2025 API. 08 - 13:20h Emakundek dirulaguntza deialdia ireki du asoziazionismoa eta berdintasun proiektuak indartzeko Elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuentzako laguntza lerro bat zabaldu du Emakundek, asoziazionismoa indartzeko asmoz. Maiatzaren 9ra arte jasoko ditu eskaerak, eta informazio saioak antolatu ditu Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Borroka feministaren aldeko eta erasoen kontrako ikurra, Bilbon. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU) GAUR8 Emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuei zuzendutako dirulaguntzen deialdia ireki du astearte honetan Emakundek, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna helburu duen asoziazionismoa bultzatzea du helburu. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 9ra arte egongo da zabalik, eta berrikuntzak ditu, hala nola, bi laguntza-lerro berri baitaude, bata asoziazionismoa indartzeko proiektuetarako eta bestea emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko proiektu estrategikoetarako. Lerro horietako bakoitzak 215.000 euroko zuzkidura ekonomikoa du, jakinarazi du Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak. Deialdi honen beste berritasunetako bat elkarteei laguntzeko zerbitzu bat abian jartzea da, proiektuak egin eta aurkeztean sortzen diren ohiko zalantzak argitzeko. Laguntzak eskatzeko hilabeteko epean –EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera– erakunde eskatzaileek laguntza integrala eskuratu ahal izango dute, proiektuen formulazioari, balorazio-irizpideei edo dirulaguntzaren izapidetze digitalari buruzko zalantzak argitzeko. Nobedade horiek elkarteei zuzenean ezagutarazteko, Emakundek hiru informazio-saio antolatu ditu, bana euskal hiriburu bakoitzean, aste honetan zehar, 17.00etatik 18.30era. Hitzaldia asteazkenean izango da Gasteizen; ostegunean, Bilbon eta ostiralean, Donostian. Erakunde bakoitzak laguntza-lerro bakoitzeko laguntza bakarra jaso ahal izango du, gehienez 8.000 eurokoa asoziazionismoa indartzeko, eta 20.000 eurokoa emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko proiektu estrategikoetarako.