GAUR8

Gaur urte bete hil zen Cesar Luis Menotti futbol entrenatzailea

Gaur urte bete hil zen Cesar Luis Menotti, ‘El flaco’, Argentinako eta mundu mailako futbol entrenatzaile garrantzitsuenetarikoa. Futbolaren intelektuala eta filosofoa ere bazen, eta esaldi ikonikoak bota zituen. Horietako bat: bizitzan legez, ezkerreko eta eskuineko futbola dagoela.

Cesar Menoti (eskuinean), Ernesto Duchini eta Diego Armando Maradonarekin. (WIKIPEDIA)

«La mejor defensa es un buen ataque» bota omen zuen 1978ko Munduko Txapelketan Cesar Luis Menottik (Rosario, 1938ko urriaren 22 - Buenos Aires, 2004ko maiatzaren 5). Esaldia, ordutik, guztion imajinarioan gelditu da txertatuta. 1978 hartan, Argentina lehen aldiz munduko txapeldun izatea lortu zuen entrenatzaileak, nazioarteko kirolaren errespetua irabazi zuen erasoan oinarritutako bere estiloari esker. 

Futbolaren intelektuala eta teorikoa bihurtuta, nazioarteko futbolean ibilbide oparoa egin zuen. Menottik Barçan egin zuen lan, era berean, eta han Diego Armando Maradonarekin egin zuen topo. Hainbat hamarkadatan zehar, jokoa ulertzeko modu baten defendatzaile sutsua izan zen eta Marcelo Bielsa, Pep Guardiola edo Lionel Scaloni bezalako entrenatzaileetan eragin handia izan zuen.

Ospetsua da bere teoria nagusiena, hau da, ezkerreko futbol bat eta eskuineko beste bat daudela. Bere ikuspegiaren arabera, fantasia, talentua eta grina ezkerrekoak izan dira betidanik; merkatuko balioekin kontrajarriak zeuden baloreak, alegia, emaitzak baino ez baitzaizkio interesatzen merkatuari.

Hemen bere beste esaldi bat: «Pilota da, jokalarientzat, poetentzat hitzak diren bezalakoak, batzuen oinetan edo buruan, artelan bihurtzen baita. Futbolak eman didan gauzarik garrantzitsuena da adierazteko modu bat aurkitu nuela».

Filosofoa zen benetan, hemen beste adibide bat: «Kontraerasoa maitasuna bezalakoa da: aurkitu egiten da. Ezin duzu planifikatu. Sortu egiten da, ez da aurreikusten».
Eta azkena: «Jokalariak kantxara sartu behar du bere ariman zera sentituz: bera dela negozio horri eusten dion publikoaren grinaren ordezkaria. Niri ez zait axola zenbat diru irabazten duen Joan Manuel Serratek. Niri axola zaidana da idatzi zuenari leial izaten jarraitu duela. Ez litzaidake batere gustatuko Serrat ikustera joan eta bi vedette ipurdia erakutsiz ateratzea, horrek bai emango lidakeela min handia. Ez dut nahi futbola ipurdia erakusten hastea».