2025 API. 03 - 13:39h ‘Minecraft film bat’ pelikula estreinatuko dute bihar euskaraz hainbat zinema-aretotan Zinema Euskaraz programak estreinaldi berri bat ekarriko du ostiral honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat zinema-aretotara: ‘Minecraft film bat’, herrialde harrigarri batera heltzen diren lau lagunen abentura. ‘Minecraft film bat’ helduko da ostital honetan hainbat zinema aretotara. (Zineuskadi) GAUR8 ‘Kaixo Frida!’ filmaren estreinaldiaren ostean, beste titulu bat helduko da asteburu honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pantaila handietara, Zinema Euskaraz programaren barruan: ‘Minecraft film bat’. Ostiral honetan bertan estreinatuko da hainbat zinema aretotan. Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatuko den bosgarren filma da, eta Zineuskadik bultzatzen du. Ekimenak, era berean, euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko sustatzea du helburu. Programa horren bidez, Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak haur eta gazteentzako filmen bikoizketa bultzatzen du, eta euskara sustatzen du zinemaren sektorean. Zineuskadik jaso duen sinopsiaren arabera, eguneroko arazoekin borrokatzen ari diren Garrett 'Zabor-biltzaile’ Garrison, Henry, Natalie eta Dawn moldatu gabeko lau lagunak dira istorioaren protagonista nagusiak. Laurek topo egin eta bat-batean atari misteriotsu batek «herrialde harrigarri» batera eramaten ditu. Etxera itzultzeko, «mundu arraro hori menderatzen ikasi beharko dute», eta Piglins eta Zombies izaki arriskutsuengandik babestu, ustekabeko artisau aditu batekin, Steverekin. Filma Golem Alhondiga (Bilbo), Bastero Kulturgunea (Andoain), Areria zinema (Lazkao), Gurea (Villabona), SADE Cines (Donostia), Cines Florida (Gasteiz), Cines Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Getxo Zinemak (Getxo), Gran Cinema Zugaza (Durango), Oñatiko Zinema (Oñati), Usurbe Antzokia (Beasain), Zelai Aristi Aretoa (Zumarraga), Biteri Zinema (Hernani) eta Modelo Aretoa (Zarautz) aretoetan proiektatuko da.