkarrizketa batean torturatua izan zinela adierazi zenuen. Noiz izan zen eta nola gogoratzen duzu?

75ean izan zen. Salbuespen egoeran geunden, uztailean izan zen. Salbuespen egoera  uztailaren 25ean amaitzen zen, eta ni 8an edo atxilotu ninduten. Uste dut pentsatzen zutela etxean ez dakit zer eduki behar nuela. Gu baserrian bizi ginen, eta baserria inguratu zuten... itzela izan zen, ganbara miatu zuten, ikaragarria izan zen amarru guztia. Kontua da aurkitu zizkidatela hiru dokumentu, baina ez zirela berdinak; berdinak baziren, une hartako legeriaren arabera, propaganda ilegala litzateke, baina nik neuzkan hiru dokumentuak ezberdinak ziren, orduan ezin ninduten horregatik espetxeratu. Hala ere, Hidalgo kapitainaren eskuetan erori nintzen. Argi esan zidan: ezin zaitut espetxeratu, baina 25era arte salbuespen egoeran gaude eta gorriak ikusiko dituzu. Gorriak ez dakit, baina izarrak ikusi nituen. Hiru egunez egon nintzen, ezin ninduten espetxeratu, ezin zidaten ezer sartu ere, baina ikaragarria izan zen: ea paper haiek nondik heldu ziren galdetzen zidaten... Asko sufritu nuen, txarto pasatu nuen, beldur ikaragarria, eta mina ere bai. Orduan melena luzea neukan eta iletik tira egiten zidaten... Pentsa, geroago deitu zidaten kuartelera joateko berriro, ez dakit zertarako, eta lehenengo gauza egin nuena izan zen ile-apaindegira joan, ilea mozteko. Panikoa nuen. Ile-apaintzaileak mozten zidan, eta nik gehiago eta gehiago mozteko esaten nion. Esan nuen “hori behintzat ez dut berriro sufrituko”. Pentsa ezazu zer zen hura. Gero, betikoa, “kirofanoa” deitzen zena; etzanda, ukondoak, belaunak, hankapeak... Zer mina izango nuen, handik irtenda ezin bainuen gidatu... Baina bazekiten nola jo, eta markarik ez neukan. Handik irteten zinen momentuan egin behar zen salaketa, egitekotan, eta ez neukan markarik, gero bai.

Min sakona da, barrurainokoa, eta beldurra ere bai.

Urteetan ez nuen kontatu. Kontatu nien hurbileko lagunei, eta lehenengoz prentsan kontatu nuenean negar eta guzti egin nuen, baina askatzailea ere izan zen. Askatze bat sentitu nuen. Etxean irakurri zutenean, esan zidan amak: “Gauean lo egiten duzu zuk?”. Orain bai, baina urte haietan pentsatzen igarotzen nuen denbora osoa; tinbrea, argiak... Horrek bat markatu egiten du. Torturatu askok esan dute torturatua izan ez denak ezin duela imajinatu. Nik neuzkan paperetan torturak agertzen ziren, torturak kontatzen zituzten batzuek. Hidalgo kapitainak esaten zidan: «Muy bien, muy preparada para las torturas, ahora va a probar en su propio cuerpo». Gero, emakume naizen aldetik, mahai baten gainean etzanda, begiak estalita, ahoa estalita, eta lau gizonez inguratuta, beste beldur batzuk agertzen dira. Ordurako egon ziren, gainera, kasuak, eta gainera oso arropa arina neukan. Kontatzeak ez du zauria sendatzen, baina partekatzea beti dago ondo, arindu egiten du mina. Orain herrian hasi gara saretzen, taldea sortzen, eta batzuetan imajinatzen ez duzun pertsona bat dago torturatuen artean. Niri kontatzeak mesede egin dit. Wikipedian, kategoria bat sortuta dugu, pertsona bat torturatua izan bada horrela adierazteko.

Duela ez asko Donostian egin zen agerraldia bezalako urratsak nola ikusten dituzu?

Hori oso garrantzitsua da. Ez nuen Donostiara joateko aukerarik izan, makal ibili naizelako, baina egunaren berri izan nuenetik agendan apuntatu nuen. Herrian hasi gara taldea sortzen, saretzen. Uste dut egin behar dela hau, aitortu beharko dute behin edo behin egin duten mina, herri honetan egin duten sarraskia. Batera egote horrek, saretze horrek indarra ematen dit, eta uste dut Donostiako pausoa oso garrantzitsua dela.
Han egon ez ginenak ere saretzen ari gara, karpeta urdinak izango ditugu, eta apurka-apurka bide bat egiten ari gara. Hori ahaztu ez da ahazten, hor geratzen da, gure bizitzetan; nahiz eta neurea ez zen oso luzea izan eta nahiz eta espetxeratua ez nintzen izan, hori ezin da ezabatu.