2025 API. 14 - 13:06h ‘Kontzientzia piztu’ droga-kontsumoa prebenitzeko DBH3ko ikasleen proiektua saritu dute Mendebaldea ikastetxeko DBH3ko ikasle talde batek eginiko ‘Kontzientzia piztu’ proiektua saritu du Gasteizko Udalak, droga-kontsumoa prebenitzeko garatutako proposamenagatik. Belaunaldien arteko harremanak, bullying-aren kontzientziazioa edota bizikletak gordetzeko proposamena daude sarituen artean. Mendebaldea ikastetxeko DBH3ko ikasleek garatutako lanaren pantaila-irudi bat. (Gasteizko Udala) GAUR8 Gasteizko Udalak Hiretu-Hiria 2025 saria eman dio Mendebaldea ikastetxeko DBH3ko A taldeak egindako ‘Kontzientzia piztu’ proiektuari. Gazteen artean drogen eta beste substantzia batzuen kontsumoa prebenitzeko hitzaldiak eta jarduerak garatzea proposatzen du egitasmoak.Ostiral arratsaldean Europa Biltzar Jauregian egindako ekitaldian, Gasteizko sei ikastetxetako 200 gaztek baino gehiagok parte hartu zuten. Bertan, ikasleek aurkeztutako 17 proposamen bozkatuenen berri eman zuten.Ana Lopez de Uralde Gazteria zinegotziak eskerrak eman zizkien ikasleei parte hartzeagatik, eta gogorarazi zien «gazteek gizartearen zati garrantzitsu bat ordezkatzen dutela eta beren proposamenek Udalaren erabakiak hartzea aberasten dutela, gizarte inklusiboagoa eta bidezkoagoa eraikitzen lagunduz, tokiko politikek beren beharrak, kezkak eta nahiak islatzen dituztela bermatuz».Ikasleek hiria hobetzeko eta osasunarekin, jasangarritasunarekin, ingurumenarekin, hiriarekin eta herritarren ongizatearekin lotuta landu dituzten proiektuak azaldu zizkieten bertaratutakoei.Herri-bozketa bidezko sariaz gain, ekitaldian ‘Vitoria-Gasteiz Hobetuz Gazte’ programaren barruan 100.000 eurorainoko finantzaketarekin garatuko diren eta teknikariek baloratu dituzten proiektuak ezagutzera eman dira.Ekialdeko DKko DBH3ko ikasleen ‘Belaundiak elkartzen’ proposamena da horietako bat, eta 15.000 euro erabiliko dira LAR Errenazimentuarekin elkarlanean belaunaldien arteko mural bat sortzeko. San Prudentzioko DBH3 B taldearen ‘Bizi(e)tzea’ da hautatutako beste bat. 62.000 euro jasoko ditu egitasmoak, konponketa txikietarako tresnak dituzten bizikletak gordetzeko gune itxi bat prestatzeko.Era berean, Mendebaldeko DBH4ko ikasleen ‘Ezjakintasunaren Zuloa’ proiektuari 6.000 euro emango zaizkio gazteei helduarora iristeko tresnak errazteko, eta Sansomendiko DBH4ko A taldearen ‘Hautsi isiltasuna’ proiektua jarraituz, 15.000 euro inbertituko dira ikasleak bullyingaren aurka kontzientziatzeko eta detektatzen ikasteko.