2025 MAR. 30 - 07:01h GALek Xabier Galdeano tiroz hil zuen duela 40 urte Langile patxadatxua baina fina zen Xabier Galdeano. ‘Egin’ egunkariko sortzaileetako bat izan zen eta Donibane Lohitzunera errefuxiatu joan zenean, Ipar Euskal Herriko albisteak kubritzen lanean aritu zen. Bere azken lana amaitzear zuela tirokatu zuten kalean. Galdeanoren gorpua eraman zuten unea, emaztea eta alabak bertan zirela. (Christian BORDERIE) NAIZ 40 urte dira Xabier Galdeano kazetariak ‘Egin’erako azken lana egin zuenetik. Manifestazio bat kubritu ostean, argazkiak bidaltzera zihoala, tirokatu egin zuen GALek, Donibane Lohitzuneko kaleetan. ‘Egin’ egunkariko sortzaileetako bat zen, eta Ipar Euskal Herriko ordezkaria zen. 1985eko martxoaren 30ean Baionara joan zen lanera, bezperan Café des Pyrenées tabernan izan zen atentatua salatzeko manifestaziora. Argazkiak Hernaniko erredakziora bidaltzeko Baiona-Donostia lineako autobusean utzi behar zituen, baina bere etxetik gertu, Urdazuri auzoan, Citroen markako auto bat pasatu zen ondotik eta tirokatu egin zuten. 50 urte zituen orduan. Albistea azkar zabaldu zen hirian, eta bizilagunak hilketa gertatu zen lekura gerturatu ziren, manifestazio bat inprobisatuz. Poliziak hiltzaileak harrapatzeko plana martxan jarri eta muga itxi arren, ez zuen emaitzarik lortu, eta haien pasibotasunaren aurrean haserrea piztu zen. Tiroketa 19.30ak inguru izan bazen ere, gorpua lurrean egon zen 21.15k arte, alabak eta emaztea alboan zituela. Tentsio handiko uneak bizi ziren, eta CRSak bertaratutakoen kontra kargatu zuten gomazko pilotekin. Auto karabana batek zeharkatu zuen Donibane Lohitzune, protesta moduan. Protestak Hego Euskal Herrira zabaldu ziren albistea zabaldi ahala. ‘Egin’ek gertatutakoaren berri eman zuen xehetasun osoz, eta egunez eguneko jarraipena egin zuen. Lankideek ere hari eskainitako artikulu eder bat idatzi zuten, Galdeanoren patxada azpimarratuz.