GAUR8

Gaur 75 urte hil zen bizitza harrigarria izan zuen Andre Perchicot lapurtarra

Andre Perchicot pistako txirrindulari eta abeslaria Baionan jaio zen 1888an eta leku berean hil zen, 1950eko maiatzaren 3an. Lehen Mundu Gerran hegazkinlaria izan zen eta, bere hegazkina bota zutenean, hanken mugikortasuna galdu eta abesteari ekin zion. Abesti ospetsu ugari grabatu zituen.

Andre Perchicoten erretratua. (WIKIPEDIA)

Andre Perchicot lapurtarrak bizitza txundigarria izan zuen. 1888an Baionan jaioa, Ingeniaritza ikasketak egin zituen. Gazte zela, bide polita egin zuen pistako txirrindulari bezala. 1912an Parc des Princesen abiadura txapelduna izan zen, eta Munduko Txirrindularitza Txapelketan hirugarren egin zuen Newarken, AEBtan. 1913an Europako abiadura txapelduna izan zen, eta munduko hirugarren berriro ere Leipzigen, Alemanian.

Lehen Mundu Gerra heldu zen, ordea, eta pilotu ibili zen. 1916an bere hegazkina bota zutenean, hanken mugikortasuna galdu zuen, bizkarrean min hartzeaz gain. Osatzen ari zela abesteari ekin zion, bere kideen animoa altxatzeko. Ezingo zuenez berriro lasterketarik korritu, abeslari gisa hasi zen.

1921 eta 1939 artean 200 arrakasta baino gehiago grabatu zituen, ‘C'est pas possible’, ‘Demain’, ‘La grande Rouquine’, ‘Quand on aime on a toujours vingt ans’ eta ‘Le Béret’ tartean.

1930eko hamarkadan hainbat bira egin zituen Europan, Afrikan eta Ekialde Hurbilean. Berrogeita hamar bat laguneko taldea mugitzen zuen biretan. Txinara joan zen, eta baita Asiako beste leku batzuetara ere. Arrakasta horri esker, diru asko egin zuen eta jakina da Pariseko eskualdean etxe asko erosi zituela, bi itsasontzi, hainbat automobil eta autobus konpainia bat ere bai Baionan.