2025 MAI. 03 - 00:00h Trenbide berria inauguratzeko, Nazioarteko erakusketa Baionan (EGILE EZEZAGUNA. FBS FUNDAZIOA.) Juantxo EGAÑA 1864ko udan, Madril, Irun, Baiona eta Paris lotzen zituen trenbidearen inaugurazio ofiziala izan zen Donostian. Anbizio handiko proiektu hori mugarri izan zen komunikazioetan. Gertakari garrantzitsu horren karietara, Baionako Udalak, hiriko Merkataritza Ganberarekin batera, Nazioarteko Erakusketa garrantzitsu bat antolatu zuen Lapurdiko hiriburuan urte hartako udan. Lehen aldiz egin zen ekitaldi honek 8.000 metro karratu inguruko azalera hartu zuen, mugaren bi aldeetako merkatari, artisau, artista, enpresari eta bisitarientzako topagune bihurtuz. Erakusketa bi atal handitan banatuta zegoen: bata nekazaritzakoa eta bestea industriakoa, 100 erakusle baino gehiagorekin. Arte Ederretako txikiago bat ere bazen, margolariak, grabatzaileak eta argazkilariak biltzen zituena. Erakusketak iraun zuen bitartean, antolatzaileek katalogo bat argitaratu zuten, parte-hartzaile guztien zerrenda jasotzen zuena. Gainera, Erakusketan zehar aldizkari bat argitaratu zen, 12 ale izan zituena eta itxiera egunera arte banatu zena. Edizio bakoitzak 6.000 aleko tirada izan zuen, eta helburua erakusketarien berrikuntza komertzialak nabarmentzea zen. Erakusketa-eremuetako bati ateratako goiko irudia erakusketaren argazki-album baten parte da, egile ezezagunekoa.