GAUR8

Tarteka komunikabideetan oihartzuna hartzen duen muga korapilatsu bat

Estatu espainolaren eta Portugalen artean, bada hiri bat, eta bi mendez luzatu den gatazka. Olivenzan giroa oso lasaia da itxuraz, nahiz eta CIA estatubatuarrak nazioarte mailan «eremu arazoen» zerrendan sartua duen, Gazarekin batera, esaterako.

Txirrindulari bat, Olivenzako Santa Maria Magdalena elizaren aurrean. (EUROPA PRESS) (Paulo ESPRANGER | GLOBAL IMAGENS)

Albistea irakurri nuenean piztu zitzaidan jakin-mina, pasa den irailean: «Portugalek Olivenza hiria aldarrikatzen du», edo antzeko zerbait zioen. Nahiko garrantzitsua zirudien aferak, larria akaso, eta horretan sakontzen saiatu nintzen berehalakoan. Mundu bat ireki zitzaidan, batez ere Olivenzari buruzko Wikipediaren italierazko bertsioa zabaldu ondoren (barkatu, ez da iturririk onena, baina Google-n algoritmoak zorrotzak dira). Honela zioen: Olivenza; “Territorio Conteso” -hau da, “Ezbaian dagoen lurraldea”-, Estatu espainolaren eta Portugalen artean. Legez, egungo garaiotan Espainian dagoen baina Portugalek nahi duen hiri txiki bat, 11.000 biztanle dituena.

XXI. mendean, eta oraindik honelako aldarrikapen bat? Hori ez al da gerrarekin lotutako kontua gehienetan? Krimea, Donbass, Palestina...? Gugandik askoz gertuago dago Olivenza, eta ez da gerra girorik sumatzen, kontrakoa baizik: izen polita du, poetikoa.

Berehalakoan etorri zait burura Jose Saramago idazle handia, Nobel Sariduna, eta bere ustea: Iberiako Penintsulak barne-mugarik ez zuela behar, bakarra eta banaezina behar zuela izan. Saramago hil da, zoritxarrez, baina lerro batzuk utzi zizkigun Olivenzari buruz “Portugalera bidaia” testuan (“Viagem a Portugal”). «Olivenza indarrez kendu ziguten, eta orain sinesmena konbentzimendu bihurtu da».

«LARANJEN GERRA»

Abiapuntura itzulita, zein zen irakurri nuen albiste hura? «Nuno Melo Portugalgo Defentsa Nazionaleko ministroak bi herrialdeen arteko mugatik gertu dagoen Badajozko Olivenza herria entregatzeko exijitu dio Espainiari, itun bidez adostu zenez, Portugalgo udalerri bat behar duelako izan. Eskubide kontua da, bidezkoa».

Nuno Meloren hitzak: «Olivenza portugaldarra da, eta hau ez da probokazio bat». Hain zuzen ere, ministroak gogora ekarri du, Alcañicesko Itunaren arabera, Portugalgo Estatuak ez duela Olivenza Espainiako lurralde gisa aintzakotzat hartzen. Eta berak, eurodiputatu zenean, jada gai hori mahai gainean jarri zuela oroitarazi du: «Ez gaude, beraz, aldarrikapen hau alde batera uzteko prest».

Olivenza, Olivenza... baina non dago Olivenza? Zer esan nahi du aferak eta noiztik dator? Mugan kokatutako hiria da. Gaztelako Koroak Portugali eman zion aipatutako Alcañicesko Itunaren bitartez 1297. urtean. Baina Espainiaren eskuetara itzuli zen subiranotasuna “Laranjen gerra” delakoaren ondoren, 1801. urtean, Badajozko Ituna zela medio.

