GAUR8

Hegazti migratzaileen nazioarteko eguna ospatuko dute igandean Urdaibai Bird Centerren

Sarrera doakoa izango da igandean Urdaibai Bird Centerren. Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna ospatzen dute maiatzaren eta urriaren bigarren larunbatean, eta ospakizunekin bat eginez hainbat jarduera egingo ditu hegaztien kontserbaziorako zentroak 10.00etan hasita.

Urdaibai Bird Center, Arteagan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Urdaibai Bird Centerrek Hegazti Migratzaileen Munduko Eguna ospatuko du igandean (maiatzak 11). Aurten, gizakien eta hegaztien arteko «koexistentzia osasuntsua» beharrezkoa dela nabarmenduko dute ospakizunetan.

Prestatutako jarduerak 10.00etan hasiko dira. Eraztun zientifikoak jartzeko jardunaldia egingo dute publiko guztiarentzat, eta sarrera doakoa izango da egun osoan zehar. «Hegazti migratzaileak Urdaibaira iritsi izana ospatu behar da. Espezie asko hartzeko pribilegioa dugu, besteak beste, koartza inperiala, mokozabala, birabarkia, enara edo uhalde-enara», azaldu dute komunikatu batean.

Aurtengo kanpainan, Bizkaiko Foru Aldundiak, Lakuako Gobernuak eta BBK fundazioak parte hartuko dute, eta hegazti migratzaileen populazioak «hirietatik herrietaraino» bultzatuko dituzten komunitateak eta inguruneak sortzea izango dute helburu.

Paradisu txiki bat

Giza jardueren ondorioz hegazti migratzaileek dituzten erronka ugariei buruz kontzientziatzea da helburua, eta zentroak «hiri-plangintza estrategiko baten eta kontserbazio-ahaleginen alde egiten du, hegaztiekiko errespetuzko praktikak txertatuz».

Horren adibide dira, azaldu dutenez, Gautegiz Arteagako padurak, Urdaibai Bird Centerrek kudeatzen dituenak. «Paradisu txiki bat bihurtu dira giza eragozpenetatik salbu. Hemen, hegaztiek urtez urte egiten dituzte migrazioak. Udaberrian eszena zoragarriez goza daiteke: birabarkiak hazten, borrokalariak elikatzen edo garaile nekaezinak paduraren gainetik hegan», nabarmendu dute hegaztien kontserbazio eta behaketa zentrotik.