2025 API. 26 - 00:00h Hiru erregeen mahaia Maddi Txintxurreta Kazetaria / Periodista "Waking life” (Richard Linklater, 2001) pelikulako pertsonaia batek dioen eran, gaztetan, badirudi bizitza noizbait iritsiko dela segurtasunaren goi-ordoki batera, ala, bestela esanda, heriotza ez den beste helmuga edo helbururik baduela munduratu gaituen zori honek. Egun, gazte gara 40 urterekin ere, nahiz eta, egiaz, adina ez den gibelatzen, goi-ordokiok urruntzen baizik; unibertsitateko graduen, masterren, aldi baterako lan prekarioen... muinoen atzetik agertzen dira. Alde onak eta txarrak ditu horrek: 35ekin, gurasoen etxean bizi zara gogoz kontra, baina hipoteka eskatzerakoan deskontua eskaintzen dizu Kutxabankek. Helduen bizitza gezur bat dela dio lagun batek, eta hala da, gazteegi konturatu ginen goi-lautada horrek ez duela Gorbeiaren antzik, ez eta, Udalatxen gertatzen den bezala, tontorra iritsi duzula konfirmatuko duen gurutzerik. Hala ere, goi-ordokiok ez direla existitzen konturatzean, inor ez da une eta urrats horretan hondartu. Nork bere erara ibiltzen ditu tokatu zaizkion maldak. Batzuek zakarra botatzen dute bidean. Beste batzuek ez dute ingurua zikintzen. Eta gutxi batzuek besteen zaborra jasotzen dute. Baina denok gaude bidean. “Bizitzaren esanahia, beraz, esanahidun bizitza da”, dio Linklaterren filmeko beste pertsonaia batek. Kontua da bizitza bera eraldatu egiten dela eta, hortaz, ez dela existitzen esanahi kolektiboa ziurra den unerik. Tokian tokiko eta unean uneko inertziak ulertu ezean, batek Larhunera egingo du putz, besteak Beriainera, eta hiru erregeek mahaian segituko dute, haiek tronugabetzeko planen brisak leunki orraztuta. Iraganeko postaletan lanaren bertsio erromantikoa ikusten dugu, erakusten digute behinola ezerezetik eraiki zituztela etxeak eta familiak, gogorarazten, kasurako, hainbat langile konprometitu zirela egunkariak egitera hilabete luzez kobratu ez zuten arren. Eginahal miresgarriak dira zalantzarik gabe, halakorik egin ez balitz askoz atzerago geundeke. Baina horretara bueltatzeko beharrik ez izatean datza aurrera egiteak. Soldatapeko lanak militanteak izan daitezkeela defendatzen badugu, eta ados nago horrekin, kontraesankorra deritzot baieztatzea lan horietako baldintzak hobetzeko borroka egiteak militantziaren intentsitatea edo engaiamendu politikoa galtzea dakarrela. Hitz magikoa darabilgu: indibidualizazioa. Eta ez zaigu arrazoirik falta. Baina kontuan izan behar dugu ekaitz horrek mundu guztia harrapatzen duela azpian, ez gazteak bakarrik. Iraganaz ikasten jakitea garrantzitsua da, formula berriak probatzeko prest egotea bezainbeste. Maldak arintzeko anbizioa alferkeriaren kontrakoa da, baldin eta langile guztientzat arintzen badira, eta goi-gailur berriak irudikatzea beharrezkoa da. Hortaz, bizitza agintzen duten hiru erregeetatik (lana, lana eta lana) gutxienez bi tronugabetzea erabat politikoa izan daiteke, eta bide horrek ez dakar, halabeharrez, engaiamenduaren galerarik. Alderantziz, esango nuke: bizitzeko baldintza egokiek (ez naiz erosotasunaz, konfortaz, ari) sor ditzakete begirada luzeko politika sosegatuak planteatzeko eszenatokiak. Bizitzaren esanahiaren bila sator-zulo guztiak arakatzen dihardugun bitartean, “Waking life”-eko esaldiekin jarraituz, nago ezinbestekoa dela “zoriontasunaren ideia sistematikoki zalantzan jartzea”. Zoriontasunari lagundu diezaioke soldata altuago batek, opor luzeagoek eta, baita ere, herritar guztiek jasoko dituzten zerbitzu publikoak kalitatezkoak izateak. Esango nuke bide horretan ari direla, guztion onurarako, hezkuntza publikoko grebalariak. •