2025 MAI. 04 - 08:02h Gaur mende bat jaio zen Ruth First apartheidari aurre egin zion kazetari eta idazlea Ruth First Hegoafrikako kazetari, idazle eta ekintzaileak apartheidaren kontra egin zuen bizi osoan. Gaurko egunez sortu zen, duela mende bat, Johannesburgon. 57 urte zituela, hil egin zuten Mozambiken, lan egiten zuen Unibertsitatean. Bere izenean heldu zen gutun-lehergailu bat zartatu zitzaion. Ruth Firsten pasaporteko argazkia. (WIKIPEDIA) GAUR8 Letoniatik Hegoafrikara iritsitako jatorri juduko familia batean jaio zen Ruth First. Bere gurasoek, Julius First eta Mathilda Levetanek, Hegoafrikako Alderdi Komunista sortu zuten 1921ean. Unibertsitatean zegoelarik, Firstek Ikasle Aurrerakoien Federazioaren sorreran parte hartu zuen. Bertan, Nelson Mandela, Eduardo Mondlane, Mozambikeko Askapen Fronteko lehen agintaria, eta ondoren bere senarra izanen zen Joe Slovo ezagutu zituen. 1940ko hamarkadan, Alderdi Komunistan militatzen hasi zen, baita ‘The Guardian’ astekari ezkertiarrean editore lanetan ere. Bigarren Mundu Gerraren amaieran Hegoafrikan babeslekua aurkitu zuten nazien presentzia irmoki salatu zuen, eta kolonizatutako herrien independentziarako eskubidea defendatu zuen. 117 egunez isolaturik 1963an, Alderdi Komunistako eta Afrikako Kongresu Nazionaleko beste kide batzuekin batera atxilotu zuten. Epaiketa horretan Nelson Mandela, Walter Sisulu era Govan Mbeki ekintzaileei hil arteko espetxe zigorra ezarri zieten. First 117 egunez isolaturik izan zuten. Esperientzia hura ‘Hundred Seventeen Days’ (117 egun) liburuan kontatu zuen. Errepresiotik eskapo, Londresen errefuxiatu eta apartheidaren kontrako borrokan sartu zen berriz ere. 1978ko azaroan Maputoko Eduardo Mondlane Unibertsitatean hezkuntza ikerketa programaren zuzendari kargua onartu zuen. Handik ere, bere herriak oraindik pairatzen zuen apartheid erregimena amaitzeko borrokan jarraitu zuen, harik eta Hego Afrikako Craig Williamson polizia nagusiaren aginduz, 1982ko abuztuaren 17an hil zuten arte, bere izenean unibertsitatera igorritako bonba-gutun bat ireki eta eskuetan eztanda egiterakoan. Craig Williamson eta Roger Raven hilketa horretatik amnistiatu zituzten.