Honekin ez zen ezer amaitu. Lisboatik aldarrikapena behin eta berriz berragertu zen. Portugalek uste du lurraldea berea dela eta Estatu espainolak ez duela 1815eko Vienako Kongresuan hitzartutakoa betetzen. Vienako Kongresu hark eskola-oroitzapen politak ekartzen dizkigu burura: Europa modernoa eraikiko omen zuen bi urtez luzatu zen “gailurrak”. Napoleon Bonaparteren aroa gaindituta, Vienan Metternich, Wellington eta haien lagunak batzartu ziren, besteak beste, Olivenzari buruz mintzatzeko: «Oui? Non? Ici? Comme ça?» irudikatu dezakegu, alemanez ere bai, beharbada.

Ez da berria, hortaz, orain Nuno Melo ministroak berretsitako aldarrikapena. Azken hamarkadatan sarritan azaleratu da. Edozein kasutan, irakurria dut (eta oraingoan ez Wikipedian) nahasketa kulturalari zentzuz eusten zaiola Olivenzan.

Honela erantzun dio Portugalgo ministroari Manuel Jose Gonzalez Andrade Olivenzako alkateak: «Mugen bidez banatzea bilatzen duten diskurtsoak iragan mendeetakoak dira, eta XXI. mende honetan ahaztuta beharko lukete. Ziur nago ministroak une honetan gai premiazkoagoak eta garrantzitsuagoak dituela. Udalerri honetan batzen gaituenaren alde egiten dugu lan. Olivenza zeharo pozik eta harro dago bere iraganaz eta bere historiaz, bakarrak egin gaituztelako eta Iberiar Penintsularen barruan nortasun paregabea izateko aukera ematen digutelako. Partekatutako historia horrek potentzialtasun handia ekarri digu».

Kaleko seinaleak portugesez Elvaseko kaleetan, mugaren beste aldean dagoen «Olivença» tartean. (Alessandro RUTA)

Baina oraindik absurdoena irakurtzeko nuen Olivenzari buruz; Amerikar Estatu Batuetako CIAren eskutik. Izan ere, «nazioarteko gatazka eremu» gisa sailkatua du hiria bere fitxategietan, gune “berotzat” du, alegia. Inteligentzia agentziak bertan du Olivenza, Gazarekin batera, besteak beste, zerrenda berean.

Alcañices, Vienako Kongresua, Laranjen Gerra... eta azkenik, CIA tartean. Azken honek Queen musika taldearen abesti bat ekarri dit gogora: “The invisible man”. «Zure gelan nago, zure ohean nago, zure bizitzan, zure buruan, CIA edota FBI bezala». Honetara iritsita, erabaki nuen Olivenzara joan behar nuela, bai ala bai.

«CERCA DE LA RAYA»

Zer deskubritu dut bertan? Hasteko, hiria txukuna dela, osoa. Dotorea ere bai. “Postalekoa” iruditu zait lehenengo begi-kolpean, hegoaldeko tipikoa; etxetxoak zuri-zuriak dira, bi edo hiru solairu dituzte asko jota, enparantza handi bat dago (Plaza España, jakina), udaletxea jauregi batean kokaturik dago... «Terrorismoaren biktimei oroigarria» ere bada. Eta denda txinatar bat, izozkailuetan jartzeko imanak, beste zenbait oroigarri eta bertako produktu tipikoak saltzen dituena.

Tenperatura aldetik, ez hotz ez bero urteko garai honetan. Atsegina da tokia, zuhaitzak loratzeko ezin hobea. Jendea ere atsegina: «No coja las naranjas del arbol, señor, usted vera que son muy, muy amargas», azaldu dit emakume batek, banku batean eserita, hortik bueltaka ikusi nauenean.

Aholkua eskertu diot, laranjak beren tokian utziko ditugu, Santa Maria del Castillo plaza honetan. Pena ematen du, itxuraz oso erakargarriak direlako. Andaluzian ere laranjak oso garratzak dira, Sevillan egiaztatu nuen. Laranjak, laranjak, laranjak beti: horiengatik piztu al zen “Laranjen gerra” hura? Ez dadila errepikatu, mesedez.

