GAUR8

Su Ta Gar, Süne, Puro Relajo eta Tanxugueiras Galdakaoko jaietan, herritarrek aukeratuta

Azken urteetan ezarritako prozedura jarraituz, galdakoztarrek Santakurtzetako kontzertu nagusietan joko duten taldeak aukeratu dituzte bozken bidez: Su Ta Gar, Süne, Puro Relajo eta Tanxugueiras. Guztira, 1.285 boto eman dituzte.

Süne, ZEIDFest jaialdian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Aurten ere herritarrek hautatu dituzte Galdakaoko jai nagusiak diren Santakurtzetan izango diren kontzertu nagusiak, azken urteetan abian jarritako parte hartze prozesua jarraituz. Hiru hilabeteko iraupena izan du prozedurak, fase ezberdinekin.

Lehen fasean euren talde gogokoenak proposatu dituzte herritarrek. Horien arabera udal teknikariek «aukera posibleak» aztertu dituzte eta ondoren, «baldintzak bete dituzten talden artean aukeratu dute herritarrek, botoa emanda», azaldu du ohar batean Udalak.

«Bigarren ostiraleko kontzertuari dagokionez, Jai Batzordearen esku geratu da hautaketa» eta hura osatzen duten kuadrillek eta taldeek «proposatu eta botoz aukeratutako taldea izango da Ardanzan arituko dena», zehaztu dute udal gobernu taldeko iturriek.

Aurten, irailaren 12an hasiko dira jaiak eta 21era arte luzatuko dira. Aukeratutako lau taldeek osatuko dute Ardanza Parkean izango diren kontzertu nagusien kartela. Bi asteburuetan banatuko dira kontzertuak, ostiral eta larunbat gauetako emanaldietan.

Su Ta Garrena izango da lehen kontzertua, irilaren 12an. Irailaren 13an joko du Sünek; 19an Puro Relajoren txanda izango da, eta Tanxugueiras talde galiziarrak itxiko du kontzertuen kartela, 20an.