2025 API. 23 - 12:57h Gaurko egunez jaio zen Maria Luz Morales kazetari aitzindaria Maria Luz Morales kazetaria 1889ko apirilaren 23an jaio zen Coruñan, Galizian, eta gaur 136 urte beteko lituzke. Egunkari espainol bat zuzentzen lehenengo emakumea izan zen, ‘La Vanguardia’ hedabidearen zuzendaria izan zelako, 1936tik 1937ra, 36ko Gerraren hasieran, hain zuzen. Maria Luz Morales idazle eta kazetaria 1915 inguruan. (Wikimedia Commons) GAUR8 Kazetari aitzindaria izan zen Maria Luz Moralesek 136 urte beteko lituzke gaur, gaurko egunez jaio zelako 1889. urtean. Galizian (Coruña hirian) jaio bazen ere, katalana zen bere bizitza osoa Bartzelonan pasa zuelako. Bertan, ‘La Vanguardia’ egunkariko zuzendaria izan zen 1936 eta 1937 bitartean, 36ko Gerraren hasieran, hain zuzen. Horrela, egunkari espainol bat zuzendu zuen lehenengo emakumea bilakatu zen Morales. Kazetaritzan egindako lehen urratsak gaur egun ‘Lecturas’ deituriko aldizkariaren aurrekaria, ‘El hogar y la moda zelakoa’ zuzentzen eman zituen, 1921ean. Urte pare bat beranduago, Don Juan-i eta haurren antzerkiari buruz idatzi zituen saiakera batzuei esker ‘La Vanguardia’-n hasi zen lanean eta 1924ean zine-kritikaren ardura hartu zuen bere gain, Felipe Centeno ezizenarekin –Benito Perez Galdos idazlearen pertsonaia bat– sinatzen. 1931n Bartzelonan Ikasle Andereen Nazioarteko Egoitzako buru izan zen Morales, Isabel Llorachen Club Konferentzian inplikatu zen eta Gabriela Mistral bezalako idazleekin adiskidetu zen. La Vanguardiako zuzendaria izan ondoren eta 36ko Gerra amaituta, 1940ko urtarrilean 40 urtez atxilotu zuten eta kazetari izateari utzi behar izan zion, Frankismoak profesionalki gaitasunik gabe utzi zuelako. Franco hil zenean bizitza publikora itzuli zen eta 1978an kazetari gisa birgaitu zuten.