Nire asmoa norbaitekin hitz egitea da, ez aurretik hitzartuta, kasualitate antzera baizik, baina goizean ia ez dabil inor kaleetan. Lekurik jendetsuenerantz abiatu naiz: udal liburutegira. Olivenzako erdigunean dago. Kaleak zeharkatzean, kartelak ikusten ditut, toponimia azterketa azkar batean: elebitasun ariketa antzematen da seinaleetan, baina zertxobait “lotsatia”, desorekatua, horren arduradunak guztiz konbentzituta izan ez balira bezala. Honela, kale batzuetan gaztelania eta portugalera erabiltzen dira, biak, baina bide-seinaleetan ez hainbeste, zenbaitetan bai eta zenbaitetan ez. Eta jatetxeetan, ia dena gaztelaniaz dago.

Olivenzako kaleak, duela urte batzuk ateratako argazkian. (JMN / COVER / GETTY IMAGES)

Liburutegira heldu naiz jada. Nahiko handia da, hiru solairukoa. Sarrera arriskutsua iruditu zait, errepidearen gainean dagoelako. Zentzuzkoa da bertan kartel hau jarri izana, gaztelania hutsean: “Cuidado al salir”. Ibilgailuak bertatik pasatzen dira arrisku egoerak sortuz, ez Milango ordu nagusietan bezala, baina bai sarritan.

Ez dago inor harreran, aita bat eta seme bat baino ez. Arduraduna telefonoz ari da, liburutegi guztietan bezala, ahapeka: «Sí, es que la cobertura aquí es muy mala, a veces se pierde, ya sabes que estamos cerca de la raya...»

Azken hitzari erreparatzea komeni, ez baitago muga sentsaziorik Olivenzan, marra bat baizik. «La raya», poetikoa da, gero... Jakin banekien mugari horrela deitzen ziotela hemen, «marra», baina zuzenean entzuteak arreta ematen du. Ez dakit metaforikoki erabiltzen duten edo barruan horrela sentitzen dutelako, baina ingeniariak imajinatzen ditut, Napoleon Bonaparteren garaian, mapetan mugak margotzen, marren bidez. Afrikan beste batzuek egin zutenaren antzera. «La raya» gaztelaniaz, «a raia» portugaleraz. Isiltasuna hausteko asmorik gabe mugitzen naiz, poliki-poliki. Aita eta semea errietan hasi dira, txikia ia negarrez dago. Txoko batean, apur bat ezkutuan, liburu zahar batzuk daude, eta horien artean Olivenzako hitz eta esaldi tipikoak biltzen dituen idazlana: “Dichos Oliventinos” du izenburu. «En esta terruca, quen nau trabalha na manduca», «A festa en Marzu, muita fomi o muitu mortazu», «Parece que fuistes a la pida [cuando hay mucho dinero en monedas]»...

Deigarria da elebitasun hori, hunkigarria ere bai, esango nuke: esaldi batzuk portugaleraz dira, beste zenbait gaztelaniaz. Azken finean, XX. mendearen erdialdean Olivenzako kaleetan gehien entzuten zen hizkuntza Portugalgoa zen, nahiz eta gero transmisio kate hori hautsi egin den azkeneko belaunaldietan. Gaur egun 1.500 pertsonatik gora dira portugaleraz egiten dutenak (11.000 biztanleren artean), batez ere adinekoak, nagusiak. Zenbait gazte ere moldatzen dira, udalerrian portugaleraren ezagutza sustatzeko neurrien onuradunak izan direlako.

“Dichos Oliventinos” honekin batera, beste hamaika liburu topa ditzakegu bertan, hiriari eskainiak. Ehunen bat esango nuke, asko. Turismo arlokoak dira gutxi batzuk. Historiari buruzkoak gehiago dira: “La guerra de las naranjas”, “Olivenza entre España y Portugal” (Luis Alfonso Limpo Perezena), “Historia de Olivenza” (Gregorio Torres Gallegorena)... Liburu hauen tonua serioa da, izen eta datu mordoa dakarte. Orokorrean Olivenzako auzia nahiko bizirik dagoela antzeman daiteke, baina aldi berean adierazgarria da liburu hauek ezkutuko kantoi batean jarri dituztela.

Gaur egun, zenbat jendek ezagutzen du afera hirian bertan, liburutegitik kanpo? Aldarrikapenik bada, non dago? Taberna edota jatetxeetan eztabaidatzen al da honetaz? Bitxikeriatzat hartu daiteke, zerbait pintoreskotzat, edo benetako arazoa al da? Eta jakina, galdera nagusia, non nago, non gaude? Portugalen edo Espainian?

Jende gutxi dabilelarik, egiaztatzeko aukerak eskasak dira. Baina hau aipatu didate: «Espainiako seme-alabak eta Portugalgo bilobak sentitzen gara hemen».

ELVASEN

Guadiana ibaia eta bere gaineko zubiak: hauek bai muga historikoak, hauek bai «marra» garbiak. Olivenzan batetik bestera ibili ondoren, beste aldea ikusi nahi izan dut, ea bertan zerbait gehiago deskubritzen dudan. Portugal hasten den marra gurutzatu ondoren, aurreneko herria Elvas da, Unescok ondare gisa hartzen duen hiria, goitik ikusita izar itxura duena, bere hormatzarrekin. Liluragarria, benetan. Alde Zaharrean autoa uztea zaila da gero, baina azkenean lortu dut.

Olivenzatik Elvasera joateko, EX-105 errepidea hartu behar da, eta seinalea ikusi ondoren beste oroitzapen bat etorri zait burura: “La casa de papel” seriearena oraingoan. Zergatik? Ez dakit bukaera ikustera heldu zineten, baina azken atalaren azken aurreko sekuentzian (gutxi gorabehera) taldea Portugalera joaten da, eta EX-105 hau bera hartzen du. Beraz, apur bat “Berlin” edo “Lisboa” sentitu naiz une batez, nahiz ihesean ez nabilen.

Iturria Olivenzan, gaztelania portugalerazko izendegiarekin nahastuz. (Alessandro RUTA)

Elvasen, antza, inork ez daki ezer Olivenzaren auziari buruz. Taberna batera sartu naiz kafe (on) bat hartzeko; bi gizonezko solasean ari dira, barran, eta begiratzen dudan lehen gauza menua da. Ez du Olivenzakoarekin zerikusirik. Portugalgo hirian goxokiak badaude; Extremadurakoan ez. Kafearekin batera tabernariak bi azukre-gutuntxo eman dizkit, ez bakarra: «Horrela egiten dugu hemen», azaldu dit tabernariak, portugaleraz, jakina. Zinez zaila da hizkuntza horretan ezer harrapatzea, azkar egiten dutenean.

Elvasen ez da Olivenzaren aipamenik ageri kaleetan, ez pankartarik, ez manifestazio deialdirik. Hala ere, itzultzeko bidean bi gauza deigarri nabaritu ditut. Errepidean “ESPANHA” dago idatzita, oso letra larriz, haratago beste mundu bat hasiko balitz bezala, “Kontuz ibili” baten antzera adierazia. Eta Elvasetik ikusita, Olivenza ez da Olivenza, Olivença da, eta ez letra larriz, samurrago baizik.

«La raya» edo «a raia» arina da, berriz, fin-fina. Eta CIAri auzi hau nabarmentzea nola okurritu zaion pentsatzen joan naiz, ez baita Gaza, ez eta Malvina irlak ere. Eta beste burutazio bat: honaino etorri ziren espioiek Olivenzako “migak” jango zituzten seguru, ogi apurrekin egindako plater tipikoa, gerra hotsik sumatu gabe.