GAUR8

Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko trenen denboraldia hasiko du ostegunean

Burdinbidearen Euskal Museoak ostegun honetan jarriko du abian lurrunezko tren denboraldia, tren historikoen zirkulazioak eskainiz. Astelehenera arte gutxienez bi irteera izango dira egunero, bat goizean eta beste bat arratsaldean.

Burdinbidearen Euskal Museoaren tren historiko bat, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskotren sozietate publikoaren Burdinbidearen Euskal Museoak 2025eko lurrunezko trenen denboraldiari ekingo dio ostegunean, apirilaren 17an, Azpeitiko instalazioetatik Lasaoko geltokirako zirkulazioekin.

Aste Santuko tren irteerak datorren astelehenera arte izango dira, apirilaren 21era arte, eta gutxienez bi izango dira egunero, 11.00etan lehena eta arratsaldean, 16.30ean, bigarrena.

Museoko instalazioak 10.30etik 14.00etara eta 16.00etatik 19.30era irekiko dira Aste Santuan (apirilaren 17tik 21era, biak barne), Euskotrenek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Apirilaren 22an museoa itxita egongo da, eta biharamunetik aurrera, 10.00etatik 13.30era eta 15.00etatik 18:30era irekiko da asteartetik ostiralera (lanegunetan), 10.30etik 14.00etara eta 16.00etatik 19.30era larunbatetan, eta 10.30etik 14.00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).

Zerbitzu erregularrak

Aste Santuaren ondoren, lurrunezko trenen zerbitzu erregularrak azaroaren 2ra arte funtzionatuko du, eta irteerak 12.00etan eta 17.30ean izango dira larunbatetan eta 12.00etan igande eta jaiegunetan. Gainera, apirilaren 27tik aurrera, ‘Sugina egun batez’ jarduera ere eskainiko da igande eta jaiegunetan, lurrunezko trenean bidaiatzeko aukera ematen duen ekimena, alegia.

Bestalde, Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin: lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak.

Azkenik, EAEko makina-erreminta multzorik osatuenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu.